Ganbaran bai - Aitor Sarriegi. 2022-11-14
Aitor Sarriegi Galparsoro
Txapelketa osoan dago presente baina iritsi da kalkuluak bi aldetara begira egiteko garaia. Batetik, lehen itzulitik bigarrenera pasatu ez diren bertsolarien langa dago eta, bestetik, pasatu direnen artean Iruñean kantatzeko hautagaien zerrenda eta puntu-dantzarena. Askoren bizitza markatu duen eta dezakeen azken emaitza hori eragiketa matematikorik oinarrizkoenak ebatziko du. Puntu-batura egin eta zazpi onenak aurrera.
Lagun artean aipatu izan dut bertsoa batuketatik baino kenketatik epaitzea ez ote litzatekeen hobea. Airean utzi izan dudan galderari erantzuteko Aitor Bizkarraren ganbarakoa adibide ona izan daiteke; hutsetik puntuak ematen hasita pila litezke puntuak (153,5 puntu, esaterako), baina hamarretik puntuak kentzen hasita ez dakit ezer kentzekorik duen bertsoaldiak. Txapela, zerbait kentzekotan. Bide batez, ganbarako lau gai entzun ditugu finalerdietan eta gaiaren aurrean zabaltzen den angelua desorekatu samarra iruditu zait. Esaterako, bertsolariari Durangoko gaiak aukera-eremu irekiagoa uzten ziola uste dut Irungoaren aldean, kalean ahots bat entzun izanak egoera desberdinak irudikatzeko angelua asko kamusten zuela, alegia. Kontuan hartu beharrekoa bertsolariengandik originaltasuna espero den ariketa batean.
Datuak, portzentajeak eta estatistikak biderkatu dira asteotan zehar sare eta egunkarietan. Espero izatekoa eta poztekoa da aurtengo finalaren kolorea ez dela orain artekoa izango. Generoari dagokionez banaketa desberdina izango duela ia ziurtzat jo daiteke (ikusiko dugu zenbateraino), baina generotik generaziora salto eginez, belaunaldi gazteagoen arnas berria ere ekar dezake aurtengoak. Lurraldetasun ikuspegitik ere aspaldian izan den finalik anitzena izan genezake. Datuek aukera handiak ematen dituzte behintzat lau euskal herrialdetako ordezkariak Iruñean izateko, eta niretzat behintzat, oso da pozgarria. Probabilitateak hor daude, ikusiko dugu estatistika bihurtzen diren.
Ahaztu baino lehen, bi ohar eta apustu bat:
Orain hurrena gai-jartzaile taldearen bizkar jarri nuen bertsolariak posizio desberdinean kokatzearen ardura. Jakin behar nukeen, baina ez omen da talde horren erabakia. Ez zegokionari zuzendu nintzaion, beraz.
Matematikaz ari garenez, eta inork Amurrioko puntuazioak baxuak izan direla esan aurretik, gogoan izan lehen itzulian baino bertso bat gutxiago bota beharko dutela bertsolariek. 655 puntu orain arteko 700 punturen pareko izango direla, alegia.
Jolaserako gaudenez, 1355 esango dut. Kale ala bale.
Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17
Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23
Jexux Mari Irazu
Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17
Jexux Mari Irazu
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04
Mirari Martiarena
Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21
Jexux Mari Irazu
Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28