Ernest Alkat 2008-02-20
Berria egunkarian egindako elkarrizketa
Xan Aire
Armendaritze
Leiho tindan ari da Ernest Alkat (Iholdi, 1951), Laharraga bere etxean. Tresna zaharrek apaintzen dituzte baratze eta hormak. Nagusia bezalako etxea: irribarretsu, garai hobeen oroimina zintzilik.
Iholdiarra, Armendaritze (Baxenabarre) auzo-herrian bizi zara, urrun joan gabe.
Iholdin sortua, bai, eta nonbait iholdiarra ere sentitzen neure burua. Baina bizia beti Iholditik kanpo eramana. Bizpahiru urtetan partitu nintzen herritik, aita-amekin, Bithiriñara (Baxenabarre). Nire aitatxi-amatxiak beti Iholdin geldituak, eta guk haien etxean pasatzen genituen oporrak. Eta guretzat paradisua zen... Eta Iholdirentzat beti amodio berezi hura izan dut. Bost eginahalak egin ditut Iholdin kokatzeko. Ez naute biziki lagundu lan horretan, eta Armendaritzen kokatu naiz, duela 30 urte. Beti nire Iholdi gogoan. Norbaitek galdegiten didalarik armendariztarra ala iholdiarra naizenez, beti halako duda bat dut. Denborarekin armendariztarra bilakatu naiz, nahiz eta Armendaritzen kanpotik etorri jendeek baduten beti kanpotiar itxura.
Herri txikietan, hala gertatzen da maiz...
Bai, horrela zen orain arte.
Armendaritzera jin arte, non ibili zara?
Lanarengatik Baionan. Gero, etxe zahar bat konpondu nahiz ibili ginen. Lau aldiz tratuan aritu ginen Iholdin. Zoritxarrez, ez genuen lortu, eta Laharraga erosi genuen, azkenean. Orain hemen gaude, eta Jainkoak nahi badu, hemen bukatuko dugu gure bizi xumea.
Baionako biziaz zer oroitzapen duzu?
Nik Baiona maite dut! Baiona Ttipia, oroz gainetik. Nik bezainbat, nire andreak ere. Nik baino pena handiagoarekin utzi du Baiona. Etxean bezala ginen. Mugerreko ikastolaren sortzean parte hartu genuen, Mugertarrak kultur taldean ere parte hartu genuen. Oroitzapen xoragarriak ditut. Armendaritze baino hobeki ezagutzen dut Baiona Ttipia! Baina ez nuen nahi, anitzek bezala, erretreta hartu eta jin etxe zahar honetara. Gozatu nahi nuen, hemen bizi nahi nuen.
Herri txikietan sutsuak izateko fama dute hauteskundeek. Saiatu zara, behin ere, ariketa horretan?
Nik ez dut behin ere herriko hauteskundeetan sudurrik sartu. Armendaritzen, kanpotik jina den batek ez du sudurrik sartu behar. Non eta ez den eskatua. Hori da hemengo legea. Egia errateko, behin, Iholdin, bakarrik aurkeztu nintzen. Uzten diet lekua. Ez naiz batere jeloskor. Batzuetan banituzke gauzak eskaintzeko, galdetzeko. Baina horiek beti egin izan ditut bertsoen bidez. Batzuetan goizegi, besteetan berantegi ere. Baina herriko ordezkariak miresten ditut. Baina badut beldurra, luza gabe, ongi ordaindu beharko direla. Eta ez da bolondres handirik izanen.
Hala agertu da aurten herri txikietan, batez ere zailtasunak dituztela aurkezteko prest den jendea aurkitzeko.
Dudarik ez da. Begira, laborari bat. Ez du huts egin behar bere laborantza, eta beste kargu bat izanez gainetik... Eta ez nolanahikoa! Destenoreetan ibili behar du, ororen buru, ohore pixka batentzat? Ohore gehiegik ohorea hausten du.
Ahal guti dute barneko herri txikiek...
Hori da. Eta gutirekin, ahal dena egin behar da. Zerbait ihardesteko, goiz aski jo behar da atean. Eta behar den atean jo behar da, gainera. Zoritxarrez, abertzale batek abertzale ez direnekin, eta osoki finak ez direnekin, uztartu behar du. Eta hortik zerbait laguntza ihardetsi.
Nola ikusiak dira abertzaleak hemen?
Ezagupen zerbait ukaiten hasia da abertzaletasuna. Abertzaleetan ere, badira ezkerrekoak eta eskuinekoak. Ni prest nintzateke bi aldeko abertzaleak hartzea, eta horiekin zerbait egitea. Ez dut maite bereizkuntza hori. Denetan badira onak eta txarrak. Jendearen nortasunari begiratzen diot lehenik. Baina denek elgarrekin, herriaren eta gure haurren geroaz oroituz, lan ona egiten ahal litzateke. Aspaldi baztertu beharrak dira Xuri eta Gorrien arteko istorio zaharrak! Atzokoaz balia gaitezen biharkoa egiteko.
Eta euskarak, zer etorkizun du hemen?
Euskara izan da gibelago. Gu, gure denboran, Daniel Landartekin eta, «enbata zikinak» ginen. Gauzak aldatu dira. Euskara halako errespetua ari da biltzen. Gu Baionatik etorri ginenean, haurrak ikastolan zituzten bakarrak ginen. Donapaulera eramaten genituen. Orain autobusa pasatzen da Armendaritzetik, haurrak ikastolara eramateko. Gure etxe aitzinetik pasatzen zen lehen ere... Ez dakit nola deitzen den hori, segregazioa, arrazakeria... Betiere, orain, familia berriak daude, haurrak ikastolan ezarriko dituztenak. Guk erein haziak muskiltzen eta sortzen ari direla ohartzen ari gara.
Euskararen gaiarekin segitzeko, zuk bertso bat eman izan duzu frantsesez...
Bai, Xalbador zenaren aitzinean. 1972ko agorrilaren 14an. Baigura mendiko Lekorneko partean (Baxenabarre), dantzaleku bat bazen. Bertso saioa beharra zen: Xalbador, Mattin, Xanpun eta Ezponda. Nik 20 bat urte nituen denboran, eta grabagailu bat eskuan hurbildu nintzen. Garai haietan, orain baino kanpotiar gehiago ibiltzen zen. Kanpotiarrez betea zen lekua. Eta Xanpun, Ezponda eta Mattin ez ziren agertu. Xalbadorrek galdegin zidan: «Eginen dituka zonbait bertso?». Pentsa zer plazera izan nuen! Aritu ginen eta, denbora baten buruan, frantsesez aritzeko galdegin ziguten kanpotiarrek. Nik, denboran, frantsesa ontsa ematen nuen. Eta hau bota nuen:
Tous ces estivants, les voyant ici, me faisant, oh, vraiment pitié
J'essaierais de chanter en français, pourtant me voici embêté
Ils n'ont pas appris notre langue, connaissent le français à moitié
Je veux tout de même qu'ils partagent cette ambiance et cette gaité
(Udatiar hauek, hemen ikusteak, zinez pena egiten dit
Frantsesez kantatzea saiatuko nintzateke, baina kezkaturik nago
Gure hizkuntza ez dute ikasi, frantsesez ere gaizki dakite
Dena den, hemengo giroa eta alaitasuna dasta dezaten nahi nuke)
Nire denborako txalorik handienak orduan izan nituen! Kanpotiarrek emanik. Baina Xalbador erantzunaren prestatzen ari zela ikusi nuen, sudurra gisa berezi hartan mugitzen zuela:
Adiskidea ezarri nauzu bihotz barnetikan joa
Zu horrela entzuteko gaur nik ez bainuen gogoa
Erran nezake ez ote ziren mundurat sortu xoroa
Baigurak ez dizu barkatuko egin diozun laidoa.
Eta orduan, han ziren euskaldunek txalotu zuten. Nire erantzunaren bukatzeaz baizik ez naiz oroitzen. Frantsesez bukaturik ere ez zitzaidala itsusi, horrela lekondarrek zutela pixka bat ikasi. Eta, Xalbadorren erantzuna:
Zure eskuarak ez daut ez egin aipatu dutan laidoa
Ibili duzun frantsesari eman diot behakoa
Konprenditu gabe gelditu da hor kanpotiar gaixoa
Zure frantsesa ere baita eskualdunen artekoa.
Gero, ostatu xokoan, gurea segitu genuen. Belaun gainean pausatu zuen bere boneta Xalbadorrek. Bururik ez zuenak ez zuela bonet beharrik erran nion nik. Xalbadorren arrapostua: «Zu ere naski, Alkat, klase hortarik zaitugu. Gizon batzuek ez dute izaten ez bonet, eta ez buru». Xalbadorrekin egin lehen urratsak horiek nituen.
Beti erraten duzun bezala, ez zuen oparirik egiten Xalbadorrek.
Ez zen opari egiteko sortua ere! Erakaspen ona utzi du. Baina beldur ginen. Mendibururekin aipatua izan dugu hori, berriki. Mattinekin errazago zitzaigun kantatzea, Xalbadorrekin baino. Mattinek botatzen zuen berea, eta kito. Baina Xalbadorrekin... Hain zen barnatik heldu... Ez genekien sekula zer zen. Erakarpena, trufa... Ez gaitu lagundu, hori ez. Eta gurekin fini zela bertsolaritza erraten zuen. Bertsotan ikasi nahi duen gaztearentzat, gogorra da hori entzutea! Gaur egun, gazteria ederra dago, ordea. Eta guk ez diegu trabarik egingo. Eta ez nuke horrelakorik entzun nahi. Funtsean, ez dakit zertan lagunduko ditugun, guk baino gehiago dakite!
Orain baino herrikoiagoa zen bertsolaritza zuen denboran?
Bai, nonahi aritzen ahal ginen. Herri guzietan bazen norbait bertso bat emateko gai zena. Gero, txapelketak sortu ziren. Beharrezkoak direla onartzen dut. Baina txapelketa neurtze bat da. Anitz baztertu behar dira zenbaitzuen atxikitzeko. Eta baztertu horietan, badira txapeldunak bezain bertso onak botatzen dituenak! Ez beti, baina hala ere... Ni loriatu izan naiz ezaguna ez zen bertsolari batekin! Txapelketak galdu du bertsolaritza herrikoia. Nire iduriko, biak beharrezkoak dira, eta herrikoia berpiztu beharko da. Herrikoi hori atxiki bagenu, Iparraldean ere bertsolari gehiago izango zen gaur egun. Lagunartean goxoki, bertsolariak beldurra galtzen du.
Zuk Nafarroako Txapelketa irabazi izan duzu. Ohore bat izan zen, hala ere, ezta?
Bai. Eta Hegoaldeko eta Iparraldeko bertsolariek elkar ezagutu dugu txapelketekin. Eskolak ere sortu dira. Baina gazteek ez lukete dena Hegoari eman behar. Hemengo barnealdeari ere beharko lukete dastarazi. Gaur egun, euskara batua da nagusi, Hegokoa. Ez dut erran nahi gureak nagusitu behar duela, baina errespetua behar du.
Bertso eskolek zer irakasten diete gazteei, bertsotan ala txapelketan aritzen?
Txapelketako bertsolaritza irakasten dute. Hegoaldean, edozein ikastolatan, hamabost bertsolari atzemanen dituzu, lagunak direnak. Joanen dira auzo-herriko bestetara, eta arituko dira bertsotan. Hemen, behar litzateke han eta hemen hartu, Iparraldean. Gazte horiek ez dute elkar ezagutzen. Ahulezian gara. Lagunak balira, egunero elkar ikusten balute, zerbait egiten ahal litzateke. Nire denboran, Kanboko (Lapurdi) Xalbador Ikastegian bertsolaritza sartu nahi izan dut, baina lan horretan trabatu naute. Taldeko bertsolaritza horrela ikusten nuen. Garaziko ikastolatik, Sohütako ikastolatik, Hazparneko ikastolatik etorriak ziren haurrak, elkarretaraturik. Hortik lotu talde lana osatzeko.
Zure belaunaldiko bertsolariak nola bildu ziren?
Batez ere Emile Larre erretoreari esker. Herria astekarian idazten hasi ginen, eta neurriak irakatsi zizkigun Larrek. Hegoaldean ere abiatu ginen, pixkanaka-pixkanaka. Baina, hastapenean, ez genuen tutik ulertzen. Euskara pobrea genuen! Badakit etorkizuna hitza ez nuela ulertzen.
Nola bizi zenuten hori?
Ikaran. Behin gai hori izan nuen: «Gabonetan, Atutxak turroia jango al du?». Nik zer nekien futboleko istorioez? Eta Gabonak, turroia... Ez nuen tutik ulertzen! Beste behin: «Zu, Alkat, brujoan ibili zara». Zergatik ez zidaten sorgina edo sendagilea erran? Saio horren azken agurrean, haien ulertzeko gazteleraz ikasi beharko genuela kantatu nuen. Eta aita Santosek erran zidan: «Egia esan duk, baina ez huen esan behar».
Zure belaunaldikoak erreka handi baten gaineko zubi txikia zaretela diozu. Nolaz beti izan da halako sentimentu hori?
Gure denboran, sortu ziren ikastolak, irratiak. Arrakasta bagenuen! Diru pixka bat bildu behar zen, eta guk laguntzen genituen. Gero, laguntza pixka bat bildu zutenean, Amuriza, Egaña, Lujanbio ekarrarazi behar ziren. Diru pixka bat izan dutenetik, ez dute gure beharrik izan. Eta nik argi eta garbi erran dut beti. Horrek erakutsi du gure balioa ez zela hain handia. Iparraldekoek baztertu gaituzte, eta Hegoaldekoek ez zuten gure beharrik! Baina Hegoaldeko bertsolariak ez dituztela ulertzen erraten didate barnealdeko jendeek.
Berriz ere hizkuntzaren oztopo hori.
Nik beti erran dut zergatik ez den hiztegi bat egiten, bertsolariek baliatzeko? Hegoaldean ala Iparraldean, hitz zehatzekin kantatzeko. Erdaratik hartuak diren hitzak baztertuz. Euskara aberatsago litzateke, gainera. Eta badu beharra! Geroz eta ahulago ikusten eta entzuten dut euskara. Kazetaritzan ere bai, funtsean! Paper batean idazten ditut ahuleziak. Harri zinaizkete zenbat ahulezia harrapatzen diren. Normalizatuko diren ahuleziak! Horrela segituz euskara galtzera doala erran nezake.
Xan, zure semea, irratietan ari da...
Haren hutsak ere zuzentzen ditut! Ahal bezain poliki... Baina nik baino euskara pobreagoa du. Baserri munduko hizkuntza hura, adibidez, galdua dute belaunaldi gazteek! Semea euskara aberasten ari da, eta gustura ari da lanean. Hori da garrantzitsuena.
Hernandorena sarian ere parte hartu du. Plazer egin dizu?
Izugarriko plazera! Pena dut ez baita lehenago hasi. Bertsoak ongi kantatzen ditu, eta itxura badu. Ez lotsatzeko erraten diot, segitzeko. Beti lanean segitzen duten haiek miresten ditut, nahiz eta beti azkenak izan. Txapela luzatzen diet.
moTzean
Bertsolari bat? Xalbador, Amuriza.
Bertso bat? «Baigurak ez dizu barkatuko egin diozun laidoa», Xalbadorrek kantatu zidana.
Iparraldeko Bertsolari Txapelketa? Ongi. Ez dira beti pertsona berberak aipatu beharko, ordea, besteek ere esperantza pixka bat har dezaten.
Bertsotan aritzeko, Iholdiko kermeza ala BEC zentroa? Ez bat eta ez bertzea.
Idatzia ala bat-batekoa? Biak.
Filosofia? Ez dakigularik nora goazen, jakitea nondik heldu garen.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24