Tolosaldeko Harituz bertso eskolak 10 urte bete ditu 2023-02-13
Tolosaldeko Harituz Bertsozale Elkarteak 10 urte bete eta hainbat ekitaldi antolatu ditu urtean zehar eskualdean, 10 urte. Hamaika bertso izenburupean. Harituzek agerraldia egin berri du egitasmoaren eta 10 urteko lanaren balorazioa egiteko. Unai Mendizabal kideak adierazi du «ziklo bat bete duela Harituz bertsozale taldeak. Seinalerik onena hauxe: lehen ikasle izan ziren horiek antolakuntzan sartzeko adinean eta antolakuntzan sartuta daudela gaur egun. Badugu zer ospatua, beraz, bide honen parte izan garen guztiok! Bejondeigula!».
Harituzen ekarpena, lau ardatzetan
Tolosaldeko Bertsozale Elkarteak 10 urteotan egindako bidearen oinarriak ere laburbildu zituen bertsolari zizukildarrak, «puntuz puntu inprobisatzea ziurtatu diguten lau oinak zeintzuk izan diren, almazenean gordeta gera daitezen»: 1) ume eta gaztetxoen bertso-eskolak, 2) bertso-saioak; 3) bilketa, hedapean eta ikerketa; eta lagunarte bertsozalea.
1. Ume eta gaztetxoen bertso-eskolak. «Inguru bertsozalea izanagatik, apenas zegoen garai hartan aparteko harrokeriarik Tolosaldean bertso-eskolei dagokienez. Datu asko eman daitezke, baina bat emango dugu guztien adibide gisa. 2013an ez zegoen Tolosaldean eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartuko zuen inor. 2023an 7 dira eskualdekoak bertakoak, eta beste eskualdez kanpoko beste zenbait bertsolari gazteren kabi ere bihurtu da Harituzeko gazteen bertso-eskola. Ez da neurgailu bakarra, baina bai esanguratsua« adierazi du Harituzek.
Agerraldian umeen bertso-eskolan zentratu baziren ere, Harituz bertso-eskolak helduen bertsolari bidean ere ekarpen handia egin du 10 urteotan, Tolosaldeko bertsolariak plazara eta txapelketara eramanez. Plazan eta txapelketan presentzia handiena izan duena Oihana Iguaran Amasa-Villabonako bertsolaria da, Harituzeko hasierako kidea. Gehiagok ere egin dute bide oparoa, plazan ez ezik, Txapelketa Nagusian kantatzera iritsiz: Unai Mendizabal, Beñat Iguaran -Finalaurreko bigarren itzulira-, Haritz Mujika, Mikel Artola... Gai-jartzaile gisa, esaterako, Imanol Artola Felix Harituzeko kideaTxapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldean aritu zen 2022an.
2. Bertso-saioak: Alor honetan Harituzek ekimen berriak ekarri Tolosaldeako plazara: «Bertso-eskolekin ez bezala, bertso-saioekin bai, horiekin konforme xamar egoteko moduan zen eskualdea Harituz abiatu zenean. Dena den, hutsunean jarri genuen begia eta ahalegina: bertso-jarrien afaria, Pello Errota sariketa, Fernandoren urteurrena, Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa, Jun ta Bota bertso-poteo inprobisatuak… Eta nola ez, Harituz Tolosaldeko Herriartekoa arrakastatsu hura...»
3. Bilketa, hedapena eta ikerketa: Eremu honetan ere egin du ekarpenik eskualdeko Bertsozale Elkarteak: «Esker txarreko lana da bilketarena, grabazioena, gordetzearena... Bertsoa haizeak eramatea galaraztea. Baldin eta zentzu bat ematen ez bazaio. Atariaren eta Bertsozale Elkartearen laguntzaz, ordea, bilketa esker oneko lan bihurtu da: aurten beteko ditu Hari Naizela irratsaioak 300 saio»
4. Lagunarte bertsozalea: «Muin-muinean, honengatik eta honetarako sortu zen Harituz, lagunartean bertsoaz gozatzeko edo bertsozaleak lagun bihurtzeko», adierazi zuen Mendizabalek. «Halaxe izan da, bertso-eskola baino gehiago den bertso-koadrilla, ateak zabalik beti. Eta lagunarte horretan ezin ahaztu bidelagunak: Ataria, Bertsozale Elkartea, Zizurkilgo Teoro Hernandorena kultur elkartea… hain ezinbestekoak zaizkigun eskualdeko udalak, lehendik bertsolaritzaren inguruko ekintzen antolakuntzan aritzen ziren taldeak...» Guztiei eskerrak eman zizkien Harituzek.
Unai Gaztelumendiren irudia
Hamargarren urteurrenerako Unai Gaztelumendik sortu du irudia: 10 urte, hamaika bertso: Hamaika bertso dionak, hamaika saio, haimaika bertso eskola, hamaika lan, hamaika momentu eder, hamaika lagun arte… esan nahi du.
Belaunaldi desberdinetako kideak
Harituz taldeak belaunaldi ezberdinetako kideak biltzen ditu eta halaxe elkartu zituen jendaurreko agerraldian ere. Tartean, bertso-eskola munduan eskarmendu handikoak, Jexux Murua altzotarra kasu, duela 30 urte Tolosako bertso-eskolaren ardura urte luzez eraman zuenetako bat. Bertso-eskolako ikasle gazte eta gaztetxoak ere elkartu zituen Harituzek. Bertso-eskolako ikasle gazte eta gaztetxoak ere elkartu zituen Harituzek. Belaunaldi ezberdientako eskualdeko bertsolariek bertso bana bota zuen agerraldian.
Hamar urte, hamaika bertso ekimeneko ekitaldiak
Hamar ekitaldi inguru izango ditu hamargarren urteurrenak, martxoan hasita: Pello Errota bertso sariketa, Gelatik plazara gazteentzat ekimena, bertso jarri afaria, Joseba Tapiaren emanaldia, irratsaio berezia, Harituz Eguna...
Gelatik plazara - martxoa - Amezketan
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketa - martxoa - Amezketan
Bertso jarrien afaria - martxoa
Bertso-eskoletako umeen asteburu pasa - maiatza- Asteasuko Otabardi landetxean
Harituz Eguna - maiatzaren 27a
Joseba Tapiaren emanaldia “Tximela kapitainaren izarrak” - Ekainaren 9an - Villabonako Aljibean
Pello Errota Sariketa - Irailetik azarora
Harituz Bertso jaialdia - azaroan
Gure Bertso Zirkua haur eta helduentzat - abenduan
“(H)ari naizela” ren 300. irratsaioa - urte amaieran
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24