Larunbatero 21:00tan ETB1en 2023-01-11

Hitzetik Hortzera Aiaraldea Ekintzen Faktorian

Txapelketa Nagusiaren eta gabonen ondoren bueltan da Hitzetik Hortzera saioa. Atal honetan ere, ez da bertsoa faltako, izan ere, urteko lehen saioan, Orioko festetako bertso saioa eta Amurrion urtero ospatzen den finalisten saioko bertsoaldiak izango ditugu. Bestalde, Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutuko dugu Izar Mendigurenen eskutik. Beraz, ez galdu larunbatero gaueko 21:00etan Hitzetik Hortzera ETB1en.

Aiaraldea Ekintzen Faktoria

Laudion aurkitzen da Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Auzolanean, herritarren ekarpenekin hornituta eta euskara ardatz izanda, Aiaraldea biltzea helburu duen Faktoria komunitatea da. Euskarazko kultura eta hezkuntza jardueren bidez, laguntza zerbitzuak eskaintzen ditu. 

Erdal gune batean euskararen arnasgunea da Ekintzen Faktoria. Era guztietako ekarpenak egiten dituzten 500 bazkide baina gehiagok osatzen dute kooperatiba. Espazioa bera ere aldakorra da, barne bilduko duen ekintzaren arabera erabat aldatzen du itxura. 

Izar Mendiguren

Izar Mendiguren Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidea da eta proiektu honen nondik norakoak azaldu dizkigu. 2021ean ireki zituen ateak Laudion dagoen espazio-multifuntzionalak. Hala ere, 2009. urtean eman ziren proiektuaren lehen pausoak. Urte hartan zenbait boluntario elkartu ziren bakoitzak gustoko zuen arloan lan egiteko prest. Euskarazko komunikazio proiektuak sustatzeko helburuarekin, 2010ean Aiaraldea Komunikazio Leihoa sortu zen Amurrion. Sare lan horretatik datoz gaur egun aurki ditzakegun Webgunea, Aiaraldea Hemen aldizkaria edota bestelako argitalpenak. 

Denborak aurrera egin ahala, Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen baitan, elkarte izaera txiki geratu eta komunikazio proiektuaz gain, eskualdean euskaraz jorratutako bide berriak lantzeko momentua zela sentitu zuten. Gaur egun, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak behar ezberdinak hasetzen dituen proiektuak gauzatzen ditu, hala nola, Hezkuntza lerroa, Feminismo lerroa, Elikadura burujabetza eta Kultur sorkuntza. Euskara erdigune eta ardatz hartuta, Faktoria, muga berrietara zabaldu nahi dituzten ametsak egikaritzeko lekua dela dio Izarrek.

Bertsolaritzari dagokionez, bertsoak ere badu bere tokia Aiaraldea Ekintzen Faktorian, izan ere, Aiaraldeako bertso eskolak espazio hau baliatzen du asteroko eskolak eta saioak egiteko. Bestelako saioak ere antolatu dira bertan, Señora sariketa, Arabako txapelketaren aurkezpena edota kuadrila arteko txapelketa esaterako.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri