Txapelketa Nagusia - Finalerako bidean 2022-11-23
Jexux Mari irazu
Abenduaren 3an jakingo dugu Maialen Lujanbiorekin batean zein beste zazpi bertsolarik kantatuko duten BTN22-ko final handian. Hori bai, Baionako finalaurrekoaren ondoren, zazpi finalistatik bat matematikoki sailkatuta egongo da, Bilbon matematikoki sei postu baino ez direlako jarriko jokoan. Oraingoz, beraz, estimazioak probabilitate eta estatistika kontua izango dira.
Goiko langatik hasita, Alaia Martinek 1.405,5 eskuratu ditu. Puntuaketa honen balioa kokatzen laguntzeko, bi datu: 2017an Maialen Lujanbiok atera zituen puntu gehien finlaurrekoan. 1.457 puntu, 30 bertso puntuarri kantatuta. Aurtengoan bezala, emaitza hori 29 bertsotara ekarrita 1.408,5 puntu aterako zituzkeen, Martinen baino 3 puntu gehiago. Duela bost urte, gainerako finalista guztiak langa horren azpitik sailkatu ziren finalera.
2013an Amets Arzallus gailendu zen finalaurreko fasean 1.436,5 puntu bilduta, orduan ere 30 bertso puntuagarri kantatuta. Aurtengo lan neurrietara ekarrita, 1388,5 puntu. Martinek baino 17 gutxiago. Garai eta epaile desberdinek emandako puntuaketa dira, noski, kontu beraz. Baina, era berean, epai irizpide berberen gainean emanak ere badira. Beraz, argitasunen bat eman lezakete.
Beheko langari dagokionez, puntu gutxiren tartean erabaki izan dira gauzak. Puntuaketa berarekin bertsolari bat finalera eta bestea kanpoan gelditzea ere ezagutu izan dugu, 2013an.
Lehen itzuliko puntuaketak oinarri, eta Amurrioko sailkapean kontuan izanda, hipotesi bat da Aitor Bizkarraren puntuaketa izan litekeela balizko langa. Alegia, finalean sartzeko 1.329 puntutik gora bildu beharko ditu bertsolariak bi finalaurrekoetan. Baina ez da hori, noski, aukera bakarra. Litekeena da zerbait gorago egotea eta gertatu izan da beherago kokatu izana ere, 2013ko eta 2017ko Txapelketetan kasu. Bi horietan, 1.318 puntutan egon zen langa, puntu erdiko aldearekin. Oihana Iguaranek 1.321 puntu ditu.
Langa puntu kopuru batean zein bestean jarri, berez kalkulu erraza da bertsolari bat goiko postuetan sartzeko gainerakoei atera beharreko aldeak jakitea. Bere aurretik dituen bertsolariek zenbat puntu kentzen dizkioten, bakoitzari beste hainbesteko aldea atera beharko die puntutan. Eta noski, sailkapenean atzetik dituenekiko aldeak eutsi.
Pintzekin hartu beharreko ariketa posible bat eginda, hauek izan daitezke datozen bi saioetan kantatuko duten bertsolariek finaleko postuetan sartzeko bigarren itzulian atera beharreko puntu kopurua. Ariketa hau egiteko, Aitor Bizkarraren puntuaketa hartu dugu langatzat. Oihana Iguaranen puntuaketa hartu nahi izatera, aski da 8 puntu kentzea.
Kalkuku horren arabera, lehen itzulian bost lehenbizikoetan sailkatuek, Aitor Mendiluzek, Beñat Gaztelumendik, Joanes Illarregik eta Sustrai Colinak gutxienez 603-620 puntu tartean atera beharko dituzte 1.330ko langaren gainetik gelditzeko. Aurreko faseko eskalara ekarrita, hor ohitu baikara kontuak egiten, 647-664 bueltan.
Amets Arzallusek lehen itzuliko bataz besteko bera beharko luke, hipotesi honen arabera. 642 puntu Bilbon, 688 aurreko neurrian. Koxka beretsuan dago Julio Soto. Gorritiarrak 644 puntu beharko lituzke (690 aurreko eskalan, Durangon lortu zituenak baino 14 puntu gehiago proportzioan).
Nerea Ibarzabalek 657 puntu inguru beharko lituzte finalean sartzeko, (704 aurreko neurrian, Irunen baino 31 puntu gehiago), beti ere bere aurrekoei aldea janda. Saioa Alkaizak, 668 puntu (716, aurreko erreferentzian, Gaztelumendi Durangon atera zuen puntu kopurua). Jone Uriak ere antzeko, 669,5 puntu (717,5 aurreko neurrian). Biek 55 puntu bueltan ondu beharko lukete bere buruaren aurreko puntuaketa.
Unai Agirrek 677,5 (726 aurreko neurrian, Mendiluzeren Durangoko puntuazioa. Azkenik, koska beretsuan, Eñaut Martikorenak 693,5 puntu (743, aurreko erreferentzian) eta Maddalen Arzallusek 695 puntu (744,5 aurreko neurrian).
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24