Larunbatean, 17:00etan 2022-12-01
Txapelketa Nagusia Bilboko Bizkaia frontoira joango da lehenengo aldiz eta finalaurreko fasearen azken partida jokatuko da bertan. Oholtzan, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Maddalen Arzallus, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Idoia Anzoraindiak aurkeztuta. 17:00etan hasiko da, ziurrenik orain artean txapelketan izan den jendetzarik handiena bilduta. Bertsoa.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.
Oraingoz Alaia Martin da fase honetan matematikoki finalerako sailkatuta dagoen bakarra. Hortik aurrerakoak, probabilitate kontuak. Aitor Mendiluzek darama puntu zakua beteen. Joanes Illarregik ere koltsoia darama. Bi horiek daude eutsita finalean egon litezkeenak. Amets Arzallusek Donibane Garazikoa ondu egin beharko du Iruñean izateko. Hortik atzera, irauliak handiagoa beharko luke. Saioa Alkaiza eta Jone Uria daude koska berean, Maddalen Arzallus, koska bat beherago.
Aitor Mendiluze Durangoko finalaurrekoa irazita (727,5) dator azken finlaurrekora, puntuazioren goiko langa eskuratuta. Puntu marjin horrek eta erakutsia duen erregulartasunak finalerako aukera handiekin kokatzen dute bertsolari andoaindarra. Langa 1.330 izan litekeela suposauta, Julio Sotok baino puntu erdi gehiago alegia, Mendiluzek 603,5 puntu atera beharko lituzke finalean sartzeko. Langatzat, Ibarzabalen puntuazioa hartuta, 618,5.
Joanes Illarregi finalerako aukera errealekin iritsiko da azken saiora, bere lehen Txapelketa Nagusian. Elizondoko 711 puntuk tarte handia irudikatzen dute eta aurreko fasean Arrasaten irabazi egin zuen bere kanporaketa. 619 puntu beharko lituzke Sotoren aurretik gelditzeko, eta 634 Ibartzabal gainditzeko. Lehen aldiz kantatuko du finalerako aukerekin bigarren itzulian eta larunbatean jakingo da nola moldatzen den egoera horretan.
Amets Arzallus Donibane Garaziko saioan bigarren postua eta 688 puntu eskuratuta ekingo dio azken finalaurrekoari. Txapeldun ohiak bere aurreko lanaren beste hainbestekoa eginda 1.330 langan kokatuko litzateke, Bilbon 642 puntu aterako balitu. Ibarzabalen puntuazioa gainditzeko, 647tik gora beharko lituzke.
Saioa Alkaizak Durangon eskuratu zuen bigarren itzulirako txartela 662 puntu aterata eta bere finalerako aukera irauli handi baten baitan legoke. Nafarroako txapeldunak 688 puntuko lana egin beharko luke Bilbon, (Alaia Martinek baino 12 puntu gehiago).
Koska berean dago Jone Uria, Bizkaiko txapeldunordea ere. Uriak Irunen lortu zuen bigarren itzulirako txartela 660,5 puntu eskuratuta eta algortarrak ere irauli handia eman beharko lioke sailkapenari finalean izatekotan. 689,5 puntutik gorako saioa egin beharko luke (739 puntu, aurreko faseko erreferentziarekin). Uriak kanporaketa irabazi zuen Donostian eta 706 puntu atera.
Maddalen Arzallusek ere Irunen lortu zuen Bilborako txartela 635,5 eskuratuta. Koska horretatik, finaleko aukerak oso-oso urrun gelditzen zaizkio bertsolari hendaiarrari eta bera izan liteke aldarte patxadosoan bertsotan egiteko posizio egokienean dagoena seikotean.
Epaile taldea
Amurrion eta Baionan bezala, Bilbon ere honako zazpi epaile hauek ariko dira bertsoak epaitzen: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi.
Bertsoa.eus-en zuzenean eta igandean bertsoak sarean
Bertsoa.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da Bilboko finalaurrekoa. Baita Eitb.eus-en eta ETBko laugarren katean ere. Larunbat gauean, ETB1n ganbarako lana ikusi ahal izango da diferituan, 23:00etan hasita. Igandean, bertsoaldi guztiak sarean izango dira eta Hitzetik Hortzeran emango da aukeraketa, ETB1n.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24