Saioa hasi aurretik, "gehientsuenak maila beretsukoak" zirenez ikusten omen zuen irabazteko aukeraren bat. Gipuzkoako Txapelketaren ondoren bere tokia aurkitu ezinik ibili omen da, baina orain "erreferentzia bat" datorkio.
Lizardi saria irabazi zuen Agin Rezolak joan zen ostiralean. Saioa hasi aurretik ere ikusten omen zuen aukeraren bat izan zezakeela, "gehientsuenak maila berekoak" zirelako. Hala ere, bere buruari ez omen zion txapela helburutzat jarri nahi. "Saioa aurrera joan ahala ikusten nuen ez nuela akats nabarmenik egiten eta borroka horretan banengoela. Nik nirea egiteko asmoa eraman nuen, eta besteak hobeak baziren ez neukan inongo arazorik. Horrek asko lasaitzen ninduen."
Urte dezente dira Lizardi sarian parte hartzen hasi zela, eta final askotan kantatu izan du. "Normalean oso errodatuta egin izan dugun txapelketa izan da Lizardikoa. Asko bildu izan gara aurretik, ondo prestatu izan dugu, gustuko txapelketa delako. Aurten, berriz, bizitzako beste fase batean geunden eta ez genuen asko prestatzeko denborarik. Baina aurreko Gipuzkoako Txapelketarako egindako lana hor zegoen, hor landutakoa etorri zait. Orain Euskal Herrikoa prestatzen ari direnekin sparring lana eginez berritu dut hori, baina aurten ez dut koadernorik zabaldu edo bertsorik idatzi. Nik banekien fresko nenbilela; nabaritzen nuen ideiak etortzen zirela, erantzunak etortzen zirela eta errima-jolasak egiten nituela. Momentu horretan harrapatu ninduet juxtu txapelketak, eta banekien saio fresko bat egin nezakeela."
Txapelaz gain, bertso onenaren saria eskuratu zuen Aginek, zortziko txikian botatako lehendabiziko bertsoarengatik. "Ez dut uste ostiralean botatako bertso onena hori izan zenik; ez nirea eta ez saiokoa. Bertso horri eman zioten, eta saioarekin oro har gustura gelditu nintzen. Ez dut uste sekulako saioa izan zenik, baina ikusten nuen jendeak erreakzionatzen zuela eta suelto ari nintzen, gozatu egin nuen."
Dena den, saioa zortziko handiko ariketarekin hasi zen, eta hor ez omen zen oso gustura gelditu: "Zortziko handian badakit jolas pixkat bat egin nuela bertsoarekin, baina iruditu zitzaidan baleko saioa egin nuela, ez nuela hautsi edo diferentzia handirik markatu. Konfiantza eman zidan nire burua lasai ikusteak: nire burua lasai ikusten nuen, ideiak etortzen ziren, bertsoa ondo kantatzen ari nintzen... Horrek bai lasaitu ninduela; saioa ona izateak ez horrenbeste."
10eko txikian momentuan ideiak etortzen omen zitzaizkion. Hala ere, hirugarren bertsoan bukaerak alde egin zion, eta horrek "urduri xamar" jarri omen zuen. "Pena bakarra ideia onenak esertzean etortzen direla, baina betikoa izaten da hori. Erreflexionatu eta akatsak etortzen ziren batez ere: oso ibilbide gutxi egin genuela ofizioan... Elkarrizketa formatuan joan zen eta polita joan zela iruditzen zait, baina ez zen sekulakoa izan."
Azkenik, kartzelako lana iritsi zen. Aginek dioenez bera ez omen da espezialista bat bakarka, gaia irekia denean batez ere. Hala ere, ostiraleko gaia "interesgarria" iruditu zitzaion, "irekia zelako eta aldi berean muga bat jartzen zuelako". Honela zioen gaiak: "esku artean daukazu. Ez dago atzera bueltarik". "Eskuetan zerbait eduki beharra zegoen, eta horrek erabakiorra izan behar zuen. Banekien ni baino hobeto egingo zutenak izango zirela, baina hasierako mentalitatearekin joan nintzen."
Aginek maleta bat hartu zuen esku artean eta etxetik bidali duten gizonaren papera hartu zuen. "Beste hiru ideia deskartatu nituen. Aurrena pistolarena etorri zitzaidan. Hori deskartatu nuen biolentoegia iruditzen zitzaidalako. Gero etorri zitzaidan beste ideia bat, baina hari ere biderik ez nion ikusi. Hirugarrena etorri zitzaidan hegazkin biletearena, baina horri ere atzera buelta ikusten nion. Azkenean hortik abiatuz maletara iritsi nintzen eta hortik egin nuen istorioa.
Nire buruari esan nion ez nuela huts egin eta hiru bertsoak kolokatu nituela. Ez nintzen disgustura gelditu. Badakit hobetu zitezkeela, batez ere kantaera hobetu zitekeela; tolestu zitekeela hobeto, informazio gehiago sartu zitekeela, betelanean errepikakor xamarra izan nintzela... Nire hiru bakarkako izateko uste dut balekoak izan zirela."
Behin lan puntuagarriak bukatuta bere burua txapelerako lehian ikusten zuen. "Banekien Uxuek poto bat egina zeukala. Xamoaren saioa ez nuen askorik jarraitu baina banekien hor ibiliko zela. Mirenena ere ez nuen askorik jarraitu baina banekien hutsik ez zuela egin. Banekien izan zitekeela aukeraren bat. Bertso onenaren saria ezustean etorri zen. Hala ere, ikusten nuen lehenengo edo bigarren postutik hurbil egon nintekeela."
Hala ere, txapela jantzita poz handia sentitu zuela dio. "Gutxitan sentitzen den sentimendu bat izan da, eta momentu batean hunkitu egin nintzen. Asimilatzea ere kosta egin zitzaidan, tabladutik jaitsi eta nik irabazi nuela sentitzea kosta egiten zitzaidan. Orain jasotzen ari naizen dei eta mezu pilarekin ari naiz ideia egiten."
Agin 2007ko Gipuzkoako Txapelketa Nagusian bigarren fasera iritsi zen. Hala ere, "arantza bat" gelditu zitzaiola kantatu zuen hasierako agurrean. "Finalera joan nintzenerako aterata neukan, gozatzera joan nintzen. Pentsatu nuen besteak hobeto aritzen baziren ez neukala inolako arazorik; eskua eman eta etxera pozik joango nintzela."
Txapelak ilusioa egin arren uste du ez duela bere plazetako ibilbidea askorik aldatuko. "Txapelketa hauek gehiago dira norbere autoestimarako beste ezertarako baino. Saioren bat etortzen bada ongietorria izango da eta ez bada etortzen ez da ezer pasako. Nire mailako bertsolari asko dago, eta merkatua litzatekeena txikia da horretarako, eta ez daukat irrika berezirik plazaz plaza ibiltzeko. Gustura joaten naiz orain dauzkadan saioetara, eta horietan daukadan onena ematen saiatzen naiz."
Hala ere, konfiantza ematen omen dio txapelak: "Motibazioa eta konfiantza ematen dit txapel honek. Nire lekua aurkitu ezinik nenbilen; ez nekien nire burua non kokatu. Banekien Euskal Herrikora pasa zirenek beste koska bat egingo zutela gora eta nik ez nuela egingo. Nire burua ezin kokaturik nenbilen bertso mundu horretan, eta orain erreferentzia bat datorkit."