Txapelketa Nagusia - Lehenengo finalaurrekoa 2022-10-19

Agirre, Martin, Illarregi, Enbeita, Laburu eta Apalategi Elizondon

Agirre, Martin, Illarregi, Enbeita, Laburu eta Apalategi Elizondon
Larunbatean hasiko da Elizondon finalaurreko lehen itzulia. Irabazlea zuzenean pasako da bigarren itzulira eta finalerako bi saiotako puntu batuketa hartuko da aintzat.

Larunbatean hasiko da Txapelketa Nagusiko finalaurreko lehen itzulia Elizondon. Unai Agirre sartuko da bertan txapelketan, 2017ko finalista gisa eta lehen fasetik sailkatutako beste bostek osatuko dute taldea. Alaia Martin eta Joanes Illarregi zuzenean sailkatuta datoz, Getxo eta Arrasateko kanporaketak irabazita. Onintza Enbeita, Agin Laburu eta Iñaki Apalategi, puntu bidezko sailkapenak hala erabakita. Amaia Castorene ariko da aurkezle lanetan. Hitzordua, 17:00etan, pilotalekuan.

Seigarren Txapelketa Nagusia du Unai Agirrek (Hernani, 1975). 2017an BEC-en finalista izan zen eta 2013an azken finalistarekin puntuz berdinduta gelditu zen finaletik kanpora. Txapelketako zaharrena da hernaiarra eta Gipuzkoako hainbat final ere baditu.

Alaia Martinek (Oiartzun, 1987) hirugarren Txapelketa Nagusia du eta aurreko bietan sartu da bigarren itzulian. Gipuzkoako txapeldunorde izana da oiartzunarra. Martin Getxoko kanporaketa irabazita sailkatu da, faseko puntuaziorik altuena lortuta, Ibarzabalekin batean. Ilusioz eta lanerako gogoz dagoela aitortu zuen Bertsoa.eus-i eskainitako elkarrizketan.

Joanes Illarregik (Leitza, 1999) lehenbiziko parte hartzea du Txapelketa Nagusian eta Arrasateko kanporaketa irabazi izanak eman zion zuzeneko txartela. Egindako lana erakustea du helburu eta bigarren itzulira pasatzea, sareko plazan adierazi zuenez.

Onintza Enbeitak (Muxika, 1979) bosgarren aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian. Bizkaiko Txapeldun ohiak Donostiako saioan lortu zuen sailkapenerako txartela, saioko bigarren eginda. Hasieran kosta zitzaiola aitortu arren, erdiz aurrera gustura gelditu zen egindako lanarekin.

Agin Laburuk (Astigarraga, 1985) hirugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. 2017an lehen itzulian finaleko postuetan sailkatu zen, bigarrenean eutsi ezin izan bazion ere. Gipuzkoako Txapeldunordea da egun eta Getxon hirugarren sailkatu zen txapelketako lehenbiziko saioan, Martin eta Elustondoren atzetik. Saioan zentratu ezinik somatu zuen bere burua eta ganbarako lanarekin gelditu zen gustura.

Iñaki Apalategik (Beasain, 1982) hirugarren parte hartzea du Txapelketa Nagusian eta puntu bidezko azken txartela eskuratu zuen Arrasateko kanporaketan kantatuta. 2017an bigarren itzulira sailkatu zen. Gipuzkoako hainbat finaletan ere kantatua da beasaindarra.

Puntuka eta seiko motzean
Aurreko fasearekin alderatuta, bi lan ezberdin izango dira finalaurreko lehen itzulian: puntutako ariketa eta seiko motza. Puntutan, Txapelketa Nagusian askotan bezala, launa bertso botako dituzte. Seiko motzean, hiruna. Gainerakoan, aurreko faseko ariketa berak: zortziko handi, txiki eta ganbara. 15 bertso puntuagarri denera.

Zazpi epaileak
Fase honetan ere zazpi epaile berak ariko dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean
Elizondoko finalaurrekorako sarrerak bertsosarrerak.eus gunean daude eskuragarri.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri