Asteazkenean izan zen saioa, herriko festetan 2009-09-21

Jende ugari hurbildu zen Sarara bertsolariak entzutera

Julio Soto, Ekhi Erremundegi eta Beñat Gaztelumendik kantatu zuten egun osoan zehar. Goizean, ganadu-lehiaketa bukatu ondoren orduerdi inguruko saioa egin zuten. Bazkalostean beste hainbeste bertso kantatu zituzten. Arratsaldean, berriz, gaiak jarrita aritu ziren, plazan, balkoitik balkoira.
 Egun guztiko saioa izan zen Saran joan den asteazkenean, herriko festak zirela eta. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:

 Julio Soto
 Ekhi Erremundegi
 Beñat Gaztelumendi

 Hiru saio egin zituzten. Eguerdi aldera kantatu zuten lehendabizi, ganadu-lehiaketaren ondoren. Aurrean jende dezente bildu zen, eta 40 bat minutuko saioa osatu zuten bertsolariek. Laborarien langintzari buruz kantatu zuten gehienbat, baina lige kontuak ere izan ziren tartean.

 Bazkalostean beste ordu erdiz aritu ziren kantuan. Mikrofonorik gabe kantatu behar izan zutenez, mahaitik mahai ibili ziren. Entzule gehienak laborariak ziren, eta baserri inguruko gaiak landu zituzten. Hala ere, izan zen bestelako gairik ere. Saio motzagoa izan zen hau, trinkete partidua hastera baitzioan, eta entzule gehienek bertara joateko asmoa zeukaten.

 Ondoren plazan kantatu zuten bertsolariek. Julio Sotok eztarria hartu xamarra zeukanez, Beñat Gaztelumendi eta Ekhi Erremundegi hasi ziren kantuan, publiko artetik, segidilan. Plazan eserita zeudenei adarra jotzen aritu ziren biak, hamar bat minutuz. Ondoren, hiru bertsolariak balkoi banatara igo ziren, eta bertatik kantatu zuten. Karlos Aizpuruak jarri zituen gaiak. Ofizioka binaka aritzekoak izan ziren gehienak. Publikoa bertsoak entzuten egon zen, baina txalo askorik jotzen ez zutela eta bertsolariak zirika aritu zitzaizkien. Gaiak denetarikoak izan ziren: euskararen ingurukoak, bikote-harremanei buruzkoak... Gai bereziena, beharbada, Ekhiri eta Beñati jarritakoa izango zen. Ekhik bere buruari kantatu behar zion: kartzelatik atera berri, Sarako festetan zebilela Beñat poliziarekin topo egin zuen. Atxilotua zegoela bera zaintzen aritu zenarekin, alegia.

 Jendea gustura geratu zen saioarekin, eta bertsolariak ere bai.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu