Finalaurreko lehen itzuliko zenbait azpimarra 2022-11-16
Jexux Mari irazu
Finalaurreko lehen itzulia amaituta, lehen faseak bezala, honek ere utzi ditu azpimarratzeko zenbait lerroburu. Hasteko eta behin, izan duen jarraipena, Txapelketa Nagusiak duen tiradizoaren erakusgarri. Lau finalaurrekoetan 7.250 entzule bildu dira Elizondon, Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. 4.000 entzule bildu ziren lehen faseko sei kanporaketetan. Saioetan bertan bildutako entzuleez gain, 25.000 ikus-entzulek jarraitu dute zuzenean lehen itzulia ETBko laugarren katean zein www.eitb.eus-en.
Maila handia eta puntutako lana puntuatuena
Finalaurreko lehen itzuliak bertsogintza aldetik bertsoaldi eta perla gogoangarriak utzi ditu. Alderdi hau oso da subjektiboa, baina puntuazioek ere erakusten dute zerbait. Puntutako saio batek jo du goia. Agin Laburuk (159,5) eta Joanes Illarregik (156,5) Elizondon egin zutenak. Ariketaz ariketa, zortziko handi puntuatuena Sustrai Colinak (149) eta Nerea Ibarzabalek (140) egin zuten Irunen. Zortziko txikia, Alaia Martinek (151,5) eta Joanes Illarregik (151) Elizondon. Sei puntuko motzean, Beñat Gaztelumendik (152) eta Aitor Mendiluzek (145) Durangon ondo zutena. Ganbarako lanik puntuatuena, Aitor Bizkarrak egin zuen Durangon, 153,5 punturekin.
Tropelburu berria eta aurreko finalista gehienak aurrean
Alaia Martin kokatu da tropelburu lehen itzulian, Elizondon 729,5 puntu eskuratuta. Oiartzuarra ez da berria noski, baina berria da behetik hasi den bertsolari bat aurreko finalisten gainetik gelditzea lehen itzulian. Joanes Illarregi (711) gaztea ere finaleko postuetan kokatu da fase honetan, laugarren. Oihana Iguaran (688,5) ere fase honetan lehen aldiz finaleko postuetan sartu da. Hiru berri zazpikotean.
2017ko bost finalistak finalaurreko lehen itzulian sartu dira txapelketan eta bostetik lau finaleko postuetan gelditu dira lehen itzulian. Mendiluze (726,5), Gaztelumendi (716,5) eta Colina (710) zazpiehuneko langatik gora, Arzallus mugan (688) eta Agirre (652,5) finaleko langatik 35,5 puntura.
Sailkapenean, lehenbiziko 10tik 8 gizonezkoak
Kanporaketa fasean, lehen 10 sailkatuetatik 7 emakume bertsolariak izan ziren eta hiru gizonezkoak. Finalaurreko lehen itzulian hamarretik zortzi gizonezko bertsolariak dira eta bi emakumezkoak.
Bigarren itzulirako sailkatu diren 18 bertsolariak kontuan hartuta, 10 dira gizonezkoak eta 8 emakumezkoak, % 56,6 eta % 44,4. Lau urte atzera eginda, 2017an, 12 eta 6 izan ziren, % 76,7eta % 33,3. 2013an, 16 eta 2, alegia, % 89 eta % 11.
Herrialdeka, gipuzkoarrak goian, nafarrak indartuta
Lehen itzulia lurraldetasun ikuspuntutik irakurrita, lehen hiru sailkatuak gipuzkoarrak dira aurtengoan: Martin, Mendiluze eta Gaztelumendi. Bi gipuzkoar eta lapurtar bat izan ziren 2017an, Lujanbio, Mendiluze eta Colina. 2013an, bi lapurtar eta bizkaitar batek bete zuten gailurra. Arzallus, Colina eta Elortzak.
Herrialdeka, bertsolari nafarrek pauso bat eman dute sailkapenean. Lehen aldiz, lehen itzulian finaleko postuetan sailkatu da bat, Illarregi, eta finaleko postuetatik bi puntura bigarren nafarra, Soto. 26 puntura hirugarren nafarra, Alkaiza.
Lehen itzulian, Bizkaiari egokitu zaio beste aldekoa. Finaleko postuetan ez da bertsolari bizkaitarrik sailkatu fase honetan, finalaurrekoak bi itzulira egiten denetik lehen aldiz. Lehen bizkaitarra, Bizkarra, finaleko postuetatik 9,5 puntutara gelditu da, Ibarzabal 15 puntura eta Uria 27,5 puntura.
25 urtez beheko bertsolari bat finaleko postuetan, 2009tik lehen aldiz
Finalaurreko lehen itzulian bertsolari gazte bat finaleko postuetan sailkatu izana ere bada azpimarratzekoa, 2005etik ez baita halakorik gertatu izan. Joanes Illarregi 23 urteko bertsolari leitzarrak egin du meritu hori, laugarren postuan sailkatuta.
Sailkapenari tiraka, berritasunak utzi du beste zertzeladarik ere. Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartzen duen bertsolari batek, Eñaut Martikorenak, bigarren itzulian kantatuko du. Datu hori ere berria da azken zortzi urtean. Eta, lehen aldiz parte hartu duen beste bertsolari bat gelditu da atean, Ane Labaka.
Ikusmina indartu egin du lehen itzuliak
Kanporaketa faseko mailak indartu egin zuen Txapelketak ohikoa duen ikusmina. Finalaurreko lehen itzulian ere beste horrenbeste gertatu dela esan liteke. Fase honetan, bertso mailak eta finalaren espektatibak are gehiago indartu egin dute ikusmin hori.
Interesgarria eta ederra (bezain gogorra) izateko osagai guztiak ditu bigarren itzuliak ere.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24