XVIII. Edizioa aurten 2023-01-23
Ekain Tolaretxipik jantzi du aurtengo Hernaniko Tabernetako txapela joan den ostegunean jokatutako saioan. Harri Agirresarobe eta biak iritsi ziren buruz burukora.
Festa eta jolas kutsu handiko ekitaldia izaten dira Hernaniko Tabernetako txapelketa. Hamairu bertsolarik hartu zuten parte: Oxan, Iñigo, Notayo, Joseba, Xabat, Iñaki, Ekain, Asier, Haritz, Xapo, Harri eta Xuban. Ia denak moldez kanpokoak.
Urtero ikusmin handia sortzen du saioak San Sebastian bezperan eta Garin taberna lepo betetzen da beti. Hasteko, hasierako agurrean hitz berezi bana sartzea egokitu zitzaien: garizuma, zenetzakeie, txoixua, tortolika... Beste jolas bat izan zen habaneran, gaia emanda, hitzak pilatzea, ahalik eta zerrenda luzeena osatzeko. 22 erreferentzia aipatuta, Xapok eta Harrik eraman zituzten etxera Otsaiheneko eta Larre-Gaineko sariak.
Hori bai, buruz burukoan Ganbarako lanik ez zen falta izan Tabernetako Txapelketan ere.
Lanak osatuta, Ekain Tolaretxipi nagusitu zen. Txalo artean igo zen oholtzara txapeldun berria (saioan zehar kantatzera bakarrik igotzen dira oholtzara bertsolariak), eta Andoni Mujika Anatx gazteak jarri zion txapela. Hemen txapeldunaren agurra:
Zorionak Harri ere ez dezu
bate meritu makala
Gainontzeko hamaikei ere
zorionak berehala
Batzuk kartzelan daude oraindik
ta ezin egin itzala
Ze haiek barrun dauden artean
da problema soziala
Aurreko hilean nere senide
kuttun bat joan egin zala
Jakin zazue une txarretan
onenak hauek dirala
Tabernatik plazara
Jolas eta bertso festa giroaz gain, formatu honek ekarri du zenbaitzuen bertso bidea zabaltzea ere. Bada txapelketa honetan plazaratu eta gero Txapelketa Nagusirainoko bidea egin duten bertsolaririk: Aritz Zerain ereñotzuarra kasu. Iaz, berriz, Andoni Rekondo hernaniarrak, 2020an Tabernetako txapelketa honetan plazaratuta, Lizardi Sarian bigarren egin zuen eta bertso onenaren saria irabazi.
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05