Txapelketa Nagusia - Finala 2022-12-16

Mende bat lau pausotan, transmisioa txapelketako finaletan barrena

Mende bat lau pausotan, transmisioa txapelketako finaletan barrena
Zein harik josten ditu bi argazkien arteko zazpi desberdintasunak? Zenbatero berritzen dira erabat finaletako argazkiak eta zenbateko erreleboak eman izan dituzte bertsolariek finaletan 1935etik?

Jexux Mari irazu

Bertsolaritzaren transmisioak hari-mutur asko ditu eta horietako bat Txapelketa Nagusietako finalek harilkatzen eta irudikatzen dute. Hari horri tiraka, adibidez, lau pausotan irits daiteke Txirritarendik Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregirenganaino, 2022ko hiru finalista berriengana alegia.

1935 eta 1936ko Txapelketetan Txirritarekin batean han zeuden Basarri (1935) eta Uztapide (1936). Pauso batean bi bertsolari horiek XIX eta XX. mende hasierako bertsogintzaren haria 60. hamarkadara arte luzatu zuten Txapelketa Nagusiko lau finaletan, 1967 arte hain zuzen. Bigarren pausoa. 1962rako finalean zen Lopategi Uztapide eta Basarrirekin batean, eta Muxikako bertsolariak 1989 finalera arte luzatu zuen bere pausoa. Hirugarren pausoak aski zituen 7 urte, Maialen Lujanbioren aldia (1997tik aurrerakoa) korapilatzeko. Lizasok zein Egañak irudika lezakete pauso hori. Eta, laugarren pausoan, Lujanbioren hariak josten ditu gerra aurreko finalista haiek 2022ko finalista berriekin, Martin, Ibarzabal eta Illarregirekin.

Mende laurdenetik gorako pausoak Txapelketan
Txapelketa Nagusietako finalek erakusten dute transmisioaren beste alderdi bat ere: pausorik luzeenak 25-30 urte bitartekoak dira. Manuel Olaizola Uztapide da Txapelketan erreleborik luzeena eman duena, 31 urteko pausoa eman zuen Zestoako txapeldunak, finalak erreferentziatzat hartuta. 1936ko finalean kantatu zuen, Txirritaren ondoan, eta 1967an utzi (besteak beste, Xalbador, Lazkao Txiki eta Lopategi inguruan zituela). 27 urtekoa eman zuen Basarrik (1935-1962). Jon Lopategik josi zituen 1960ko hamarkada eta 1980koa, finalez final 27 urteko bidea eginez (1962-1989).

Sei urte intentso izan ziren Xabier Amurizaren final aldia (1980-1986); 15 urtekoa izan zen Xebastian Lizasoren arnasa finaletan (1982-1997); Andoni Egañak luzatu handia eman zion finaletako hari horri, 23 urtera eramanaz (1986-2009). Eta final kopuru berarekin bada ere, urtez, Maialen Lujanbio hari hori gehiago luzatzen ari da. Hernaniarrak 25 urteko pausoa eman du dagoeneko finalez finaleko transmisio bidean.

Bertsolariek txapelketan geroz eta ibilide laburragoa egiten dutela eta geroz eta plaza hori gazteago uzten duten pertzepzioak nahiko zabaldua egon izan da bertsolaritzan. Txapelketako bideari dagokionez, beste errealitate bat erakusten duten datuak ere badira, azken hiru hamarkadako bideak ikusita. Unai Iturriagak 20 urteko haria josi zuen finaletan (1993-2013); Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak 21 urteko bidea daramate finaletan eta 17 urtekoa Amets Arzallusek. 17 urtekoa egin zuen Imanol Lazkanok ere (1982-1989); 13koa Jon Enbeitak (1980-1993); 11 urtekoa Anjel Mari Peñagarikanok (1982-1993).




1993ko eta 2022ko Txapelketa Nagusiko finalistak. 29 urtetan berritu da erabat Txapelketa Nagusiko egungo finalisten argazkia eta 1997ko finalean du azken hari-muturra.


Zenbatero berritu izan dira erabat finaletako argazkiak?

2022ko finalisten argazkian ez dago 1993ko finaleko bertsolaririk. 29 urtetan berritu da erabat Txapelketa Nagusiko egungo finalisten argazkia. 1997koa da mantentzen den hari-mutur luzeena. Orduan sartu zen Maialen Lujanbio lehenengoz finalean. Baina aldaketak ez dira beti abiadura berean eman izan.

1936ko argazkia 1980an berritu zen erabat
Uztapide tartean zela, 1936ko finaleko argazkia izan da gehien iraun duena. Gerra aurreko finalisten argazki hura, 1980an berritu zen erabat, 44 urteren ondoren. Jakina, txapelketak etenaldi luzeak izan zituen garaia izan zen bai gerra ostean bai Xalbadorri jotako txistuen ondotik. Geroztik ez da etenik izan.


1962ko argazkia 1993an berritu zen erabat
Hirurogeiko hamarkadak ere itzal luzeko argazkiak utzi zituen. 1960an ekin zion berriro Txapelketa Nagusieak eta 1962an han zen Jon Lopategi gaztea. Muxikarrak 1989an amaitu zuen txapelketa bidea, 27 urteko pausoa emanda. Urte berean utzi zuen Imanol Lazkanok Txapelketa Nagusiko finala, eta lau urte lehenago utzia zuen Xabier Amurizak. 1993an berritu zen erabat 60 hamarkadako argazki hura, 29 urteren buruan. Egañak lehen txapela irabazi eta Unai Iturriaga 19 urterekin finalean sartu zen urtea izan zen.


1980ko argazkiak 1997an berritu ziren
13 urteko etenaren ondoren, Txapelketa Nagusia berrabiarazi zuen finaleko argazkia (1980), Amuriza txapeldun zela, 17 urtean berritu zen erabat. Jon Enbeita txapeldunorde gelditu zen 1980an eta 1993arte eutsi zion finaleko hariari. 1982an belaunaldi gaztea sartu zen: Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano, 24-25 urteko bi bertsolari aspaldiko partez. 1997 arte eutsi zion Lizasok finalean.


1982ko finaleko argazkia, Xabier Amuriza txapeldun dela.



1997ko finaletik Maialen Lujanbio 2022ko argazkian
1997ko finaleko hari bat iritsi da Iruñeko finaleraino. Bidean gehituz joan diren hari matazekin eta 2022ko argazkia berritu duten hari mutur berriekin batean josiko dituzte Maialen Lujanbiok, Nerea Ibarzabalek, Amets Arzallusek, Beñat Gaztelumendik, Alaia Martinek, Joanes Ilarregik eta Sustrai Colinak beren bertsoak milaka bertsozaleren gozamenerako.



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri