Txapelketa Nagusia - Lehen fasea 2022-10-14
Jexux Mari irazu
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasea amaitu da eta azpimarratzeko datu dezente utzi dizkigu, tartean historiarako gelditu litekeenik ere bai, behar bada. Bost lerroburutan laburtuko ditugu lehen fase hau dagokion gisan kokatzen laguntzen aldera. Eta, esana gera bedi, hurrenkera ez da (derrigor) garrantziaren araberakoa.
4.000 bertsozale inguru eta aretoak beteta
Bost urteren ondoren, lehen faseko areto guztiak beteta ekin dio Txapelketa Nagusiak. Kanporaketa batzuetan sarrerak agortu ere bai. Hauxe da lehenengo lerroburu nagusia. Ohitu egin gara txapelketaren arrakastara, baina, goiburu izaten jarraitzekoa da bertsolaritzako ekimen batek, hasierako sei asteetan aretoak betetzea eta 4.000 bertsozaleren sostengua eta berotasuna jaso izana euskal geografiaren luze-zabalean, Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian eta Lizarran.
Onetik bikaintasunerako tartean
Lehen fase honek utzi duen bertso uztak ere merezi du titular bat. Lehen faseko kanporaketak izan direla kontuan izanda, saioak onetik oso onerako tartean joan direla esan liteke, eta bikaintasunaren muga zeharkatu duenik ere izan da. Txapelketan kokatzeko lehen saioak izaki, ohikoak dira blokeo puntuak eta norbere onena ezin emanak. Horiek ere hor egon dira. Beste aldekoa nagusitu da, ordea, nahiko nabarmen: bertsoaldi on asko, eta bikain batzuk ere bai. Ez ganbarako lanean bakarrik, baita puntu erantzunetan eta ofiziotan ere. Norberak egin beza bere playlista.
Sailkapenean 10tik 7 emakumezko bertsolariak
Saio irabazleek eta puntuek ere badiote zerbait Txapelketa Nagusiko lehen fase honetan gertatu denaz eta bertso mailaz. Sei kanporaketatik hiru emakumezko bertsolariek irabazi dituzte, puntuaziorik altuenak lortuta, alde dezentearekin (Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria). Eta puntuetan parean, Oihana Iguaran. 2017an, seitik lautan gertatu zen gauza bera, baina aurtengo puntuazioek erakutsitako alderik gabe.
2022an lehen fasean puntuaziorik altuena lortu duten 10 bertsolaritatik 7 emakumezkoak dira eta hiru gizonezkoak. Hauxe lehen faseko hamarreko nagusia: Alaia Martin (738), Nerea Ibarzabal (738), Oihana Iguaran (737,5), Jone Uria (708), Nerea Elustondo (695), Ane Labaka (694,5), Aitor Bizkarra (693,5), Julio Soto (691), Onintza Enbeita (688) eta Agin Laburu (685). 2017an, hamarreko nagusi horretan, 10tik 6 gizonezko bertsolariak izan ziren, 4 emakumezkoak.
Azkenik, sailkapeneko zerrenda osoa kontuan hartuta, 10 emakumezko bertsolari eta 9 gizonezko sailkatu dira. 2017an, gutxigatik baina beste aldera, 8 eta 10 izan ziren, hurrenez hurren.
Berriak irabazle datoz
2022ko Txapelketa Nagusiko lehen fasean 36tik 16 bertsolarik lehen aldiz hartu dute parte, % 44 inguru. Berriek ere, (ez hain gazteak bide batez esanda) utzi dute beren lerroburua, seitik hiru kanporaketa irabazita: Joanes Illarregik Arrasatekoa, Haritz Mujikak Gasteizkoa eta Aitor Bizkarrak Lizarrakoa. Irabazle berriak, gizonezko bertsolariak hirurak. 2017an lehen parte hartzea zuten bi bertsolarik irabazi zuten bere kanporaketa: Oihana Iguaranek Leitzan eta Nerea Ibarzabalek Zarautzen.
Azken datu bat: lehen aldiz parte hartu dutenetatik, erdiak pasa dira finalaurrekora, 16tik 8, 30 urte bueltakoak gehienak: Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Haritz Mujika (Asteasu, 1995), Aitor Bizkarra (Abadiño, 1996), Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992), Aitor Etxebarriazarraga (Gernika-Lumo, 1993), Eñaut Martikorena (Hernani, 1995), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991 eta Asier Azpiroz (Zubieta –Donostia-, 1991). Beraz, finalaurrekoetan, bertsolarien % 25 inguru da berria Txapelketa Nagusian.
Txapelketaren ikusmina indartu egin du lehen faseko bertso mailak
Gerta zitekeen kontrakoa ere. Txapelketa honek hasieratik izan du (edo eman diogu) berritasun eta belaunaldi aldaketa kutsu bat, jada plazan neurri handi batean gertatu den hori ea txapelketan nola islatuko ote zen ikusmina. Lehen fase honetan gerta zitekeen ikusmin hori bere horretan mantentzea edo apaltzea, bertsolariek egindako lanaren distiraren arabera. Ikusiak ikusi eta entzunak entzun, ikusmin hori indartu egin du lehen faseko bertso mailak eta finalaurreko zinez erakargarriak utzi dizkigu bertsozaleoi.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24