igandero 15:00etan ETB1en 2022-11-24

Hala ere, Hitzetik Hortzera

Datorren larunbatean Baionan jokatuko da finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren saioa, eta Hitzetik Hortzera bertan izango da. Bertso doinuek ez ezik, labetik atera berri den Willis Drummond taldearen Hala ere diskako erritmoek jantziko dute saioa. Jurgi Ekiza taldeko abeslariarekin izan gara Baionan. Ez galdu Hitzetik Hortzera igandero 15:00etan ETB1en

Idoia Torregarai eta Eider Perez Komunean  atalean izango ditugu saioaren inguruan hitz egiteko. Gainera, iritzia emango duten bertsolariak ere izango ditugu txapelketak iraun bitartean.

 Jurgi Ekiza, abeslaria

Willis Drummond taldea duela hogei urte sortu zen. Taldekideak hurbileko lagunak izanik, familia funtzionamendua dutela azaldu digu Jurgi Ekiza taldeko abeslariak. 2014. urtearen amaieran, ordea, arrazoi ezberdinak medio, etenaldi bat egitea erabaki zuten berriro oholtzara itzuliko ziren jakin gabe.

Hala ere diska

Taldearen zazpigarren diska da Hala ere. Grabatzeko metodo desberdin bat erabiltzeak lanari freskotasuna eta distira eman diola dio Ekizak. Gaineratu du, aldaketak egon arren, nortasuna ez dutela galdu eta entzuleak betiko Willis aurkituko duela.

Sorkuntza prozesuari dagokionez, kantuak taldekideen artean dituzten solasaldi eta kezkatzen dituzten gaien isla dira. Hala ere, aipatu du, bere ustez, musikak  ez duela zertan funtzio politikoa edota kritika sozialaren ispilu izan. Jurgik inkonzientzia kaleratzeko tresna gisara ulertzen du musika, barne burua kanporatzeko eta hobeto sentitzeko.

Baionan euskaraz

“Mundu txiki bat dago, baina gure mundua da”.  Jurgi Ekizak euskara ama hizkuntza eta, era berean, berriz ikasi behar izan duen hizkuntza du. Beraz, euskaraz abestea neurri batean hautu politikoa badela dio. Hala ere, bere bihotzeko hizkuntza izanik euskaraz abestea naturalagoa zaiola berretsi du.

Baionako bertsoaldi onenak

Igandeko programan bezperako saioko bertsoaldi onenen aukeraketa ikusteko aukera izango da. Larunbatean jokatuko den saioan honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanetan, berriz, Ainhoa Larretxea arituko da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri