Ganbaran bai - Sarai Robles 2022-12-08
Sarai Robles
Bukatu da sailkapen fasea eta osatu da final handia. Joanes Ilarregik hasierako agurrean esan bezala, larunbatean azken edo azken-aurreko arnasa eman zuten sei bertsolariek Bilbon. Orain arteko hasierako agur lehiakorrenak edo asmo handikoenak izan zirela esanen nuke, puntuei, matematikari eta finalari erreferentzia egin baitzieten gehienek; aurreko saioek erakutsi zuten txapelketa honetan ia edozer gerta zitekeela, eta horren jakitun ziren.
Nire iritziz saioko harribitxietako bat izan zenaz hitz egin nahiko nuke: Jone Uriaren ganbarako ariketaz. Gaiak honela zioen: "kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu". Aukeratutako egoera zehatza edozein izanik ere, a priori hiru bide hartu zitezkeela uste dut: egoera bidegabe baten biktimaren papera, heroiarena edo gaiztoarena. Lehenengo bi egoerek asko errazten dute entzulearekiko komunikazioa, zabaldu nahi den mezua zuzenean eta apaindurarik gabe bota daitekeelako. Hala egin zuten Saioa Alkaizak (etxegabetua izan denaren paperetik kantatuta, zoragarriki, nire ustez) eta Joanes Ilarregik (Qatarreko mundialean jokatzeari uko egin dion futbolariaren larruan).
Jone Uria izan zen hirugarren bidea hautatu zuen bakarra. Gizon katedratiko boteredun bat irudikatu zuen, bere estatusa baliatuta ikasleak jazartzen zituena. Bertsoak oso ongi osatu behar izan zituen hautatutako pertsonaia defendatzen ari ez zela ulertu genezan: karikatura egin zuen, baina ez sinesgaitza bihurtzeraino, baizik eta kritika estalia egiten ari zela aditzera emateraino (lehenengo bertsoan "baina gero iritsi zen feminismoaren moda" bota zuen, hirugarrenean "ustez hilko nintzen noizbait izanik denen jainkoa (...) baina orain naiz gizajo triste ta patetikoa, hau izango da entzuten den justizia poetikoa). Bertsoaldia entzun eta segituan, Unai Iturriagak 2009ko finalean dutxa azpitik abestutako bertsoak etorri zitzaizkidan burura. Ez dakit kontziente garen halako zerbait egitearen zailtasunaz. Izugarrizko pena dut Jone Uria finalean entzunen ez dugulako.
Txapelketa honetan ia edozer gerta zitekeen, baina zenbait gauza ez ziren gertatu. Lehenengo eta bigarren itzulietako puntuen baturak bitan banatu zituen Bilboko bertsolariak: hiru gizonak finalera, hiru emakumeak finaletik kanpo. Gogoratzeko moduko aleak utzi zituzten denek, dena den, eta pozik egoteko moduko saioa (eta txapelketa!) osatu zuten.
Orain digestioa ahal bezala egin beharko dugu, eta finaleko sabelbeterako prestatu. Badator!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24