Bertsolarien Lagunak elkartearen eskutik 2023-03-28
Iñigo Legorburu Oreretako bertso jartzaileak irabazi du Aitor Sarasua bertsopaper sariketako bigarren edizioa, Bizitzarri ten/k sortarekin. Bigarren saria ere berak irabazi du Gelako azkena lanarekin eta hirugarrena Manu Goionagak, Konektatu sortarekin.
Gaztetxoen mailan, Unax Aizpurua Ibargaraik irabazi du Parisko dirdira sortagatik. Sarituak izan dira baita: Goizane Etxeberri Lopepe, Euskal Herria sortarekin; Pagoa Bidart, Nire altxorra sortarekin eta Eriet Zubizarretak eskuratu du Ene Maite Kuttuna lanarengatik.
Sari banaketa apirilaren 23an izango da Ziburuko Baltsan elkartean egingo den bertso bazkarian, bertan Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia izango dira bertsotan.
Sorta irabazlea
Izenburua: Bizitzari ten/k
Egilea: Iñigo Legorburu Arregi
Doinua: Ke azpitik, su gainetik
1
Aizan Luixa, nola gattun
andra beteranoak
hizketako asmoak
bizi-bizi zauzkanat nik
ta galdera sanoak. (BIS)
Lehen bereizten genizkiñan
Imanol ta Ainhoak
baina gaur... Lur ta Noah-k?
Jaioberritan zentzurik
ba al din hitanoak ? (BIS)
2
Haurra sailkatzea ez den
hasteko, etikoa
gailentzean mitoa
errazkeria diñagu
aizto aldebikoa. (BIS)
Gure mundua ez al den
krudela, zinikoa?
Topikotan itoa ...
Generorik eza den gaur
gauza generikoa. (BIS)
3
Erditze baten osteko
bixita azkarrean
pozaren aparrean
sartzen naun gelan ta irten
sarritan marmarrean. (BIS)
Ezin identifikatuz
diñatena aurrean
galdera bakarrean
“zer da?” ateratzen zaidan
“hau zein da?” beharrean. (BIS)
4
Mutil-neska nor ote den,
bazagon enpatea
zer nahi den esatea?
Nahizta beti ez asmatu
hori ez den kaltea ... (BIS)
Neretzat pertsona ez den
izena, hankartea
zertan itxi atea?
Nortasun bat garatzea
den identitatea (BIS)
5
Haur txikien maitasuna
nahi baden eskuratu
no! Horra hiru datu:
Mutilari lehen unetik
baloia gerturatu. (BIS)
Neskatxa panpinen bidez
ahal baden liluratu
ta sexuak mugatu ...
Amek erditzen diñate,
amonok munduratu. (BIS)
6
Haurren sexualitatean
hitz egin ohi den amez
“Non din ama?” esanez
haurrak desbideratzean;
zuzen jokatzean ez ... (BIS)
Aitarik ez den aitatzen
“lepo bait zagon lanez !”
Saleh, Kevin, Joanes
Aitatu ditzagun denak
lekukoa emanez (BIS).
7
Etxeko neskak bazeunden
belarritako faltan
ibiliko naun latan
hasieran xuxurlatuz ...
ta gero zalapartan! (BIS)
Bihurtzen naun diktadore,
nik nahi ez niñan hartan
galdetuta: nolatan ?
haien gorputzaren jabe
izaterik ez dakan! (BIS).
8
Gaztetan sinisten niñan
Jainko Ahalguztidunan
orain gogoratu nan:
Sexua ta haragia,
pekatu Garizuman ... (BIS)
Egun gazteak zebiltzan
dittuanaren suman
barne-hotsen bilduman ...
Sentitu gabe bizitzen
lehen errexago zunan. (BIS)
9
Erreparatuta soilik
aluan ta buztanan
kontraesanen zaman
erortzea xinplea den
sailkatuz banan-banan. (BIS)
Haurra nor den ukatzean,
barne-pozak bakan han
sinisten diñat karman:
Pozik bizi nahi din harek
onartzea zakanan! (BIS)
10
Mutil aludun ta neska
zakildun esaldian
bat eginda, abian
jarri gattun mundu berri,
ederren atarian. (BIS)
Haiekiko errespetu
ta aitortza handian
ai, hurrengo aldian
berorrika egitea
zegokigun agian! (BIS)
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24