Hitzetik Hortzera programarako jarriak 2023-09-20

«Presarenak» Joanes Ilarregiren bertso jarriak

Joanes Illarregik sei bertso jarri dizkio egungo presazko bizimoduari. HItzetik Hortzerarako jarritako sorta da, lehenbiziko programan emititu dena.

Hitzetik Hortzera bertso programak bertso sortak eskainiko ditu abendura bitartean. Lehenengo programan Joanes Illarregi bertsolari leitzarraren Presarenak sorta emititu zuen larunbat gauean. Sei bertso gaur eguneko presazko bizimoduari jarriak. Bergarako Seminarixoan grabatutako sorta da.

Presarenak
Egilea: Joanes Illarregi Marzol
Doinua: Ai zer plazera bost urten buruan
Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta

1-
Honako bertso hauetan hartu
nahi nuke libertatea
nire barruko pentsamentuei
irekitzeko atea
garai hauetan gai hau hartzea
ez da kasualitatea
presarekiko ia garatu
dugu immunitatea
lehen pertsonan ta bertso bidez
doa gaurko debatea
norberak egin ezean zer da
besteeri esatea?
nere asmoa ez da inori
leziorik ematea

2-
Azkar nahi honek nahasten ditu
zentzua eta ganora
eginbehar bat erdizka utzi
ta korrika hurrengora
beti presaka, ezin iritsi
kea burutik kanpora
osasun mental kaxkarrarena
hortik eratorriko da
errepidean asko gabiltza
ehunda berrogeitik gora
gasolioak dun prezioan
jarrita dago denbora
ahalik azkarren heldu nahi dugu
nahiz eta ez jakin nora

3-
Gaur albisteen kudeaketak
pista txiki bat damaigu
egunkaria idatzi_aurretik
askok irakurri nahi du
sare sozialak dira horretan
berri-zaborren armairu
bi minuturo albistegia
ea zer berri den zai gu
bat irakurtzen bukatzerako
berrien bila darraigu
jakintza eraiki nahi dugulako
goruntz solairuz solairu
ta hurrengoa heltzen denean
aurrekoa ahazten zaigu

4-
Mezu bidezko elkarrizketak
doaz txikitik handira
aurrez-aurreko formato oro
antigoalekoak dira
lagunen bati idatziz gero
edozein gairen harira
erantzun azkar bat espero da
minutuko tirabira
zergatik ote ez dagoela
mugikorrari begira
kezkatzen gara erantzunik ez
bada segundu erdira
ez da normala baina agian
ongi pasatzen ari da

5-
Sukaldaritza bilakatu da
erlojupeko jolasa
Nork jaten ditu barazki fresko
zein euskal txerri arraza?
Hobe patata konjelatuak
eta poteko mostaza
bi minutuan Airfryerrean
ez zartagia ez gasa
zer jaten dugun digeritzea
ez da batere erraza
prestatu gabe, plastikozkoa
urdailarentzako masa
janaria ta bizitza ezin
kontrako eztarritik pasa

6-
Erritmo hontan gerta daiteke
behar baino lehen zahartzea
bizitza azkar pasatzen dela
berantegi ohartzea
komeni zaigu esaldietan
puntu ta koma jartzea
lehentasunak eta denbora
erlojuan uztartzea
erne ibili errexa baita
zurrunbiloan sartzea
ta ez da nahiko arnasestuka
gabiltzala onartzea
A! ta ez ahaztu beharrezkoa
dela arnasa hartzea

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra