Iker Laparra - Mikel Laboa Sariketako antolakuntza kidea 2023-02-03

«Donostiako Antigua auzoari beste plaza bat eskaini dio Mikel Laboa Sariketak»

«Donostiako Antigua auzoari beste plaza bat eskaini dio Mikel Laboa Sariketak»
Laparrak espero du hamar ediziootan sariketak bertsolari gazteen artean kantatzeko gogoa eta grina indartzeko ekarpena egin izana.

Jexux Mari irazu

2011ean jarri zen abian Bertsolari gazteen Mikel Laboa Sariketa eta 10. edizioa jokatu da aurten, pandemiaren etenaren ondotik. Iker Laparraren ideia izan zen eta berak eman zion gorputza sariketari eta antolakuntzari: «Hasieratik izan dugu, Jai batzordearen eta Dokaren laguntza, eta hori eskertzekoa da». Bi helbururen gainean bete hamarkada sariketak: «Mikel Laboa auzotarraren izena lau haizetara zabaldu ahal izatea bertsolari gazteen ahotsetik, eta bestetik, bertsolari gazteei Antiguan plaza bat gehiago eskaintzearena». Antiguako jaien baitan egiten da sariketa.

Mikel Laboa Sariketaren 10. Edizioa jokatu berri da, nola joan da aurtengoa?
Aurten, bi urteko etenaren ostean, ohiko sariketa formatua berreskuratu dugu hamargarren edizio honetan. Oholtzan, lau emakume izan dira eta bi gizonezko, denak ere bertsolari gazteak. Denera, 50-60 bat ikusle gerturatu ziren saioa bertatik-bertara jarraitzeko eta giro berotzen joan zen arratsaldeak aurrera egin ahala, bertsolarien eginahalarekin.

Sei bertsolari igo ziren oholtzara: Irati Alcantarilla (Urruña), Haizea Arana (Eskoriatza), Irantzu Idoate (Hazparne), Andoni Rekondo (Hernani), Josu Txoperena (Lesaka) eta Ekhiñe Zapiain (Bera), eta gai-jartzen berriz, Unai Elizasu altzatarra. Zortziko handian aritu ziren aurrena, gerora zortziko eta hamarreko txikian.

Gerora, ganbarako lana hasi zuten bertsolariek: bertan bina punturi erantzun eta hitzari (aspertua) bertso bana kantatu zuten.

Puntuazio onena lortu zuten bi bertsolariak Ekhiñe Zapiain eta Irati Alcantarilla izan ziren, eta hauek buruz buru aritu ziren. Lehenengo sei puntuko motzean, gerora puntuka sei bertso osatu arte eta azkenik, gaia emanda bi bertso osatu zituzten doinu eta neurri librean.

Behin ariketak amaituta, Irati Alcantarilla izan zen puntu gehien bildu zituenez eta bide batez, Mikel Laboa sariketaren X. edizioko garailea, Ekhiñe Zapiainen aurretik. Giro polita bizi izan zen, Antiguako jaietako azken ekitaldian.

Bertso aldetik ale politak utzi zituzten bertsolariek.

Urtea aurtengoa eta zuk parte handia izan zenuen gazte sariketa hau martxan jar zedin? Nola sortu zen Mikel Laboa Sariketa Donostiako Antiguan?
Bertso sariketa hau sortzeko ideia, Bertsozale Elkartean lanean nenbilela izan genuen, 2011. urtean. Auzoan, bertsolari gazteei plaza bat gehiago eskaintzeko aspaldiko nahia betetzeko asmoz. Mikel Laboa bertso sariketa bi helburu nagusirekin sortu zen: batetik, Mikel Laboa auzotarraren izena lau haizetara zabaldu ahal izatea bertsolari gazteen ahotsetik, eta bestetik, bertsolari gazteei Antiguan plaza bat gehiago eskaintzearena. Hasieratik izan dugu, Jai batzordearen eta Dokaren laguntza, eta hori eskertzekoa da.

Zein ibilbide izan du hamar urteotan eta zein harrera sumatu duzu bertsolari zein publiko aldetik?
Oro har, harrera polita izan du bai bertsolari zein publiko aldetik sariketa hasi zenetik. Etorri diren bertsolari ezberdinekin bi hitz egin izan ditut saio ostean, eta areto goxoa eta kantatzeko aproposa bezala kalifikatu izan dute. Publikoa eskertua da Antiguan, eta beti dago, 40-50 pertsona inguruko taldetxo bat saiora hurbiltzen dena.  

Hamar edizio izan dituen arren, urteetan hamabi bat edo joan dira. Izan ere, pandemia bat tartean izan dugu, eta lehengo urtean ez genuen ospatu sariketa formatuan (aurreko irabazle guztien saio berezia egin genuen). 2011an ospatu genuen lehenengo edizio hura bereziki gogoratzen dut, Unai Gaztelumendik irabazi zuen txapela. Gerora, Azpi, Akizu, Ibarzabal…izan dira garaileak, baina bertsolari eder askoak pasa dira urte guzti hauetan.

Saio bakarrera jokatzen den sariketa da eta sei bertsolarik kantatzen dute: zein irizpide hartzen dituzue aintzat bertsolariak hautatzeko?
Lurraldetasuna bermatzen saiatzen gara, alegia, Euskal Herri osoko bertsolariei deitzen. Batzuetan zaila egin izan zaigu Arabako bertsolariak ekartzen, urtearen arabera…Baina irizpide bezala, lurraldetasuna eta generoa hartzen ditugu aintzat. Honez gain, emakumezkoek gutxienez gizonezkoen kopuru bera izan daitezen, gutxienez saiatzen gara. Aurten, aurretik esan bezala, apustua egin dugu eta lau emakumezko oholtzaratu dira lehenbizikoz, eta bi gizonezko.

Zure ustez zein da 10 urteotan Mikel Laboa Sariketan egin duen ekarpen nagusia?
Auzoari beste plaza bat eskaini dio Mikel Laboa bertso sariketak. Honez gain, espero dugu, sariketak bertsolari gazteen artean kantatzeko gogoa eta grina indartzeko ekarpena egin izana. Honez gain, Mikel Laboa zena ezagutarazteko eta balioan jartzeko aukera ematen digu sariketa honek. Sariketa bera Laboak egin zuen lanari “errekonozimendua” dela ere uste dugu.

Aurrera begira Sariketarekin jarraitzeko asmotan zarete? Zer moduz moldatzen zarete antolakuntza aldetik, laguntza aldetik?
Asmoa, bada bai sariketarekin aurrera egitea. Ikusiko da aurrerantzean, bai Jai batzordean baita Donostiako kafe antzokian ere baden indarrik guzti honekin jarraitzeko.

Antolakuntzari dagokionez, 2-3 lagun inguruko elkartzen gara, aurreko prestaketa lanetan, urtearen arabera, laguntza gehiago izan ohi dugu. Unai Gaztelumendi edota Elizasu gertu izateak ere asko laguntzen digu sariketaren antolakuntzan.

Honez gain, Antiguako Jai Batzordearen eta Donostiako Kafe Antzokiaren laguntzaz baliatzen gara. Jai Batzordeak egunean bertan egin beharreko lanekin laguntzen du (aulkiak jarri, bertsolariekin egon…) eta Dokak berriz, aretoak berak behar dituen hamaika kontuekin laguntzen digu (soinua, barra…), baita txapeldunari ematen zaio txapelarekin ere.   

Mikel Laboa sariketaz gain, nolako bertso giroa dago Donostiako Antigua auzoan, zein dira urteko bertso ekitaldi nagusiak.
Urtean zehar ez dira ekitaldi gehiegi antolatzen bertsolaritzaren bueltan. Dena den, ohikoak dira hainbat saio mantendu egiten dira: besteak beste, urte amaiera aldera, Lugaritz kultur etxean egiten dena, non urtero goi mailako bertsolariak erakusten dute bere gaitasuna hitzekin jokatzeko, edota Txirain elkartean ospatzen den bertso-bazkaria. Urtearen arabera, antolatu ohi izan dira saio gehiago Antiguotarrak Elkartean edota Txantxarreka gaztetxean. Dokan ere antolatu ohi izan dira beste bertso saio tematiko batzuk ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri