Txapelketa Nagusia - Finaleko lanak 2022-12-14

35 bertso txapelerako bidean, % 60 ofiziotan, %40 bakarka

Lan puntuagarriaren %44 jokatuko da goizean eta %56 arratsaldean. Buruz burukoan 10na bertso kantatu beharko dituzte, txapelerako bide puntuagarriaren %29,4. 'Iparragirre' doinua buruz burukora itzuliko da, 21 urteren buruan.

Hasierako agurra bota eta 35 bertsotara izango dute bertsolariek txapel preziatua Iruñeko finalean. Bi finalaurrekoetako lana baino gehiago, goiz eta arratsalde. Buruz burukoan sartzen direnek egingo dute lan hori. Gainerako seiek, 25na bertso puntuagarri kantatuko dituzte egunean zehar. Lan puntuagarriaren %44 jokatuko da goizean eta %56 arratsaldean.

Iparrarragirre buruz burukora, 21 urteren ondoren
Finaleko lanei dagokionez, aurreko edizioetatik aldaketa aipagarriena da buruz burukoan Iparragirre doinuan ariko direla. 90. hamarkadako Txapelketa Nagusietan ohikoa izan zen neurri hori ofiziotan eta 2001ean buruz buruzkoan. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren orduan.

Ofizioen hurrenkeran ere bada aldaketarik: sei puntuko motza eta hamarreko txikia hurrenkeraz gurutzatuko dira, 2017koarekin alderatuta. Aurten sei puntuko motza goizean eta hamarreko txikia arratsaldean, saioa hasteko. 2017an justu beste aldera izan zen.

22 bertso ofiziotan eta 13 bakarka
Txapelerako bidean bertsolariek ofiziotan egin beharko dute lanik handiena: zazpi ofizio denera: zortziko handian, zortziko txikian (bi aldiz), hamarreko txikian, sei puntuko motzean, puntutan eta Iparragirre abila dela doinuan. 21 bertso puntuagarri. (Berez, 22 bertso botako dituzte puntutan launa bertso direlako baina ariketa hori hiruna bertso balira bezala puntuatuko da, finalaurrekoetan bezala).

Bakarka ere exijentzia handiko lana izango dute bertsolariek, eta are gehiago buruz burukora iristen diren biek. Txapelerako jokoak bost bakarkako lan egitea dakar: hiru bakarkako gai, hiru puntu erantzun eta hitza gaitzat emanda, bederatziko txikia bota. 13na bertso puntuagarri bakarka, 21na bertso puntuagarri ofizioetan.

Puntuen %60 beraz, ofiziotan daude jokoan eta %40 bakarkakoetan.

Buruz burukoan 10 bertso eta puntu asko jokoan
Buruz burukoa motz antza egiten da bi bertsolari bakarrik ari direlako kantuan, baina, terreno askoko lana da eta puntu asko dago jokoan, aldeak handitu zein iraultzeko. Berez, arratsaldeko lanik luzeena da buruz buruzkoa eta txapelerako bide puntuagarriaren %29,4 jokatuko da fase horretan.

Goiz eta arratsaldeko lanak
Goizean, agurra eta 15na bertso puntuagarri kantatuko dituzte bertsolariek. Hiru ofizio, puntu erantzunak eta ganbarako lana:
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
    Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
    Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean, aldiz, 10na bertso, 9na balira bezala puntuatuko direnak. Bi ofizio eta banaka gai bana emanda:
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
    Binaka, gaia emanda, puntutan, zortzi bertso osatu arte (sei bertso bezala puntuatuko dira).
    Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

24 bertso kantatuta erabakiko da buruz-burukora zein pasako diren.

Buruz burukoan, 10 bertso
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
Ganbarako lana:
        Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
        Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri