Bertso munduko belaunaldi ezberdinak elkartuta 2023-01-29

Bete-beteko Bertso Eguna Azpeitian

Bete-beteko Bertso Eguna Azpeitian

Negu giroak ez zuen bertsoaren barrurik hoztu atzo Azpeitian, Bertso Egunean. Pandemia ondorengo murrizketarik gabeko lehenbizikoa izaki, eguerditik hasi zen bero tabernetako bertso poteoarekin, trikitixaren laguntzaz. 200 lagunetik gora bildu ziren ondoren formatu ezberdinetako bost bertso bakarietan eta 300 lagunetik gora afariko ekitaldian.



Tabernan, eguerdiko bertso poteoan.

Bertso munduko jende desberdina elkartzeko helburuan jarri du aurten azpimarra Bertsozale Elkarteak eta aniztasun handiko entzuleak bildu ditu Bertso Egunak: bertso eskoletako gazteetatik hasi eta publiko heldua ere bai, bai bazkaritan eta bai afaritan. Imanol Lazkanok berak ere ez zuen hutsik egin ez bazkaritan eta ez afaritan, 87 urteren betetasunaz.




Bost bertso bazkari
Arratsaldeko eskaintza formatu desberdineko bertso bazkari izan dira, beste hainbeste elkarteetan. Hiru librean, saio musikatua eta gaiekin bestea. Bertso jarriak ere izan ziren tartean.
Ane Labaka eta Maialen Akizu aritu ziren horietako batean.



Bertso bazkari musikatuan, Maddalen Arzallus, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal, Ane Ezenarrok gaiak jarrita.

Andoni Egaña eta Nerea Elustondo, Imanol Artolak gaiak jarrita. Oier Etxeberriak eta Irantzu Idoatek bertso jarriak kantatu zituzten.



Unai Iturriaga eta Jexux Mari Irazu ere librean aritu ziren, elkarrekin buruz buru aritu gabe 20 urtetik gora zeramatzatela.



Jone Uria eta Sustrai Colina aritu ziren librean Oilagorra elkartean.


Bertso jarriak eta bat-batekoak afalondoan
Bat-bateko zein bertso jarriek osatu zuten afalosteko eskaintza, Imanol Artolak eta Ane Ezenarrok gidatuta, Elikagunearen aforoa beteta. Maialen Lujanbiok eta Eñaut Martikorenak eman zioten librean hasiera. Bat-batean aritu ziren Sarai Robles, Ane Zuazubiskar, Peru Abarrategi eta Maddi Aiestaran. Musika lagun, idatzitako sortak eskaini zituzten Aissa Intxaustik eta Josune Aramendik batetik, eta Illarregi anaiek bestetik. Hasi bezala, bukatu ere librean bukatu zuten Lujanbio eta Martikorenak.




 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri