Ganbaran bai - Sarai Robles 2022-10-24
Sarai Robles
Lehenengo finalaurrekoa ospatu zen larunbatean Elizondon, txapelketazaleak eskatu ditzakeen osagai guztiekin: entzule kopuru handiagoa, frontoia lepo eta bero; teknikari dagokionez, kanporaketetan baino ariketa zailagoak; eta orain dela bost urteko finalista bat lehian ikusteko gogoa. Maila handiko saioa izatea espero zen, eta espektatibak bete ziren.
Halako saioen aurretik beti enpatia sentitzen dut oholtzara igotzear diren bertsolariekin, eta sabelean zer nolako inurri dantza izanen duten imajinatzen ahalegintzen naiz. Oraingoan ere, ordea, sintonia aditu eta (itxuraz) lasai atera ziren sei bertsolariak.
Agin Labururen hasierako agurrak uzkurtuarazi gintuen lehenik, trabatu eta berriz hastea bezain gauza normala egiteagatik. Saio puntuagarriarekin hasterako buelta eman zion, hala ere. Zortziko handiko ofizioetako gaiak politikoki zuzenak diren egia borobilak esatera bideratuak zeudela iruditu zitzaidan, eta bereziki estimatu nuen zalantza azaleratzeko Aginen saiakera, prentsari esker bere lantokia den enpresa multinazionalean kaleratzeak egonen direla jakin duen langilearen larruan: baino bazpare ez naiz joango/ lehenbiziko protestara.
Zortziko txikian, saioko bertsoaldirik gogoangarrienetako bat entzun genuen: Joanes Ilarregiren eta Alaia Martinen artekoa, hain zuzen ere. Alaia ama Joanes semearen sex-shop berriko lehenengo bezeroa zen. Bertsotik bertsora giroak gora egin zuen, txaloak eta txistuak nagusitu ziren, eta frontoia lehertu egin zen. Elkarrizketan aritu ziren eta sekulako lana egin zuten biek.
Aretoa lehertu ostean kantuan hasi behar duenak lan zaila du, sortutako giroari eutsi nahi badio. Saioaren egiturak ere ez dakit askorik lagundu ote zuen horretan, (gehienetan) umorera bideratutako bi ariketa elkarren jarraian egonik.
Ganbarako gaia zabal samarra izanagatik, bertsolari guztien lanek eman zuten zeresanik. Iñaki Apalategik, adibidez, ia-ia ikusi ahal ziren bertsoak osatu zituen. Joanes Ilarregiren eta Alaia Martinen bakarkakoek ere emozionatu gintuzten, baina, zeinen modu ezberdinetan! Joanesek ama hiltzear duenaren ahotik kantatu zuen, ospitalean haren azken orduak irudikatuz: “ospitaleko gela honetan/ ze metafora iluna!/ Bera da hiltzen ari dena ta/ ni indarra behar duna”. Alaia, aldiz, eskola handian lehenbiziko eguna duen haurraren paperetik aritu zen: “ta eskua askatu dit/ nik hartu dut ziur pinta/ pentsatu nahi dut gaurkoa/ dugula egun polita (bis)/ noizbaiten erortzen banaiz/ eskua helduko dit ta”.
Iruditzen zait bertsolariak joera duela muturreko egoeretara jotzeko, batzuetan prest dagoela entzulea amildegi ertzera eramateko horrek emoziorik sortuko badio. Eta guztiz zilegia da, jakina. Baina eskolara doan haur baten ahotik entzulea liluratzeko gaitasuna izatea zinez txundigarria zait.
Onintza Enbeitaren bakarkakoarekin ere hesteak uzkurtu zitzaizkigun. Edo Onintza Enbeitarekin, hobeki esanda. Kantatu bitartean ahotsari urratzen eta azalari gorritzen utzi zielako, kantatzeari utzi gabe, ausart.
Susmoa dut bertsolariak, uste baino gehiagotan, entzulea ez ezik ez ote duen bere burua ere amildegi ertzera eramaten. Eta kuriosoa da bertsozalea emozionatzeko asmoz dabilenak nolako presioa duen bere emozio propioak izkutatzeko. Urduri egotea, negargura izatea… guztiz humanoa ez balitz bezala.
Saio osteko tragoa, guk behintzat, emozioen alde.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24