Elkarrizketa #21 2023-02-16

Hitzetik Hortzera Etxahun Lekue

Larrabetzun izan da aste honetan Hitzetik Hortzera saioa. Izan ere, aste honetan Etxahun Lekueren bertso ibilbideari egingo diogu errepasoa. Horretarako Etxahun bera izango dugu gonbidatu, gainera, bere zenbait bertsoaldi gogoangarri ere ekarriko ditugu gogora. Beraz, ez galdu larunbatero gaueko 21:00etan Hitzetik Hortzera ETB1en.

Hasierako garaiak

Larrabetzun jaio eta bertan bizi da gaur egun aste honetako gure protagonista. Etxahun Lekue Etxebarria. Naiz eta txapelketatik urrundua egon lotura estua izaten jarraitzen du Etxahunek bertsoarekin, izan ere, bertso irakaslea baita. 

Umetatik izan du bertsolaritza presente Etxahunek, izan ere, ederki gogoratzen ditu eskolatik irten eta ikaskide mordo bat bertsotan egitera kultur etxera joaten zireneko garaiak. Aipatu du, ume garaitan eta batez ere eskola artekotan  urduritasuna medio asko sufritu ohi zuela oholtza gainean.

Gaur egun

Gaur egun, bertsolaritzarekin eguneroko eta etenik gabeko harremana izaten jarraitzen duela dio Etxahun Lekuek, izan ere, bertso eskolan irakaslea izateaz gain, urtean zeharreko bertso saioak antolatzen ere aritzen da. Plazetan ere jarraitzen du eta jarraitzeko gogotsu dagoela adierazi du. Etxahunen bertsokeraren ezaugarritako batzuk dira originaltasuna, sinpletasuna eta bizkaieraz kantatzea. Bizkaeraz kantatzeari dagokionez  denboran zehar egin duen hautu bat izan dela dio. 

10 aldiz sailkatu da Bizkaiko finalera, lauretan jokatu du buruz burukoa eta baten jantzi du Bizkaiko Txapeldunaren txapela 2016an. Azken hau momentu eder bat bezala gogoratzen du. 2021eko finalean esan zion agur Bizkaiko txapelketari eta azken Txapelketa Nagusian parte hartzeari uko egin zion. Esan du, azken txapelketa hau asko bizi eta disfrutatu duela baina ez duela inongo momentuan bertan ez egotearen damurik sentitu.

Transmisioaren garrantzia

Bertsoaren transmisioak garrantzia handia duela dio, garai bateko transmisio naturala geroz eta murritzagoa izanik, gelaz gela arituko ez balira ume askok bertsolaritzaren inguruan ez luketela ezer jakingo gaineratu du. Bat-batekotasunari lekua utziz ikasleak disfrutatzea bilatzen dute, ahalik eta gutxien zuzenduz eta bidea libre utziz.

Etorkizunari begira bertsoarekin harreman luzea edukitzea gustatuko litzaioke, bai plazetan kantatzen zein gelatan irakasten.   

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri