Elkar ezagutzeko helburuz 2022-09-08

Bertsolari edo bertso munduko juntadizoa Zerainen

2022/20220906zerain/goiozeko_saioa.mp3.mp4

Bertso Egunaz gain, aspaldikoak dira bertsolari eta bertso munduko jendea elkartzeko egun bereziak, garaian garaiko talde eta inguru ezberdinek bultzatuta. Joan den mende bukaeran eta honen hasieran Antzuolan izan zen urte luzez, futbol partida baten bueltan. Beste zenbait herrietara ere zabaldu zen gero. Azken 10-15 urteetan Zumaian ia urtero egin izan da Arraun Eguna ere deitu izan zaiona: eguerdian arraunean egin, bazkaria, bertsoak eta gero gerokoak.



Asteartean Zerainen (Gipuzkoan) 90 lagun inguru bildu ziren egun pasa, Oiharte Sagardotegian, urteroko elkartze horri jarraipena eman eta elkarrekin lasai egoteko asmoz. «Elkarrekin egoteko aukera gehiegirik ez dugu izaten» azaldu dio aurten antolakuntza lanetan aritu denetako batek. Plazan nekez elkartuko diren bertsolarien arteko elkar ezagutza eta harremana indartzea ere izan da helburuetako bat. Egunak berak horretarako aukera eskaintzen du eta antolatu zituzten bi bertso saioetan ere ideia hori hartu dute aintzat.

Bazkalaurretik eta ondoren saioak
Bertsolari eta bertso mundukoak elkarrekin egoteaz gain bertsoak ere izan zuen bere presentzia. Bazkalaurretik eta ondoren saioak izan ziren. «Bestela plazan elkartuko ez liratekeenak elkarrekin kantuan jartzea izan da ideia nagusia» azaldu digu antolakuntzan ibili den bertsolarietako batek.



Publikoa, goizeko saioan.

Hala, goizean, Millan Telleria, Aroa Arrizubieta, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II. eta Maddi Aiestaran elkarrekin aritu ziren bertsotan. Arratsaldean, Aitor Bizkarra, Eusebio Igartzabal, Maddi Sarasua, Joxe Luis Gorrotxategi eta Aner Euzkitze aritu ziren. Xabier Amurizak propio egunerako jarritako koplak kantatu zituen eta Imanol Lazkanok ere bi bertso sorta kantatu zituen buruz.


Ezkerretik, Eusebio Igartzabal, Joxe Luis Gorrotxategi, Maddi Sarasua,
Aitor Bizkarra eta Aner Euzkitze.



Imanol Lazkano, bertso jarriak kantatzen Zerainen.

Jarraitzeko asmoz
Ia 100 lagun bilduta, datorren urtean ere jarraipena asmoz azaldu dira, urtero talde eta inguru desberdin batek antolakuntza ardura hartuaz.

(Argazkiak: Itxaso Mendiluze)

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu