Amasa-Villabonan egin zitzaion hileta 2022-09-19

Bertsotan agurtu zuten Txomin Garmendia

Bertsotan agurtu zuten Txomin Garmendia

Ostiralean jaso zuen azken agurra Txomin Garmendia bertsolariak (Berrobi 1934-Amasa-Villabona 2022), Amasa-Villabonako elizan. Jendetza elkartu zen hiletan eta bertso munduko presentziarik ez zen falta izan. Belaunaldi ezberdinetako jendea bildu zuen Euskal Herriko lau finaletan kantatu eta Gipuzkoako txapela jantzi zuen bertsolariaren agurrak. Han izan ziren, besteak beste, Sebastian Lizaso, Amaia Agirre, Aitor Mendiluze, Angel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu, Millan Telleria, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II, Joxe Fermin Argiñarena, Mikel Mendizabal, Angel Larrañaga, Koldo Tapia, Joxe Mari Iriondo eta Eusebio Igartzabal. Hiletan zehar, berak idatzitako bertsoak jarri zituzten elizkizunean.

Hileta amaieran, hiru bertsolarik bertso bana eskaini zioten Txomin Garmendiari, Sebastian Lizasok, Aitor Mendiluzek eta Amaia Agirrek, hurrenkera horretan.

Sebastian Lizaso:

Jaiotzekoa ta hiltzekoa
bizidun ororen zita
Txomin hil zaigu Berrobin jaio
ta Villabonan bizita
hainbat urtean hainbat herriri
kantuz egina bisita
kantatu eta kontatu ondoren
hainbeste gauza bitxi ta
lagun askorengana joan zaigu
ta lagun asko utzita.

Aitor Mendiluze:

Bi muxu Karmen zuretzat eta
etxekoei besarkada
ta zuri Txomin zer esan berriz
helduta une hontara
bazoaz baina guztiz joatea
ere posible al da ba?
Zure bertsoak helduko dira
gure belarrietara
ahotsa ez baita guztiz isiltzen
oihartzun bihurtzen bada.

Amaia Agirre:

Gazte nintzela eske karta bat
eskribitu nizun lotsez
ta telefonoz deitu zenidan
dardar gabeko ahotsez
neri bertsotan irakastera
inguratzen zinan pozez
lehenik bakarka, gero taldean
ikasi genuen oinez
bi belaunaldi elkartu ginan
bi mundu bereizi ordez
nigan sinisten laguntzearren
Txomin milesker bihotzez.


Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu