Larunbatean, ficoban, 17:00etan 2022-11-03

Hirugarren finalaurrekoa Irunen

Hirugarren finalaurrekoa Irunen
Oholtzan, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe, Maialen Belarrak aurkeztuta. Ficoban, 17:00etan.

Jexux Mari irazu

Irunen jokatuko da larunbatean Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa. Oholtzan, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe, Maialen Belarrak aurkeztuta. Ficoban, 17:00etan.

Txapelketa Nagusian inoiz ikusi gabeko kartela da: bost emakumezko bertsolari eta gizonezko bat. Fase honetako genero portzentaiak (% 58,4 gizonezko bertsolariak eta % 41,6 emakumezko bertsolariak) eta lehen faseko sailkapen hurrenkerak utzitako lau argazkietako bat da Irungoa. Elizondo eta Donibane Garaziko kartelak bataz besteko horretatik gertuago zeuden (4 eta 2), Durango beste muturrean (5 eta 1).
Irungo finalaurrekoak ere finalerako bidea eta puntu langak beste pixka bat argitzen lagunduko digu. Hona hemen sei protagonisten zenbait zertzelada.

Sustrai Colinak (Urruña, 1982) seigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. 19 urterekin sartu zen lehenengoz finalean 2001ean. Geroztik, bostetik bost final. 2017an, bere bi finalaurrekoak irabazita sartu zen finalera eta buruz burukoaren muga-mugan egon zen. Iruñean bizi den Urruñarrak, 40 urte bete berri eta 20tik gora daramatza bertsogintzaren gailurrean. Aurtengo uda bueltan, plazan egin duen lana medio, bere izena dezentetan entzun da txapelketari buruzko iruzkinetan.

Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, 1994) bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa eta progresio ikusgarria izan du azken 5-6 urtean. 2017an, finalaren ate-atean gelditu zen. Finaleko zazpi txarteleten zerrendan, bederatzigarren gelditu zen Ibarzabal bere lehen Txapelketa Nagusian, 23 urterekin. Aurtengoan, Gotaine-Irabarneko kanporaketa irabazi eta goiko puntuazio langan (738 puntu) kokatuta sartu da finalaurrekora. Bere buruari arriskatzeko askatasuna ematea nahiko luke, kanporaketa fasean Bertsoa.eus-i adierazi zionez. Azken urteotan plazan eskarmentu handia pilatu du Ibarzabalek eta 2022an gehien dabilen bertsolarietako bat da Bizkaiko txapelduna.

Jone Uriak (Getxo, 1990) laugarren Txapelketa Nagusia du, 32 urterekin. Finaletik gertu edo oso gertu ibili izan da. 2017an, zazpigarren txarteletik oso gertu egon zen, hamargarrren, hain zuzen ere, Ibarzabalen atzetik. Donostiako kanporaketa irabazita dator Uria Albizuri (706 puntu). Finalarekin amesten duela aitortu zion Bertsoa.eus-i Donostiako kanporaketa irabazi berritan. Era berean, ez du bere bertso maila demostratu beharraren presiorik sentitzen. Plazan ere urteetan azala ondo zaildua du Bizkaiko txapeldunordeak.

Ane Labakak (Lasarte-Oria, 1992) bere lehen Txapelketa Nagusia du eta finalaurrekorako pausoa eman zuen Gotaine-Irabarnen hirugarren postua lortuta (694,5 puntu). Azken urteetan, Labaka Mayozek koska bat gora egin du bere bertso bidean. 2019an Gipuzkoako finalean sartu zen lehenengoz eta 2022an Txapelketa Nagusiko kanporaketan goiko postuetan kokatuta dator Irungo finalaurrekora. Bertso jarrien alorra ere bereziki landu duen bertsolaria da Labaka Mayoz. Azken urteetan plazan presentzia irabazten doa Lasarte-Oriako bertsolaria.

Maddalen Arzallusek (Hendaia, 1990) 2009an kantatu zuen Txapelketa Nagusian lehen aldiz, 19 urterekin eta hirugarren parte hartzea du aurtengoa. Eten baten ondoren, ostera Xilaban parte hartu eta 2017an itzuli zen Txapelketa Nagusira. Donostiako kanporaketan jokatu zuen lehen saioa eta laugarren postua eskuratuta (678 puntu) lortu zuen Irungo finalaurrekoan kantatzeko txartela. Arzallus orokorrean konforme gelditu zen egindako lanarekin, saio ondoren Bertsoa.eus-i adierazita zionez. 2017an ere Irungo finalaurrekoan kantatu zuen hendaiarrak. Azken urteotan plazan ere bidea egin du Arzallusek. Irratian moldatzen dituen bertsoek ere izaten dute oihartzunik.

Miren Artetxek (Hendaia, 1985) 20 urterekin kantatu zuen lehenengoz Txapelketa Nagusian, 2005ean. Aurtengoa laugarren edizioa du 37 urteko bertsolari hendaiarrak. 2009ko Txapelketa Nagusiaren ondoren, bere bertso bizitzan eten bat egin eta 2017an itzuli zen ostera. Finalaurrekora iritsi zen. 2022an Gasteizko kanporaketan kantatu eta bigarren gelditu zen (670 puntu) Haritz Mujikaren atzetik. 2021ean Xilabako buruz burukoa jokatu zuen hendaiarrak Amets Arzallusekin, final handi bat borobilduz. Artetxek plazan ere presentzia handia du azken urte luzeetan.

Egin beharreko lanak
Itzuli honetan 15na bertso puntuagarri kantatuko dituzte bertsolariek. Zortziko handian 3na, zortziko txikian 3na, puntutan 4na (3na balira bezala puntuatuko da), sei puntuko motzean 3na eta ganbaran

Zazpi epaileak
Finalaurreko lehen itzulian epaile talde bera ariko dira: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean
Irungo finalaurrekorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean daude eskuragarri.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri