Ganbaran bai - Sarai Robles 2022-10-06
Sarai Robles
Gotaine-Irabarne eta Gasteiz batu ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren asteburuak. Bi saioetan entzun ditugu bertsoaldi ederrak, izan ofiziotan (Oihana Iguaranen eta Nerea Ibarzabalen zortziko handia, kasu) zein bakarkakoetan (Xabat Galletebeitia ertzain baten ahotik kantuan), eta bertsozaleok ederki gozatu dugu batean zein bestean. Hala ere, bi saioen arteko aldea kilometrotan ez ezik giroan ere neurtu litekeela uste dut.
Ezberdina baita saio oso ona egiteko asmoz edo saio txarra ez egiteko intentzioarekin igotzea oholtzara. Eta susmoa dut horretan behar baino gehiago eragiten dugula oholtzatik kanpokook: zein espektatiba sortu dugun saioarekiko, zein iritzi orokortu den bertaratutakoon artean, nolako gogoz hartu dugun sintoniaren lehenengo entzunaldia… bertso saio baten inguruan sortzen den atmosfera kutsakorra baita, eta bertsolarien gorputzaldia baldintzatu dezake. Asteburu honetan hala gertatu den ala ez, bertsolariek baino ez dakite; baina, kanpotik ikusita, baietz iruditzen zait.
Txapelketa saioen zozketarekin hasten dela entzun nion behin norbaiti. Jakin nahiko nuke asteburu honetako saio bakoitzeko bertsolari bana beste saiora aldatuko bagenu zer nolako lana eginen lukeen.
Jarritako gaiek ere askorako eman dute, eta nik bati heldu nahi nioke eztabaida bat plazaratzeko: Patxi Iriarteren eta Eneko Lazkozen zortziko handiko gaiari.
“Eneko eta Patxi. Talde bereko emakume kirolariak zarete. Babesle ekonomikoen presioagatik, zuen taldeak janzkera aldatzea erabaki du. Eneko, onartzeko prest zara. Patxik aldiz ez du begi onez ikusten.”
Saioaren egituraketagatik, gerta zitekeen bi bertsolari emakumeri egokitzea gai hau. Bi gizonek heldu behar izan zioten, ordea. Eta orain, galdera: zergatik zehaztu da bi emakume direla? Presio ekonomikoagatik taldearen janzkera aldatu behar izateak ez al du bere horretan aski helduleku ematen? Ulertzen dut emakume kirolariek bizi duten egoera plazaratu nahi izan dutela gai egileek baina, hala, azpiratutako subjektu baten ahotik kantatzeko zilegitasuna aitortzen zaio agian ez dagokion norbaiti.
Bertsolaria pertsona da eta pertsona gorputza. Beltzen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta emakumeen ahotik kantatzen dugu beltzik, aniztasun funtzionala duen pertsonarik eta emakumerik ez dagoen bertsoaldietan, ikusgarritasuna entzun ahalko balitz bezala. Eta ez ote da ezberdina norberak erabakita egitea, ala gaiak hala eskatu duelako.
Korapiloa nola askatu ongi ez dakidanez, Oihana Iguaranen ganbarako lan zoragarriaren esaldi batekin bukatuko dut:
“ta ez dakit pertsonarik
baden bataren barruan
jartzeko nere larruan...”.
Segi dezagun gozatzen, oraindik bide luzea gelditzen da eta!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24