Duela hiru urte egin zen lehenengo jaialdia 2023-09-25
Lizarra inguruko Gesalatz udalerrian arrakasta handiko bertso plaza sortu dute azken hiru urteotan. Urtero 450 lagun inguru biltzea lortu dute orain arte inoiz bertso ekitaldirik egin gabeko lurretan. Irailaren lehen igandean egiten da eta alde askotatik egindako lanaren emaitza islatu da aurtengoan ere.
Julio Soto da antolakuntzan dabilenetako bat eta barrutik kontatu dizkio Bertsoa.eus-i Gesalatz bertso plazaren mapako erdigunean kokatu duen jaialdiaren gakoak eta nondik norakoak.
Gesalazko Udala 15 kontzejuk osatzen dute eta Muetz kontzejuan dago gune administratiboa. Bertan dago, besteak beste, kiroldegia eta hortxe egiten da bertso jaialdia. Pedro Soto Gesalazko alkatearen ideia eta ekimena izan zen lehenengo pausoa, aurreko legegintzaldian: Irurrekoak, alkatetzara iritsita, bertso jaialdi bat antolatzea jarri zuen mahai gainean, Gesalatzi bazegokiolakoan.
Ezkerretik, Pedro Soto Gesalazko alkatea 2019-2023 legegintzaldian. Charo Apesteguia Iranzuko Lurrak erakundeko gerentea.
Udalak pausoa emanda, Julio semeak hartu zuen antolakuntzaren lekukoa, Nerea Basterra kultur zinegotziarekin batera. Noiz, nola, finantzaketa, zabalkundea... Zeregin horretan, eskualdeko garapena bultzatzea helburu duen Iranzuko Lurrak erakundea izan da bidelaguna. Udala eta bien arteko lankidetzan jaialdiari oinarri sendoa jartzea lortu zuten. Azpimarratzekoa Charo Apesteguia Iranzuko Lurrak erakundeko arduradunak saioaren zabalkundean egin duen lan bikaina.
Hasieran hiru bertsolari, aurten lau
Hiru bertsolariko jaialdia izan zen lehenengoa: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Julio Soto bera, Maite Berriozabalek gaiak jarrita. Jaialdiaren arrakasta bermatze aldera, izugarrizko zabalkundea egin zuten eskualdean, inguruan eta Nafarroa guztian, bai kartel aldetik, bai administrazio mailan, bai komunikabideetan, baina aldez aurretik ezin jakin erantzuna zein izango zen...
«Ez genekian 150 lagun edo 50 etorriko ziren»
Bertsoa lur berrira zetorrenez, inkognita zen jaialdiak izango zuen erantzuna: «ez genekian 150 lagun edo 50 etorriko ziren» dio Juliok. Jaialdiaren egutegi eta ordutegiak ongi aztertu zituzten: iraila hasieran, inguruko kanpinetako jendeari ere aukera emateko eta igande eguerdian, zonaldean ongi funtzionatzen duen ordutegia delako. Eta baita asmatu ere. Ez 50 eta ez 150. Frontoia bete jende agertu zen lehenbiziko jaialdira, 400-450 entzule, iraila hasierako igande eguerdi hartan.
Plaza ederrak, ordea, saio on bat ere eskatzen du publikoarekin konektatu eta bidea egiten jarraitzeko. Eta halaxe atera zen. Bigarren urtean ere, iaz, errepikatu egin zen erantzun beroa Alkaiza, Lujanbio eta Soto bertsotan zirela eta Agirre gai-jartzen. Aurten, hirutik lau bertsolariko jaialdira eman dute pausoa. Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Julio Soto eta Maialen Lujanbio izan dira bertsotan, Amaia Agirrek gaiak jarrita. 400 aulki jarri zituzten eta batzuk zutik entzun behar izan zuten saioa. Inguruko eta urrutiko bertsozaleen egarria piztu du saioak: Nafarroako beste ibarretako jendea eta beste herrialdeetakoak ere bildu ziren Muetzen. «Horietako dezente ziurrenik euskaraz ez zekitenak, baina giro haren parte izan ziren», Sotoren hitzetan. Eta jendearen aurpegiak eta txalometroak garbi uzten du saioak utzi dien gozoa.
Gesalatzen Udal Talde berria sartu da maiatzean eta korporazio berriak jaialdiarekin jarraitzeko konpromezua hartu du: 2024ko iraileko lehen igandean izango da, eguerdian. Sotoren ustez zaila da jakitea jaialdiak neurri horretan eutsiko dion, edo berriarena igarota beste kopuru batzuetan finkatuko den. Eusteko lanean jarraituko dute eta kopuru horretatik behera ere jaialdi eder asko egiten da Euskal Herrian barrena, gehienak.
Julio Soto: «Opari bat izan da eta, pertsonalki, zirkulu bat ixtea»
Julio Sotoren bizitzak Gesalatzen ere baditu erroak. Udalerri horretako parte da Irurre kontzejua. Bertako semea du aita, eta aitaren aldeko familia osoa. Umetatik egonaldi luzeak egina da bertan. Orduan euskarak ez zuen gaurko presentziarik eta bertso munduan nabarmendu zenean «ni Gorritin nintzen bertsolari, ez Irurren» dio. «El hijo de Pedro» zen Irurren, «el nieto de Maria que canta bertsos».
Lur horretan loratu da Muetzen hiru urtez jarraian 450 lagun bildu dituen bertso jaialdia, herriko, eskualdeko eta beste inguru askotako jendea erakarrita. Bertsolaritza ikuspegitik duen garrantziaz gain, Julio Soto berarentzat ere pertsonalki oso berezia izan da: «opari bat» esan du Sotok; pertsonalki «zirkulua ixtea: nire bizitzako hiru toki garrantzitsuenak, Iruñea, Gorriti eta azkenean Irurre bertsoak josi dituelako».
Gari soroei begira bertsotan
Saioetako paisaia bisuala ere jaialdiko parte da eta bertsolarien sormenean badu bere eragina. Gesalatzen frontoiko ezker-pareteko oholtzatik, frontoia bete jenderen atzean, gari-soro zabalei begira kantatzen du bertsolariak, eta detaile hori ez du aipatu gabe utzi nahi izan Mariaren iloba bertsolariak: «Muetzen gari-soroei begira kantatzen duzu e, ederra da hori!»
Bertsoaren eta kulturaren balioa
Julio Soto Gesalazko jaialdiaren adibidea baliatu du bertsoaren eta kulturaren erakarpen ahalmenaren azpimarratzeko: «Han jende asko zegoen euskaraz ez zekiena eta hantxe egon ziren bertsoak entzun eta txalotzen. Bertsoa medio, jende haren euskararen aldeko jarrera indartu egin zen egun hartan».
Sotoren iritziz, inguru horretan euskararen egoeran asko aldatu da eta aldeko jarrera eta ahalegina somatzen ditu gehienen partetik.
Datorren iraileko lehen iganderako bertso-plan polit bat nahi duenak, Gesalatzen du aukera.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24