Ganbaran bai - Sarai Robles 2022-12-20
Sarai Robles
Bukatu da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Maialen Lujanbiok bere hirugarren txapela jantzi du eta inoizko finalik anitzena bizi izan dugu, generoari zein lurraldetasunari dagokionez. Lehenengo aldiz ospatu da finala Iruñean, arrakasta handiz. Sadar estadioa bertsozale gosetiz bete zen, txaranga eta neguko eguzkia Arena barruko beroa berdintzen saiatzen ziren bitartean.
Finaleko ahots berrien lana goraipatu nahiko nuke lehenbizi: Alaia Martinek, Nerea Ibarzabalek eta Joanes Ilarregik sekulako lana egin zuten, eta izugarri gozatu genuen haiekin. Alaia Martinen tximeleten dantza da jendearen memorian geratuko den bertsoaldietako bat, zalantzarik gabe: zeinen xume, zeinen hezur-haragizko. Nerea Ibarzabalek lehenengo aldiz nazka sentiarazi zidan bertsoen bidez, arratsaldeko saioko bakarkakoan “egon isilik, hau izango da gure arteko sekretua” bota zuenean, eta uste dut halako emozioa sortzeko gaitasuna ez dagoela edozeinen esku. Joanes Illarregi gaietan oso ongi kokatua eta bideak zabaltzen aritu zen, eta bere bi ariketa nabarmenduko nituzke: seiko motza eta hamarreko txikia. Zalantzari dagokion tokia eman zion, eta elkarrizketa sortzen ahalegindu zen: “zuk zer nahi duzu nire laguntza edo iritzia?”. Hiru ahots “berriekin” batera Beñat Gaztelumendik osatu zuen finaleko laukote gaztea. Izugarria da entzulearekin konektatzeko duen gaitasuna, kantatutakoa fikzio hutsa izanda ere zintzotasuna transmititzeko abilezia. Ia-ia adinaren araberako hurrenkeran kokatu zituzten saioko gazteenak azken lau postuetan, baina, nire iritzia nahi baduzue, gorago behar lukete haietako batzuek.
Maialen Lujanbio zorrotz eta indartsu aritu zen, kontatzeko eta esateko gogoa sumatzen zitzaion eta politikoki ausarten ibili zena izan zela esanen nuke. Aukera izan zuen aldiro mezu bat helarazteko nahia erakutsi zuen, baina mezua ez zuen zuzenean eta biluzik aurkeztu; entzuleari ere lan egiteko eskatu zion, bertsoaren barruan gordetako guztia ulertu nahi bazuen. Nire iritziz luzitzeko gairik ez aproposenak egokitu zitzaizkion ariketa askotan, zortziko handian adibidez, eta hala ere maisutasunez aritu zen guztietan. Txapeldun argia goiz-goizetik, nire ustez.
Sustrai Colinari eta Aitor Mendiluzeri esperimentatzeko gogoa igarri nien, haien ohiko estiloari eutsi arren gauza berriak eskaintzekoa, eta hori izugarri eskertu nuen. Beti hunkitu nau Aitor Mendiluzeren teknikak eta sinpletik kantatzeko ahalmenak, eta ganbarako ariketa oso polita iruditu zitzaidan. Sustrai Colinak kontraesanei tira egitera eramaten du entzulea, eta ezinezkoa da gai bati nondik edo nola helduko dion aurrez jakitea, gehienetan espero ez den bueltaren bat ematen baitio. Amets Arzallusek bere marka uzten du beti, entzuleak eta berak ongi ezagutzen dute elkar eta badaki eskatzen duena nola eskaini. Finalean, mezuak ongi murtxikatu zituen ahotik bota aurretik, eta ongi aukeratu zituen plazaratu nahi zituen gaiak.
Entzulegoarekin dezente harritu nintzen, bertso eta bertsolari batzuk besteak baino berotasun handiagoarekin txalotu baitziren; eta, zintzoa izan nadin, niri bereziki gustatu edo hunkitu ez nindutenak izan ziren. Izenen sonari, inertziari edo beste edozein saiotan baino entzule gehiago egoteari egoztea errazkeria litzateke. Beti esan izan dugu finala estasi kolektiborako eguna dela, emozioak dantzan jartzekoa, eta esanen nuke jendea horren bila joan zela Nafarroa Arenara: epika errimatu bila. Baina ohiko epikatik urruntzen doan bertsokera bat ere topatu dugu aurtengo txapelketan, egoera txikiei (baina berdin-berdin politikoki esanguratsuak direnei) erreparatzen diena, bukaera borobil eta indartsuen beharrik ez duena. Bi bertsokerak halako desorekarik gabe estimatzea ez dakit gustu, denbora edo erresistentzia kontua izanen den.
Bidenabar, bertso ikusgarriak sortzeko joeraren oso zale deklaratzen dut neure burua. Kotxearen pareko hortzi muga, Abantoko metrora sartzen den haizea… txapelketako zenbait bertsoaldi laburmetraia bihurtu nahiko balitu inork, arduratuko ginateke aretoren bat betetzeaz.
Aho zapore ederra utzi digu aurtengo txapelketak. Orain bertsolariek, epaileek, gai jartzaileek, langileek, bolondresek… merezitako deskantsua hartu dezatela. Eta segi dezagun bertsoaz bere habitat naturalean gozatzen, saio xumeak antolatzen eta bertso eskoletan elkartzen, txapelketaren olatuak iraun artean eta baretu ostean ere bai. Zeinen ederra den batzen gaituen esperantza hau!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24