Iruñeko III. bertsopaper lehiaketa 2022-10-18

Ander Fuentesen 'Iluntzean' sorta irabazlea

Ander Fuentesen 'Iluntzean' sorta irabazlea
Ander Fuentesek irabazi du Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa 'Iluntzean' sortarekin: «Bertso bidez aitortzen dut/kontatzeko desioa/isilik eta pixkana/hil nauen depresioa».

Ander Fuentes bertsolari zubietarra irabazi du Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa Iluntzean sortarekin. 16 bertsoko lana da, Norbere mundu intimo doinuan. Fuentesek hasieratik kokatzen du gaia: «Bertso bidez aitortzen dut/kontatzeko desioa/isilik eta pixkana/hil nauen depresioa».

Hemen sorta osorik. Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako gainerako sorta sarituak lotura honetan daude irakurgai.

Izenburua: Iluntzean
Doinua: Norbere mundu intimo/Elgeta

1. Irakurriko duzuna
oinaze baten zioa
etengabe bihurtua
niretzat obsesioa
mina, tristura, dolua
pena, amorrazioa
nola itzali zaizkidan
poza eta pasioa
ez berritzeko luzaro
izan dut tentazioa
zuretzat nik ez dakit zer
nire liberazioa
bertso bidez aitortzen dut
kontatzeko desioa
isilik eta pixkana
hil nauen depresioa

2. Gasa bailitzan pittinka
aldamenetik barrura
sartzen da eta sortzen du
habe sendoetan duda
arrazoi garbirik gabe
barrenak janez tristura
sentipen eza bihurtu
arte betiko ohitura
bizirauten saiatzean
eguneroko modura
ikusi nahi ez duena
ez urruti ez gertura
gizarte zuri honetan
mantendu behar itxura
aspaldi bizi baitugu
zorionaren diktadura

3. Murgildu eta itoa
sarri isiltasunean
dagoena onartzeko
beti ezintasunean
burua beti lanean
hain paraje urrunean
dena soinu bihurtzen da
hain paisaia lurrunean
agertokirik txarrena
eraikia garunean
nola amestu datorren
hurrengoko egunean
zer, zeinekin, noiz ta nola
berdin berdin zaizunean
esperantza hegan dabil
hil den etorkizunean

4. Zer eskatuko diet ba
eguzki ilargiari?
ze kolore mota gaua
eta egunsentiari?
berdin elurra, argia
euria ote du ari?
nire lagunak bostehun
edo akaso dira bi?
musika eta ahotsak
zertarako entzun adi?
kabiarra edo patata
inporta zaio tripari?
naturak eta kirolak
ze mesede gorputzari?
gusturik ez diot hartzen
lehen gozamen zenari

5. Gauez maindire azpian
begi tristeenen negar
bizi-ez biziren arteko
aldea ahul eta mehar
burua ezin baikortu
ezaren bilduman zehar
atzoa ez duzu maite
ez duzu jaiki nahi bihar
mina hitzetan jartzeko
mingaina lotuta baldar
gorputz guztiko zainetan
sasi, arantza eta lar
eroritako mundu bat
dagoenean lehertzear
triste sentitzeagatik
errudun sentitu behar

6. Ikusi nahi ez denean
sortutako inertzia
hilkorra den ohituraren
aingura ere irentsia
besteen ongizatea
daukagu lehenetsia
haragiaz gain hezurra
ere bada gerezia
indiferentziaren zama
borondate gabezia
bizitza hau irautea
soilik dela sinetsia
amorrazio iturri
lehen zena berezia
iraultza berri baten zain
nengoen berantetsia

7. Ikusten duzun guztia
iruditua iraina
gero eta handiago
zulo beltzaren tamaina
sinetsita heriotza
dela honek dun ordaina
edo garestiegia
utziko dizun orbaina
tarteka saiatzen zara
alper alperrik da baina
ihes egin nahian zabiltz
ekidin nahian oraina
ozeano bizi baten
sare batean arraina
zerorri bihurtzen zara
preso ta kartzelazaina

8. Preso bihurtuta zure
goroldio eta huntzen
hasten zara egun denak
ezkortasunez ehuntzen
momenturik argiena
nahi gabe duzu iluntzen
hurbileko antiojoak
zergatik diren lurruntzen
ezin ulertuta zoaz
gozamenetik urruntzen
pentsatuta lehen ere
zoriona hain urrun zen!
munduarekin haserre
jarrera duzu zurruntzen
ukatzeak nahiz ez duen
sendabidean laguntzen

9. Lagun minak, senideak
bazter urrun baten uzten
dituzun bezala doa
pozaren hauspoa husten
bestalde bakardadea
gailentzen, harrotzen, puzten
lehen jositako hariak
korapilatuta hausten
bide berriak marrazten
nahiz eta saiatu eusten
hitz erdi batek dituzun
asmoak ditu zapuzten
itsututa zoazena
mamu hilkorrak gorpuzten
beste guztiak zergatik
dituzu pozik ikusten?

10. Adituko duen norbait
harrapatu nahi baina nor?
jakinda zure aitortzak
duda lezakeela sor
entzuten duenari zerbait
gerora diozula zor
solasak joaten dira
axaleko eta idor
nahiz eta zure erraiak
dituzun minetan borbor
guztia etsipen duzu
dena pena eta zigor
arazoa handitzen da
bere azal eta zilbor
ez duzunean aurkitzen
ulertuko duen inor

11. Arazorik gabe duzu
arazo bat potoloa
ez dela inoiz pasako
daukazu errezeloa
inork ez du ba asmorik
zuri jotzeko txaloa
zure burua barkatu
izan umila, xaloa
ez ote duzun gizendu
juzku bat paraleloa
pentsatzen hasiz gero zerk
galarazten dizun loa
nork sortu du pozak ito
dituen txorimaloa
beste inork ez zerorrek
handitzen duzu zuloa

12. Noizbait sentitzen baduzu
dena doala gainbehera
eta bat-batean heldu
zarela infernu parera
ilargi beteenean
guztia dela ilbehera
geroak oraina inoiz
ez dakarrela hobera
gorputza eta arima
dituzunean minbera
ulertzen saiatu zaitez
hola gutxi gorabehera
askok sentitzen dutela
zuk daukazun gauza bera
nahiz bakoitzak bizi bere
oinazeen arabera

13. Mina sortu ohi baitute
hainbeste amets zilegik
borroka erdi galduta
daukagulako lehendik
egunak joaten dira
etsipen handiz beterik
pentsatzen duzu ez al naiz
ba aterako hemendik?
erreza izanen denik
nahiz ta ez izan usterik
kolpetik sentitzen duzu
burrunba hori gorderik
etsi eta onartzean
ez dagoela besterik
jada ez daukazunean
beherago erortzerik

14. Kontuz zure buruari
zer esaten dizkiozun
ahal denean bihurtu
gutxiespena maitasun
lore bihur bailiteke
sentitzen duzuna asun
hobetzeko aukera bat
berez dena estutasun
tristuraren zimikoa
ere bada alaitasun
zu zarena onartzea
ze poz eta lasaitasun
zoria bideratzea
bihurtuta eginkizun
mundua aldatzen baita
nondik begiratzen duzun

15. Denbora luzez nahiz duzun
sentitu ezin asea
bizitza zintzurretik nahiz
nekez duzun maiz pasea
nahiz ez uste pasako da
sufritze honen fasea
nahiz amets gaiztoetatik
kostatzen den esnatzea
argia piztuko dela
komeni da pentsatzea
gainditu dezakezula
barreneko oinazea
sinetsi helduko dela
noizbait aldeko haizea
posible dela lurpetik
berriz ere hegatzea

16. Hegalak astinduz hegan
partiturik zerurantza
atzean gerra-zelai bat
dena ke, dena triskantza
kazetari baten gisa
hauxe nire testigantza
kontatu edo ez lehen
izan zuena zalantza
korapiloak askatze
hori mesede da antza
nahiz odolez bustia den
oraindik bihotz arantza
pauso baldarrean baina
berriz egin nahian dantza
sabeleko tximeletek
aldatu dute norantza

Albiste gehiago

Mirari Martiarenak elkarrizketatuta 2024-02-26

Miren Izagirre musikologoa bertso doinutegiaz

Oier Suarez Hernando - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-02-23

«Niretzat bertso eskolak balio izan zuen euskararako zubi lana egiteko»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-02-22

Hitzetik Hortzera doinutegian murgildurik

Bertsoa oinarri duen ikuskizun berria 2024-02-21

Itzal(iko) bagina: Zeharkatu gaituena performatzen

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-02-15

Libertimendua Hitzetik Hortzeran