Iñigo Olaetxea, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñigo Manzisidor "Mantxi", Ibon Ajuria, Xabier Sukia eta Etxahun Lekuek kantatuko dute.
Gaur jokatuko da Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa, Leitzan. Udal Kiroldegian izango da saioa, arratsaldeko 17:30etan. Honako bertsolari hauek kantatuko dute:
Iñigo Olaetxea
Ainhoa Agirreazaldegi
Iñigo Manzisidor "Mantxi"
Ibon Ajuria
Xabier Sukia
Etxahun Lekue
Hiru gipuzkoar (Agirreazaldegi, Mantxi eta Sukia), bi bizkaitar (Ajuria eta Lekue) eta nafar bat (Olaetxea) igoko dira oholtza gainera. Guztiak 30 urte inguruko bertsolariak dira, txapelketetan zaildutakoak. Xabier Sukia eta Ibon Ajuria dira txapelketan lehenengoz parte hartuko duen bakarrak, gainerakoek bigarren partehartzea dute. Etxahun Lekue eta Iñigo Olaetxea beren herrialdeko finalista izan dira aurten, gainera.
Gai-jartzaile lanetan Fernando Anbustegi arituko da. Lehendabiziko Txapelketa Nagusia izango da beretzat.
Leitzako kiroldegian 900 lagunentzako lekua prestatu dute antolatzaileek.
Bihar Bilbon
Bihar Bilbon izango da final-laurdena, Arriaga Antzokian. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da saioa hemen ere, eta honako bertsolari hauek kantatuko dute:
Asier Otamendi
Amaia Agirre
Julio Soto
Maddalen Arzallus
Iñaki Zelaia
Jexux Mari Irazu
Beraz, hiru gipuzkoar (Agirre, Zelaia eta Irazu), arabar bat (Otamendi), nafar bat (Soto) eta lapurtar bat (Arzallus) igoko dira oholtza gainera. Adinean bada alderik: 30 urte paseak dira Otamendi, Agirre, Irazu eta Zelaia. Sotok eta Arzallusek, berriz, 25 urtetik behera dituzte: 21 Juliok eta 18 Maddalenek (txapelketako gazteena da). Esperientzia handiena Jexux Mari Irazuk du Txapelketa Nagusian, laugarren partehartzea izango baitu aurtengoa. 1997an eta 2001ean finalista izan zen gainera. Dena den, ez da esperientziadun bakarra. Amaia Agirre finalaurrekoetara iritsi zen 2005ean, Asier Otamendik laugarren partehartzea du aurtengoa eta Iñaki Zelaia lehenago ere aritua da Txapelketa Nagusian. Julio Soto eta Maddalen Arzallusentzat lehenengo partehartzea izango da.
Saioa Maite Berriozabalek gidatuko du. Berak ere lehenengo partehartzea du hau Txapelketa Nagusian.
Arriagan 1 100 lagunentzat izango da lekua, eta 340 sarrera inguru salduta daude jada.