Txapelketa Nagusia 2022-10-27

Bigarren finalaurrekoa larunbatean Donibane Garazin

Bigarren finalaurrekoa larunbatean Donibane Garazin

Jexux Mari irazu

Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa jokatuko da larunbatean Donibane Garazin. Saioko irabazlea ez ezik, faseko puntuen neurria ere argituko digu zerbait Nafarroa Behereko hitzorduak. Bertsotan, Amets Arzallus (finalista ohi gisa sailkatua), Haritz Mujika kanporaketa irabazita, eta puntuz sailkatuak, Oihana Iguaran (puntuazioz 1.a), Nerea Elustondo (puntuazioz 2.a), Aitor Etxebarriazarraga (puntuazioz 7.a) eta Asier Azpiroz (puntuazioz 12.a). Irabazleak Amurrion kantatuko du bigarren itzulian, Alaia Martinekin batean. Zihara Enbeita ariko da aurkezle lanetan eta Elizondo zazpi epaile ber-berak lehen itzuli osoan.

Seikote honek ere, gainerakoen gisan, badu azpimarratzeko elementurik. Hasteko, Euskal Herriko txapeldun batek kantatuko duen lehen itzuliko finalaurreko bakarra izango da Donibane Garazikoa. Lehen fasean puntuazio langara iritsi dena ere (Iguaran, 737,5) hortxe izango da. Horrez gain, lehenengo Txapelketa Nagusia duten zazpi bertsolaritik hiruk, Garazin kantatuko dute (Mujikak, Etxebarriazarragak eta Azpirozek). Elustondo, 2019an, Gipuzkoan buruz burukoan sartzeko lehian izan zen. 41 urte zaharrenak (Elustondok), 27 gazteenak (Mujikak). Bataz besteko adina, 33 urte.

Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) seigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa, 2001ean hasita. 2005ean sartu zen lehenengoz finalean. 2009an txapeldunorde gelditu zen Lujanbioren atzetik eta 2013an txapeldun. 2017an zuzenean kantatu zuen finalean eta aurtengoan finalaurrekoetan sartuko da. 39 urte betetzear eta 20 urtetik gorako bidea darama bertsogintzaren olatuan.

Haritz Mujikak (Asteasu, 1995) Gasteizko kanporaketa irabazita eskuratu zuen Donibane Garaziko txartela, txapelketako agurrik zabalduena kantatuta. Ordezko gisa sartu eta bere lehen Txapelketa Nagusian, saio ederra eginda, kanporaketa irabaztea lortu zuen, Miren Artetxe eta Iban Urdangarinen aurretik. Txapelketak lan eginda eta aldarte onean harrapatu duela adierazi zuen Bertsoa.eus-i egindako elkarrizketan.

Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) kanporaketa fasean distira gehien erakutsi duen bertsolarietako bat izan da. Gotaine-Irabarnen bigarren egin zuen (737,5), Nerea Ibarzabalen atzetik (738). Ganbarako lanean doinu berria atera zuen, Erramun Martikorenaren Xorieri mintzo zen kantua moldatuta, kopla zaharrek ohi duten puntu motzen joko bereziarekin. Azken urte luzeetan, plazako lehen lerroan dabil. Bere bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. 2017an bigarren itzulian kantatu zuen eta sailkapenean erdiz gora gelditu.

Nerea Elustondok (Legazpi, 1981) 2001ean ekin zion Txapelketa Nagusiko bideari eta laugarren edizioa du aurtengoa. Seikoteko zaharrena da legazpiarra eta lehenengo kanporaketan, Getxon, lan ederra egin eta puntuazio altuarekin bigarren postua eskuratuta dator. 2019ean, Gipuzkoako Txapelketa bikaina egin zuen, bereziki finala, azken unera arte buruz buruzkoan sartzeko lehian egoteraino.

Aitor Etxebarriazarragak (Gernika-Lumo, 1993) bere lehen Txapelketa Nagusia du eta Donostian hirugarren postua eskuratuta lortu zuen Donibane Garazirako txartela, plazatik nahiko gertuko saioa eginda, saio ondorenean adierazi zuenez. Gutxik egindako bidea egiten ari da gernikarra: helduaroan plazaratu, Bizkaiko finalean sartu iaz, eta Euskal Herriko finalaurrekoan kantatu, urte gutxiren tartean.

Asier Azpirozek (Zubieta-Gipuzkoa, 1991) Lizarrako kanporaketan bigarren egin izanak eman zion Donibane Garazirako eskubidea, saio orekatua eginda, final ostean adierazi zuenez. Bere lehen Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara sailkatzea lortu du zubietarrak. Fintasuna eta etorri erraza berekin ditu Azpirozek.

Egin beharreko lanak
Elizondon gisan, aurreko fasearekin alderatuta, bi lan ezberdin izango dira finalaurreko lehen itzulian: puntutako ariketa eta seiko motza. Puntutan, Txapelketa Nagusian askotan bezala, launa bertso botako dituzte. Seiko motzean, hiruna. Gainerakoan, aurreko faseko ariketa berak: zortziko handi, txiki eta ganbara. 15 bertso puntuagarri denera.

Zazpi epaile berak itzuli osoan
Fase honetan ere zazpi epaile berak ariko dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean
Elizondoko finalaurrekorako sarrerak bertsosarrerak.eus gunean daude eskuragarri.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri