Igandero 15:00etan ETB1en 2022-12-17

Hitzetik Hortzera finalean

Igande honetan jokatuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñeako Nafarroa Arenan. Hauek izango dira finalean parte hartuko duten zortzi bertsolariak: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Bestalde, Hitzetik Hortzera larunbatean izango da gaueko bederatzietan. Saio honetara, finalean arituko diren zortzi bertsolariak gonbidatu ditugu. Txapelketaren bezperetan dituzten gorputzaldiak, sentipenak eta bizipozak ezagutu nahi izan ditugu.

Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi

Beñat Gaztelumendik hirugarrenez hartuko du parte finalean, Alaiak Martinek ordea, bere lehendabiziko finala du. Finalak lanerako gogoz, grinez eta lanean harrapatu duela dio Alaiak. Beñaten kasuan, aldiz, duela bost urteko finalarekin arantza bat izan zuenez,  aurten finalera heltzea oso garrantzitsua zuela dio. Txapelketara begira udaberrian hasi ziren, beraien esanetan, batere bete ez duten plangintza batekin. Hala ere, plangintza, ilusiotik, hobetu nahitik eta intzentziotik, ordea, bete dutela diote. Bestalde, txapelketako ariketa batzuk ere ekarri ditugu gogora. Alaia Martinek Amurrion abestutako ganbarakoa edota Durangon Beñat Gaztelumendik Julio Sotorekin abestutako puntukako ariketa, esaterako.

 

Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina

Irunen bat egin zuten txapelketaren ibilbidean, ondoren Baionan, eta azkenik, Nafarroa Arenan izango dira bi finalistak. Sustrai Colinaren seigarren finala da. Nerea Ibarzabal lehendabizikoz arituko da. Nereak saioetan bere buruari finkatutako helburuak lortuta  pozik dagoela adierazi du. Sustraik aipatu du, bere kasuan, txapelketak bi fase izan dituela eta txapelketan norbera hasten denean oinak lurrean jartzearen modukoa izan dela. Bestalde, larunbateko saioan gogora ekarriko dugu Nerea Ibarzabalen Baionako agurra. Erdi abisu, erdi dibertsio, erdi mozorro gisa definitzen du agur hori. Batez ere, txapelketa garaian,  zerbaitekin konektatzeko mozorroak izatea beharrezkoak direla aipatu du. Sustraik aldiz, Baionan hil kutxa barrutik abestu zuenekoa ere ekarriko dugu gogora. Horren atzean, gauzei toki ezberdinetik heltzeko lana eta bilaketa handia dagoela aipatu du. 

 

Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi

Aitor Mendiluzek seigarren aldiz jokatuko du finala, Joanesek ordea, lehen aldiz jokatuko du. Joanes txapelketako gazteena eta Aitor beteranoetako bat izanda, Aitorrek txapeketa bi aukera dituen olatu baten moduan definitu du, “zu olatuan joan, edo olatuak zu eraman”. Joanesek bide polit eta luze bezala bizi izan du txapelketan egindako ibilbidea, Aitorren kasuan, ordea, bidea motza izan da.  Durangoko saioan Beñat Gaztelumendirekin Durangon egindako ariketa  ekarriko dugu gogora larunbateko saioan. Joanesen kasuan, Elizondon Agin Labururekin puntuka egindako ariketa gogoratuko dugu,  benetan kantuan gozatzea hor lortu zuela esan du, konplizitatetik kantatuz. 



Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapela jaztea zer den badakite Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiok. Bi finalaurreko jokatuta iritsiko da Amets finalera, Maialenek aldiz, finalekoa izango du txapelketako lehen eta azken saioa. Aurtengo txapelketak aldaketa nabarmen bat erakusten duela dio Maialenek. Bertsolaritzaren ibilbidean aurrera pauso eta aldaketa bat, plazaren gaztetze eta berritzea. Bestalde, Ametsek aurten txapelketa Iruñean izateak, txapelketak esan nahi duena ondo kontestualizatzen duela dio. Nafarroan, euskararen herriari jende antolatu batek eusten diola eta txapelketa bertan ospatzea jende guzti horri eskerrak emateko modu bat dela gaineratu du.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri