Ganbaran bai - Aitor Sarriegi. 2022-09-27
Aitor Sarriegi Galparsoro
Heldu da ordua. Lau urteko etenaren eta urtebeteko atzerapenaren ostean heldu da txapelketa berriz ere. Lehen asteburuko saioetan, diferentziak diferentzia, azken orduko aldaketek kartela aldatu dute eta kartelean sartu diren bi bertsolariek freskotasunez heldu diote erronkari. Puntuazioetan Getxokoan nabarmenago ikus baliteke ere, ordezkoaren toki ezerosotik zetorren Illarregi gazteak heldutasun handiz erantzun du eta kartelkideen aldean buruari buelta gutxiago emateko aukerak biei egin diela mesede esango nuke.
Hamabi bertsolariek aukera zabala utzi dute haien bertsoetan helduleku bila dabilenarentzat, eta bi saioetako hamarreko txikiko bi lanetatik abiatuta gaiari heltzeko moduaz edo, hobeto esan, gaiak eskainitako posizioan koherentziaz kantatzeaz aritu nahi nuke. Getxoko kasuan bizimodua egonkortzeko modua egindako bikotea ziren Alaia eta Peru, eta lehenak berriz hutsetik hastea proposatu zion besteari. Posizionamendu hain garbiak izateak laguntzen du, akaso, baina bata zein bestea ongi sartu ziren gaiak eskatzen zuen paperean, nork bere arrazoiak aurkitu zituen posiziorik galdu gabe, eta hortik sortu zuten arrazoiz osatutako elkarrizketa. Arrasatekoan ere, gaiaren formulazioa luzetsi banuen ere, buffeteko abokatu beteranoak abokatu gaztearen meritua bere egin nahi zuen eta Iñakik eta Joanesek ezin hobeto baliatu zituzten gaiak eskaintzen zizkien heldulekuak (eta bidean sortu zituzten berriak). Formulazio luzeen arriskua izaten da gaiaren xehetasun soil bati heldu eta erabat bertara eramatea, baina hortik urrun ibili ziren biak. Beste hainbat ofiziotan hasierako posizioen mugak lausotu ziren, eta horrek, nork bere tokia galdu eta sinesgarritasuna galtzeaz gain, elkarrizketari egiten dio kalte. Bertsolariak gaiak jarri duen kokapenaren, berak kantatu nahi lukeenaren eta jendeak entzun uste duenaren artean ibili behar izaten du dantzan. Gaiak ematen dituen heldulekuei zentzuz heldu eta, gustatu ala ez gustatu, jarritako rola betetzea zigortu, edo, gutxienez saritu beharrekoa iruditzen zait, beti hala gertatzen ez den arren.
Kalkulagailuak jarri dira martxan. Puntuazio-taulak betetzen hasi dira eta emango dute nondik heldua datozen saioek ere. Arrasaten Gorka Pagonabarragak plazak betetzen eta berotzen jarraitzeko eskatu zuen azken agurrean. Betetzearenarekin ados nago, baina, mesedez, ez berotu Amaia antzokia baino gehiago. Ez tenperaturari dagokionean behintzat.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24