Aitor Mendiluzeren bertsoak Amurrion 2023-01-19

Tubacexeko langileen grebaren datuak eta ondorioak

Aiaraldean (Laudion) kokatuta dagoen Tubacex enpresako langileen greba luzea ekarri zuen bertsotarako gaitzat Aintzane Irazustak Amurrioko saioan, Aitor Mendiluzeri jarri zion, bakarka. Grebaren eta ondorioen inguruko hainbat datu eman zituen: 25.000 eurotik gora isunetan, 7 pertsona auzipetu, espetxe eskaerak eta zenbakitan konta ezin diren ondorioak. Hemen Aitor Mendiluzeren zortzi puntuko lau bertsoak, Baneza eta banitu doinuan.

Zenbat datu, zenbat aipu
hasi ta ezin amaitu
ez jarraitu, ez jarraitu
barrua minduko baitu.
Isunak jarri, kalera bota,
zigorren bila epaitu
langileria euren artean
aurkakotu ta etsaitu
laguntza bila nora jo gero
nork babestu nork lasaitu
hori eman behar lizuketenak
saldu egiten bazaitu. (bis)

Hori zen zenbaki dantza
kopuru handiak antza
zeinengandik ta norantza
arazoak hortan datza.
Tubacexeko familietan
estuasuna, triskantza
ta geratu den panorama da
basamortu triste latza
ez dakit zer den legea soilik
ala indarrezko bengantza
asko hitz egiten zenuen ba lehen,
orain non zaude Arantxa? (bis)

Karga zaila da arintzen
ez naiz ausartzen agintzen
baina ez utzi eroritzen
segi txikitik haunditzen.
Laguntzarekin asma daiteke
iluntasuna argitzen
ta auzolana babesa ez da
hitzetan soilik kabitzen
dagoeneko Aiaraldea
ondo erakusten ari zen
herri bat inoiz ez dela inon
goitik behera eraikitzen. (bis)

Txaloetatik harago
ni sentitzen naiz arraro
kantatu eta akabo
hala ez balitz nahiago.
Langileei ta ingurukoei
eseri baino lehenago
esan nahi diet ojala egin
ahal banu zerbait gehiago
nahiz ta bukatu bertso saioa
nahiz ta tarte hau igaro
hitzak besterik ez dira izango
baina ni zuekin nago. (bis)

 

 

 

 

 

 

 

 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra