Emaneurrek antolatuta 2023-02-09

150 lagun bildu eta jendea bertso afarirako sarrerarik gabe Ordizian

150 lagun bildu eta jendea bertso afarirako sarrerarik gabe Ordizian

Bertso-afarien mapan Ordiziako Emaneurre taldeak antolatzen duenak indar berezia hartu du azken bost urteotan eta aurten ere 150 lagun bilduko ditu Tximista sagardotegian. Sarrera guztiak saldu eta «jende dexente» txartelik gabe gelditu da, antolakuntzatik Bertsoa.eus-i adierazi zaionez. Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia, Maialen Akizu eta Joanes Ilarregi ariko dira bertsotan, librean eta gaiekin, Igor Egurenek bideratuta.

Ez da ohikoa otordu bueltako bertso ekitaldietan 150 laguneko aforoak bete eta sarrerak agortzea, are gutxiago pandemia ondorenean. Bertso Egunean gertatu zen joan duela bi aste, Azpeitian 300 lagun bilduta eta Ordizian gertatuko da ostiralean.

2012an lehenbizikoa eta 2019tik urtero
Emaneurre Taldeak 2012. urtean antolatu zuen lehenengo aldiz bertso-afaria eta zazpigarrena izango da aurtengoa. Taldeak berak antolatutako Asteburu Kulturalaren baitan, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin aritu ziren kantuan lehenengo saio hartan, bertso-poteoan aurrena, bertso-afaritan gero. 2013 etorri zen bigarrena German Urteaga eta Joanes Etxaiderekin.

Etena etorri zen hor eta 2019an berreskuratu zuen saioa Emaneurrek, taldearen 10. urteurrenean. Maialen Lujanbiok, Aitor Sarriegik eta Iker Zubeldiak osatu zuten kartela eta 150 sarrera saldu ziren lau egunetan. Geroztik ez du etenik izan, ezta pandemian ere.

2020an Zaporeak-ekin elkarlanean, Lesvoseko errefuxiatuen aldekoa izan zen saioa eta bildutakoa Grezia bideratu zuten. Lujanbio, Zubeldia eta Amets Arzallus aritu ziren bertsotan. 2021ean, pandemia urtean ere bilatu zuten zirrikitua, murrizketa neurriekin izan arren, Iguaran, Maia eta Zubeldia kantuan zirela.



2022an, 110 lagun elkartu ginen ostiral iluntzean Tximista Sagardotegian, Saioa Alkaiza, Nerea Ibarzabal eta Iker Zubeldia entzuteko, Igor Egurenek gaiak jarrita. Ostiral honetan berriro 150 lagun bilduko dira Ibarzabal, Zubeldia, Akizu eta Ilarregiren bertsoez gozatzera.


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri