Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta 2022-10-17
Ander Fuentes Iturrik (Zubieta, 1979) irabazi du III Iruñeko Bertsopaper lehiaketa, Iluntzean lanarekin eta 1.500 euroko saria eskuratu du. "Lan sendoa da, ideia bat garatzen doana puntuz puntu (...). Gertakariak baino, deskribapen bat du oinarri lanak, depresioaren gaia eta iluntzen den pertsona baten berri emateko. Atmosfera hori oso ongi transmititzen du bertso sortak". Gainera, "teknikoki lan aberatsa" dela ere nabarmendu du epaimahaiak. Zeregin horretan, Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Saioa Alkaiza aritu dira, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutako lehiaketa da.
Helduen mailako bigarren saria Eneko Fernandez Maritxalarrek eskuratu du, Aurkia eta ifrentzua lanarekin eta 1.000 euro jasoko du. Epaimahaiak azpimarratu du "doinu ezberdinak erabiltzeko egindako hautua, eta pertsona beraren bi gai kontatzeko bi ahots erabiltzeko hartutako bidea". Zentzu horretan, forma aldetik "originala" dela adierazi du.
Hirugarren saria, azkenik, Eider Azkoaga Gomezentzat izan da, Erraietatik lanagatik eta 500 euroko saria irabazi du. "Lanaren sinesgarritasuna" nabarmendu du epaimahaiak, eta "gaixotasuna modu apal eta normal batean -eta ez modu tremendista batean- kontatzeko gaitasuna" txalotu diote.
Gazteen mailan, Kattin Madariaga
Gazteen maialan, 14-17 urte bitartekoetan, Kattin Madariaga Apaolazaren Uda lanak eskuratu du lehen saria. "Teknikoki oso txukuna, ongi kontatua, eta bisio erralista bat dakarrena" da sorta, epaimahaiaren arabera.
Bigarren saria Ziortza Goia Mitxelenaren Iruzkin pozoinduak lanarentzat izan da. "Gaiaren trataera" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta "egilearen ahotsetik beste baten kontakizuna transmititzeko erakutsitako gaitasuna" ere. Hirugarren saria, azkenik, Loitzate Goñi Elortzak eskuratu du, Gurasoak lanarengatik. Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.
Haurren kategorian, Iraun Zestau Telletxea
Haurren kakategorian, 2009 edo ondoren jaiotakoenean, Iraun Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, Amilotxa izeneko lanagatik. Epaimahaiak "hiztegiaren aberastasuna" nabarmendu du, eta "hizkuntzaren erabileran erakusten den heldutasuna".
Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Lagunekin parrandan lanean "gazte baten egunerokotasunaren eta aisialdiaren erretratu fidela" egiteagatik. Hirugarren saria Dorleta Larrayoz Osteritzen Aliena lanarentzat izan da. "Originaltasun handikoa" eta "dibertigarria" da bertso sorta epaimahaiaren iritziz. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
43 lan aurkeztu dira
Iruñeko III.Bertsopaper Lehiaketan 43 lan aurkeztu dira eta 39 lagunek hartu dute parte (19 emakume eta 20 gizon). Bederatzi lan izan dira helduen mailan, 3 gazteen mailan eta 31 haurren kategorian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24