Etorkizunean kontsultagarri egongo dira 2023-02-15

Xabier Unanue eta Patxi Goikoleak milaka bertso utzi dituzte Xenpelar Dokumentazio Zentroan

Xabier Unanue eta Patxi Goikoleak milaka bertso utzi dituzte Xenpelar Dokumentazio Zentroan

Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio zentroak bi bertsozaleren dohaintza jaso berri du. Xabier Unanue zestoarrak eta Patxi Goikolea arrasatearrak beren artxiboa utzi dute Xenpelarren: milaka bertso transkribatuta zein audioan. Xenpelar Dokumentazio Zentroak bere bertso bilketa sistema propioa du baina bertsozaleek dohaintzek ere ekarpen handia egiten dute.

Xabier Unanue Zestoako bertsolaritza taldean ibili zen urte askoan. Berak egindako hainbat grabazio eta berari utzitako beste asko utzi ditu Xenpelarren. 42.000 bertso transkribatuta eta 400 ordu audioan. Asko Zestoan bertan egindako grabazioak, baina baita beste herrietako saio asko ere jasota zituen. Garai historikoari erreparatuta, garrantzia berezia dute 70. hamarkadako saioen audioek. Bildumak ere egin ditu Unanuek: Basarri, Uztapide eta Xalbadorren bilduma bana. Zezenketa eta bertsolaritzaren arteko harremanaren lan mardula ere bai. Bertsoa.eus Xabier Unanuerekin izan da eta datorren astean berak azalduko dizkigu bere lanaren eta dohaintzaren xehetasunak.

Patxi Goikolea Leintz bailarako Almen  bertso eskolako sortzaileetakoa da, Xanti Iparragirre eta Joanito Akizurekin batean. Bizi osoa egin du bertsolariza eragile gisa eta bere bertso bilduma osoa Xenpelar Dokumentazio Zentroaren esku utzi du. 1970 eta 1980ko hamarkadetako audio grabazioak dira batik bat, guztira 185 kasete. Bestalde, grabazio horietan jasotako 330 bertso sorta inguru transkribatu ditu Goikoleak, eta testu horien bilduma ere eskaini dio Xenpelar Dokumentazio Zentroari.


Patxi Goikolea, Almen bertso eskolan. (Argia)

Etorkizunean kontsultarako prest
Bertsozale Elkarteak Bertsozale.eus gunean adierazi du bilduma hauek tokiko bertsolaritza ondarearen lekuko oparoa izateaz gain, azken hamarkadetako Euskal Herriko bertsolaritza mugimendua ezagutu eta ikertzeko altxor baliotsua direla. «Urteetako lan mardul hau jasotzen duten bi funts hauek esker onez jasotzearekin batera, inbentarioa egin eta datozen hilabeteetan kontsultarako prest jarriko ditu XDZk bere egoitzan bertan».

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri