Andoni Rekondo - Lizardi Sariko txapeldunordea 2022-09-07

Kirol kazetari baten bertso esprinta

2022/20220902zarautz/xdz4_gra_20220905_andonirekondo_elkarrizketa_lizardi_2.mp3.mp4
Bertso munduak bertsolari berri bat deskubritu du azken 10 egunotan: Andoni Rekondo 22 urteko kirol kazetari hernaniarra. 19 urterekin hasi zen bertsotan lagunartean eta bere lehen sariketan txapeldunorde gelditu da Lizardin. Bertso onenaren saria irabazi zuen.

Bertso munduak bertsolari berri bat deskubritu du azken 10 egunotan: Andoni Rekondo 22 urteko kirol kazetari hernaniarra. Hiru urteotan esprint ederra jo du. Azken momentuan ordezko gisa deitu zioten Lizardi Sarirako eta kanporaketa irabazi egin zuen. Irati Alcantarilla, Xabat Illarregi, Naia Arrizabalaga, Ane Beloki, Oier Etxeberria eta Libe Goenaga izan zituen kantukide. Joan den ostiralean, finalean, txapeldunorde gelditu zen, txapeletik bi puntura. Horrez gain, berak irabazi zuen bertso onenaren saria. Aner Euzkitze, Gorka Pagonabarraga, Naia Arrizabalaga, Aitor Tatiegi eta Oier Etxeberria izan ziren finaleko beste bostak.

2019ko irailean Hernaniko gaztetxeko bertso taldean
Postuak postu, bere ezohiko bertso ibilbidea da galdera ikurra piztu duena: nola egin da hori bertsolari? Andoni Rekondok Bertsoa.eus-i adierazi dionez bera ez da izan bertsozale itsu eta amorratu horietakoa, Txirritaren edo txapelketetako finaletako bertso denak buruz dakizkien horietakoa eta bertsoa burutik kentzen ez duena. Teoria horrek ez du Rekondoren kasua azaltzeko balio.

Duela 3 inguru «erdi kasualitatez» kuadrillan afalondoko giroan koplaka hasi ziren. Han somatu zuen Rekondok erraztasuna zuela bertsotarako eta bere lagun batek animatuta Hernaniko Gaztetxeko bertso taldean hasi zen, 19 urterekin. «Elkarri gaiak jarri eta kantatu».

Hiru-lau hilabeteren buruan, 2020ko urtarrilean, Hernaniko Tabernetako txapelketa etorri zen eta irabazi egin zuen. Bere lehenengo plaza izan zen hori. Hortik aurrera serioxeago heldu diola aitortu du Hernaniko bertso eskolako kideekin ere bildu izan dela.

Hiru urteko bertso esprinta jota, poz handia hartu du Rekondok Lizardi Sariak eman dion hauspoarekin eta bertsoa lantzen jarraitzeko gogotsu dagoela aitortu du.



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri