Ganbaran bai - Aitor Sarriegi 2022-12-21

Kristalak eta pitzadurak

2022/BTN22/ganbaranbai/20221219_ganbaran_bai_sarriegi.mp3.mp4

Aitor Sarriegi Galparsoro

    Amaitu da, eta nola amaitu ere, 2022ko Txapelketa Nagusia. Argazkietan Maialen, bere hirugarren txapela buruan, eta gure buru-gogoetan denbora askoan iraungo duten bertso eta une zirraragarri asko. Txapelketa amaitzen denean hasten denaren seinale, Iruñean sentitu genituenak egonkortu eta memoria kolektiborako bidean jarririk.

    Pena puntu bat eman dit Nerea bere lehen finalean nahi bezala gozatu ezinda ikusteak, edo, halakoa izan da nire sentsazioa behintzat. Ametsetakoa behar duen eguna trabatzearen moduko zerbait. Zortzigarren postuan geratu arren Joanesek bestelako sentipenak izan ditzakeela iruditzen zait, saioari ederki eutsi eta egindako txapelketari amaiera sendoa eman dio. Beñat, berriz, publikoarekin batera berotu den irudipena dut, behetik gora egin eta neurri zurrunetatik atera denean gustatu zait gehien. Alaiak egindako txapelketa izugarriari tamainako finalarekin erantzun dio, bereziki gogoan goizeko bigarren lehen aldi hori, bikaina. Sustrai izan da nire mintzak gehien pitzatu dituena, oso gutxiren esku dauden detaileak utzi dizkigu puntu artean, geure baitako arrakalak sortzerainokoak. Aitorrek ere ez digu huts egin eta bere egonarria sendoa dela erakutsi digu, sendoa eta maila altukoa. Ez naiz hasiko Ametsen begirada konplizeari “baina”k jartzen, egingo du beste norbaitek nire partez. Eta Maialen... ba puntu-taulak adierazi bezain nabarmen ez nuen espero azken demarako, baina ez nuen zalantzarik txapeldunaren izena esan behar zutenerako.

    Asko hitz egin da kristalezko sabaiez, taldearen osaeraz, ekarpen berriez eta kolore gamaz. Egiari zor, hautsi ez den kristalezko sabai bat buruz-burukora pasatu beharreko bertsolariena izan da (aurrekoan Aitor Mendiluzek pitzatu zuen arren), eta gustura ikusiko nukeen txapeldungai berriren bat joko horretan. Pena horrekintxe geratu naiz.

    Finala hiri buruzagian jokatzeko apustua erdiz-erdi asmatutako erabakia izan da. Bere esanahi politiko eta historikotik harago, aretoa bera oso bero eta erakargarri sentitu nuen, eta, zergatik ez esan, baita inbidia puntu batekin ere. Saioak argiak kristala zeharkatzean sor ditzakeen kolore guztietatik izan zuen, euskara trans honek bere bidea aurrera begira eta begirada zabalez egin dezakeela argi utziz. Eta horretarako gai diren antolatzaileak, borondatezko langileak, entzuleak eta artistak dituela. Inork iraganeko eta nostalgiazko harribitxi soil bezala ulertzeko tentaziorik izan ez dezan, ez Iruñean eta ezta errealitate desberdineko beste edozein herritan ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri