...Eta Kitto Euskara Elkarteak antolatuta 2022-09-07
Arrateko (Eibar) bertso afaria urteko ekitaldirik jendetsuenetakoa da formatu horretan eta aldaketekin dator gaur. Urte askotan 200 lagun bueltan elkartu izan ditu eta pandemia aurretik ere ehundik oso gora bildu izan ditu. Afari giroa eta jaialdi formatua uztartzen dituen ekitaldia da eta arrakasta handia du. 1993an egin zen lehenengoz ... eta kitto Euskara Elkarteak antolatuta, irailaren 7an, Arrate Egunaren bezperan. Geroztik etenik gabe egin izan da, 2020an pandemiagatik izan ezik. Leku finkoa izan du bertso afariak. Kantabria jatetxean egin izan da beti. 2021an, elizan eta arratsaldez, covid neurriek behartuta. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Juan Mari Narbaiza eta Angel Mari Peñagarikano aritu ziren bertsotan duela 29 urteko lehen aldi hartan. Egañak lehenengo txapela jantziko zuen urtea zen.
28 urteetan Egaña eta Lizaso ia urtero
Arrateko saioan Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak parte hartze berezia izan dute. Gehienetan bi horiek ziren urterokoak eta bi beste biak aldatzen ziren. 25 urtetan izan da Lizaso eta 24tan Egaña, ...eta kitto Euskara Elkarteak Bertsoa.eus-i azaldu dionez. Hasierako urteetan Mañukorta ere urtero izaten zen. 10 aldiz kantatua da Gregorio Larrañaga zendu berria.
Beste aldaketa eta mugarri bat: 2017an izan zen lehengoz Arrateko bertso afari hau parekidea. Geroztik, hala izan da 2019an eta 2021ean, eta aurten ere halaxe izango da.
Toki berria eta aldaketa bertsolarietan
Kantabria jatetxea ekainean itxi zutenez, aurten bertso afaria lekuz aldatu beharra etorri da. Arraten bertan dagoen Tiro pitxoiko jangelan egingo da bihar. «Aurtengo toki aldaketa aprobetxatuz, bertsolariak ere aldatzea erabaki zen» adierazi dio ...eta Kittok Bertsoa.eus sareko plazari. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Sustrai Colina ariko dira gaur kantuan, Jon Mikel Mujikak gaiak jarrita.
Toki berria aurrekoaren erdia da edukiera aldetik eta 90 lagun sartzea aurreikusten dute aurten, jangela betez.
Zaleen profila ere aldatzen
Bertso afariko bertso entzuleen profila ere aldatzen joan da urteotan, antolatzaileen esanetan: «Lehen urteetan baserritar eta jende heldua zen gehiengoa. Azken urteetan dezente gaztetu da entzulegoa eta kaletar gehiago ikusten da».
Aldaketak aldaketa arrakastari eutsi izan diote Arrateko bertso afarian urte askotan eta aurtengoak ere osagai guztiak ditu hala izateko.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24