Bertso jarriak 2022-09-20
Aitor Irastortza Fadrique Londresen bizi den Zaldibiko bertsolarik bertso sorta ederra idatzi zuen Osinalde Sariketaren 50. urteurrenerako. Sarreran azaldu zuen déjà vu jarri ziola izenburu, baina jabetu zela euskarak bazuela antzeko adiera: «Zaharrak berri». Arratsaldeko jaialdian kantatu zituen eta txalotza ederra jaso zuen Irastortzaren sortak.
ZAHARRAK BERRI
Doinua: Ez da marineletan I
1)
Azken bolada hontan
bizi naiz déjà vu-an:
krisia datorrela
edo gerra munduan,
ur-eskasia lurrean,
prezioak zeruan,
aspaldiko ezagunak
prentsa lerroburuan.
Nabil ordularien
orratzekin guduan.
Azkenaldian zahar berri
da gure inguruan.
2)
Errusiako gerrak
sortu du berbaroa,
berriz lehen lerrora
bi blokeen aroa.
Patua zergatik ote
da horren pikaroa?
Berlini iritsi zaio
gasaren hordagoa.
Beldurra da negua
negutikan badoa
askorentzat izatea
hau Gerra Hotza…goa.
3)
Denen ahotan dabil
krisi energetikoa.
Negurako bi manta,
udan abanikoa.
Gora doaz Euriborra
ta interes-tipoa,
dena da garestiago,
soldata betikoa.
Majo betetzen dabil
batzuen poltsikoa… (eon eon!)
Uste dut bertso hau dela
bi mila zortzikoa!
4)
Ta aspaldiko gerra,
krisi eta pasarte
hoiek konpontzeko nor?
Gabiltza etxekalte!
Euskal politikagintzan
ilusiorik bate:
ezer aldatzen ez dela
denbora daramate.
Arnaldo Otegi, Urkullu
Iturgaitz ere parte
ta laster Odon Elorza
Donostian alkate.
5)
Abilak bilakatzen
lehenaldia oraina.
Erretiratu ostean
itzultzeko hazaña.
Bertso munduak badauka
adibide bikaina:
Xabier Silveiraz hizketan
ari naiz alajaina!
Txapelketak uztea
erabaki zun baina…
nork dio orain ez dela
itzuliko Egaña?
6)
Déjà vu-a heltzen zait
futbol esparrutara.
Athleticen arraro
doa azken bolada:
Bielsa edo Valverde
hauteskundeetara,
Ernestorekin atzera
eginda hamarkada,
orain Ander Herrera
ere etorri ez da ba!
Aduriz itzuli dadin
gutxiago falta da.
7)
Zenbat urte ditudan
edota zer urtetan
gauden ez dakit jada:
burua daukat ketan!
Iraganeko jende ta
gauzen hemerotekan
ataskatuta sentitzen
naiz aspaldi honetan.
Amets ere egin dut
ta ez diot brometan:
Mihiluze bueltan zela
ETBko gauetan.
8)
Ta gaur zer da ta hemen
urteurren berezian:
“onbre, koño, nun habil?
Ze berri aspaldian?”
“Saio earra jun hoan
hamarreko txikian”
“Ah bai! Puntu-erantzunek
ihes alde egin zian!”
“Ez, ez, hoi izan huan
bi mila ta hamabian”…
Gaur ere zaharrak berri
gabiltza Gabirian!!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24