Bi kategoria bereizi dituzte: 18 urtera artekoak eta hortik gorakoak. Lanak 2009ko abenduaren 31 baino lehen bidali beharko dira. Sariak urtarrilaren 17an banatuko dituzte.
12. aldiz San Antontxu bertsopaper lehiaketa antolatu du Taket bertso-eskolak. Bi kategoria bereizi dituzte aurten ere.
Gazteek (18 urtetik beherakoek) gutxienez sei eta gehienez zortzi bertso idatzi beharko dituzte. Irabazleak 200 euro eta taketa jasoko ditu, bigarrenak 150 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 100 euro eta oroigarria. Horrez gain, sari berezia emango zaio Mungiako bertso-sortarik onenari.
Helduek (18 urte edo gehiagokoek) gutxienez zortzi eta gehienez hamabi bertsoko sortak osatu beharko dituzte. Kasu honetan hiru sari banatuko dira. Irabazleak 400 euro eta taketa jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta oroigarria eta hirugarrenak 200 euro eta oroigarria.
Gaia eta neurria libreak izango dira, baina lanek inon aurkeztu eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Gainera, partehartzaile bakoitzak bi bertso-sorta bidali ahal izango ditu gehienez. Sortak honako helbide honetara bidali beharko dira:
Agirre Jauregia
Astiunerako Udal Erakundea
San Antontxu Bertso-Paper lehiaketa
Taket Bertsolaritza Alkartea
Aita Elorriaga 2
48100 Mungia (Bizkaia)
Bertso-sortak ezizenez sinatu behar dira, eta beste azal batean sartuko dira egilearen izen-abizenak. Bi azaletan agertu beharko da gazteen edo helduen kategorian lehiatu nahi den. Gainera, lan bakoitzaren hiru kopia bidali beharko dira.
E-postaz bidaltzeko aukera ere badago. Kasu honetan bi dokumentu bidali beharko dira. Lehendabizikoan bertso-sorta eta ezizena agertuko dira. Bestean, berriz, egilearen datuak. Honako hau da helbidea: taketba@gmail.com
Lanak bidaltzeko azkeneko eguna abenduaren 31 izango da. Sari banaketa, berriz, urtarrilaren 17an ospatuko da, goizeko 12etan Mungiako Matxin enparantzan egingo den bertso saioaren barruan.