Txapelketa Nagusia - Finala 2022-12-15
Jexux Mari irazu
1980an hasi zuen txapelak bat-bateko bertsogintzaren garaikur gorena izateko bidea, Euskaltzaindiaren eskutik. Geroztik 11 edizio jokatu dira eta 12. finalaren atarian, 42 urteko bidaia historikoa egingo dugu txapelketa bakoitzeko txapeldunak txapelketa horretan egin duen bidean barrena. Datu intesgarriak daude tartean: 42 urteotan antolakuntza eredu desberdinak egon izan dira eta, estatistikoki, txapelerako bidea finalaurrekoetan abiatu izan da gehienetan.
Hamaikatik zortzitan aurretik hasita, hirutan finalean sartuta
Azken 42 urteetan txapelerako bidea gehiagotan izan da saio bakarretik gorakoa, txapelduna finalean sartu izan denetan ere. 1980tik, hamaika ediziotatik zortzitan txapela finalaurrekoetan edo final laurdenetan abiatu den bertsolariak irabazi izan du. Hirutan, berriz, finalera zuzenean sartutako bertsolariak. Igandean ikusiko da estatistika hau zein bidetatik gizentzen den.
Txapelketa Nagusi garaikideetan, antolakuntzak hala erabakita, 1986an sartu zen lehenengoz aurreko txapelduna zuzenean finalean. 1980an eta 1982an, Euskaltzaindiaren eskutik, ez zen finalera zuzenean sailkaturik izan (1967koa zen aurreko erreferentzia). 1986an, 1982ko emaitzak aintzat hartu zituen Bertsozale Elkarteak eta finalera zuzenean sartu ziren Xabier Amuriza eta Jon Lopategi.
Geroztik, historikoki hau izan da eskema iraunkorrena eta bederatzitik zazpi Txapelketa Nagusitan errepikatu da. 1993 eta 1997koak izan ziren salbuespenak eta 2001ean itzuli zen aurreko formula.
Txapelerako bidean izan duen emaitzari so, txapelduna finalean sartu den zazpitatik bitan eutsi dio txapelari. Andoni Egañak bietan (2001 eta 2005). Jon Lopategik ere finalera zuzenean sartuta irabazi zuen 1989an, 1986an txapeldunorde izaki.
Egaña txapeldun, luze-laburrean
42 urteotan, Andoni Egaña izan da bakarra txapela bide luze-laburretan irabazi duena. Bera izan da final laurdenetan hasita txapelak jantzi dituen bakarra (1993 eta 1997). Eta bera, finalean sartu eta bi aldiz irabazi duen bakarra (2001 eta 2005).
Xabier Amurizak, Sebastian Lizasok, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek behetik hasita irabazi izan dituzte beren txapelak. Finalera zuzenean sartu izan direnetan ez diote txapelari eutsi izan. Andoni Egañak ere badaki zer den finalera zuzenean sartu eta txapelari ezin eutsia (2009).
Lujanbio eta Arzallus, bi txapeldun Iruñeko finalean
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek jantzi dituzte azken hiru txapelak, 2009tik honakoak. Bien txapelerako bidea finalaurrekoetan hasi izan da orain artean eta finalean sartu izan direnetan ez dute txapelari eusterik lortu. Nola bat hala besteak, ordea, ez du zalantzarik. Aukeran jarrita, nahiago txapelketan finalean hasi, basamortua zeharkatu behar izatea baino. Hala azaldu zuen hendaiarrak Bertsoa.eus-i eskainitako elkarrizketan eta antzera mintzatu zen hernaniarra asteartean Iruñean, finaleko aurkezpenean gai horren inguruan galdetu ziotenean.
Garaian garaiko txapelerako bideak
Garaian garaiko antolakuntzak markatu du Txapelketa Nagusiko bertsolariak txapelketako zein fasetan hasi. 1980an eta 1982an Xabier Amurizak finalaurrekoetan kantatuta irabazi zituen bere bi txapelak, Donostian.
1986an, Xabier Amuriza eta Jon Lopategi (1982ko txapelduna eta txapeldunordea) zuzenean sartu ziren finalera. Sebastian Lizasok irabazi zuen txapela Donostiako Belodromoan, finalaurrekoetan hasita. Jon Lopategi gelditu zen bigarren.
1989an ere aurreko eskema bera errepikatu zen: Lizaso eta Lopategi Belodromoko finalera zuzenean. Jon Lopategik irabazi eta Lizaso bigarren gelditu zen.
1993an, eskema aldaketa etorri zen eta bertsolari guztiak hasieratik hasi ziren, final laurdenetatik. Andoni Egañak irabazi zuen eta Xabier Euzkitze gelditu zen bigarren. 1997an ere bertsolari guztiak hasieratik hasi eta Andoni Egañak irabazi zuen eta Xebastian Lizaso gelditu zen bigarren.
2001an finalista zuzenean ostera eta buruz burukoa abian jarri
2001an aldaketa etorri zen. 1997ko txapeldunak eta txapeldunordeak finalean kantatzeko eskubidea izan zuten, 86 eta 89ko filosofiari jarraiki, eta buruz burukoa jarri zen finalaren azken koxkan. Aurreko finalistak, berriz, finalaurrekoetan, bi itzulitara. Ordukoa da egungo eskemaren oinarria. XXI. mendeko lehenbiziko hartan, Andoni Egañak finalean zuzenean sartuta irabazi zuen txapela, Maialen Lujanbiorekin buruz burukoa jokatuta. Sebastian Lizasok, finalean kantatzeko eskubidea zuen arren, ez zuen parte hartu.
2005ean, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio sartu ziren zuzenean BEC-eko lehenbiziko finalera, Donostiako Belodromoari lekukoa hartuta. Egañak irabazi zuen bere laugarren eta azken txapela, Unai Iturriagarekin buruz burukoa jokatuta.
2009tik, txapelduna bakarrik finalera
2009tik aurrera, txapelduna bakarrik sartu izan da finalera zuzenean eta txapeldunordea finalaurrekoetan hasten da kantuan, beste finalistekin batean. Edizio hartan, beraz, Andoni Egañak kantatu zuen zuzenean Barakaldoko finalean eta Maialen Lujanbiok irabazi zuen finalaurrekoetan hasita. Amets Arzallusekin jokatu zuen buruz burukoa.
2013an, Maialen Lujanbio finalean sartu zen zuzenean eta Amets Arzallusek jantzi zuen txapela BEC-en, finalaurrekoetan hasita. Lujanbiorekin jokatu zuen buruz burukoa.
2017an, Amets Arzallus sartu zen zuzenean finalean eta Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela BEC-eko aldiaren azken txapela, finalaurrekoetan hasita. Aitor Mendiluzerekin jokatu zuen buruz burukoa.
Urtez urte, non hasi zen txapelerako bidea
1980an Xabier Amuriza txapeldun, finalaurrekoetan hasita.
1982an Xabier Amuriza txapeldun, finalaurrekoetan hasita.
1986an Sebastian Lizaso txapeldun, finalaurrekoetan hasita.
1989an Jon Lopategi txapeldun, finalean hasita.
1993an Andoni Egaña txapeldun, final laurdenetan hasita.
1997an Andoni Egaña txapeldun, final laurdenetan hasita.
2001an Andoni Egaña txapeldun, finalean hasita.
2005an Andoni Egaña txapeldun, finalean hasita.
2009an Maialen Lujanbio txapeldun, finalaurrekoetan hasita.
2013an Amets Arzallus txapeldun, finalaurrekoetan hasita
2017an Maialen Lujanbio txapeldun, finalaurrekoetan hasita.
2022an?
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24