Uda honetan presentzia berezia izan du 2023-10-11

Bakarka zortziko txikian txalorik gabe, plazan bidea egiten

Bakarka zortziko txikian txalorik gabe, plazan bidea egiten
Bakarkakoa zortziko txikian eta txalorik gabe pieza bakarrean egiten ari dira zenbait bertsolari eta harrera ona izan du plazan. Gaian sakontzeko, Bertsoa.eus-ek bakarkako molde hori baliatu duten hiru bertsolari elkarrizketatu ditu: Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi.

Plazan bakarkako lanak formatu, izaera eta kolore asko ditu. Horietako bat da 2020an sortu eta indarra hartzen ari den zortziko txikiko arnas bakarreko moldea: zortziko txikian, bertsotik bertsora txalorik gabe, zortzi-hamar bertsoko pieza bakarrean egiten den bakarkakoa. Dagoeneko, bost-sei bertsolarik behintzat baliatu dute formatu hau plazetan, ahalegin eta lanketa kontziente gisa.

Ohar gisa esanda, jakina, bakarkako lana zortziko txikian egitea aspaldikoa da, bai plazan, bai txapelketan. Gaur egunean ere entzuten da, oso tarteka, zortziko txikiko bakarkakorik. Zortziko txikian gai sakonak mamiz landu daitezkeela ere ez da aldarri berria bertsolaritzan.

Behar bada, molde honen berritasun nagusiak dira intentzioa bera eta exekuzioa: bakarkako lana zortziko txikian kontakizun moduan planteatzea eta 8-10 bertsoko arnas bakarreko pieza gisa osatzea. Baita eman nahi zaion zentralitatea ere, plaza nagusietara ekarriaz.

Formatu honen atzean dagoen motibazioaz, aukerez, ekarpenaz eta publikoan izandako harreraz galdetu diogu plazan baliatu duten hiru bertsolariri: Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Uxue Alberdiri. Aurretik, historia pixka bat, ariketaren jatorrira.


Sustrai Colina irail honetan Donostiako jaialdian, bakarka zortziko txikian kantatzen.

Iruñean, Zaldiko Maldikon, 2020ko urtarrilean
Iruñean 2020ko urtarrilean du sorburua ariketa honek, Iruñeko bertso-eskolak Zaldiko Maldikon hilero antolatu zituen saioetan. Irati Majuelo, Josu Sanjurjo, Sarai Robles eta Saioa Alkaiza zebiltzan taldean eta eurek jarri zituzten martxan Zaldiko Maldikoko saioak.


Odei Barrosok esperimentatu zuen lehenengoz ariketa hau, 2020an Iruñean.

Bolada hartan, Josu Sanjurjo raparen moldeak erakarrita zebilen eta, Zaldikoko saioetako batean, bakarkakoa zortziko txikian egitea proposatu zion Odei Barrosori, berau ere rap molde jarraituan inprobisatzen trebatua izaki. Urruñarrarekin batean, Saioa Alkaiza, Oihana Arana eta Miren Artetxe aritu ziren kantuan. Barrosok berak Bertsoa.eus-i konfirmatu dionez, han egin zuen lehenengoz bakarkakoa molde honetan eta geroztik beste saioren batean ere baliatu izan du. Pandemia garaiaren aurreko esperimentazioa 2022 eta 2023an loratu da plazan.

Efektua, arreta eta gaiaren aurreko kokapena
Zortziko txiki jarraituaren bi klabe nagusi azpimarratu dituzte bertsolariek: sortzen duen efektua entzulearengan eta gaiaren aurrean kokatzeko modua: formatu honetan kantatzeak norbere burua desberdin kokatzen laguntzen du gaiaren aurrean.

Arreta eta efektua
Entzulearen arreta erakartzeko edo indartzeko aukeratzat jotzen dute Colinak eta Alkaizak ariketa berri hau. Ohiko bertso-txalo dinamikan entzulearen arreta bereganatzen du txalo gabeko bakarkako bertsoaldi batek. Badu efektu puntu hori eta bertsozaleak ikusten du jasotzen ari dena dela inprobisazioaren logika muturrera eramana. Colinak azpimarratu du bai bertsolariak eta bai entzuleak nolabait asumitzen eta partekatzen dutela ahalegin horren arriskua. Eta partekatzen horretatik abiatzen dela bidea.


Josu Sanjurjo Barañaingo jaialdian, bakarkakoa zortziko txikian kantatzen.


«Beste leku batetik kantatzen diozu»
Ez da, ordea, efektu eta arreta kontua bakarrik. Formatuak berak gai baten aurrean modu desberdin batean kokatzera darama bertsolaria (edo laguntzen du behintzat horretan). Burura datozen ideiak ez dira beste bakarkako molde batean etor daitezkeenak.

Eta diskurtso antolaketa ere ez da berdina hiru bertsotan formulatu behar denean edo arnas bakarreko kontakizuna sortzerakoan. Soiltze eta sinpletze ariketa bat ere bada, Colinaren esanetan.

Norbere buruari erronkak
Ariketa hau norbere buruari erronka jarri eta norbere burua berritzeko modua ere bada. Hala aitortu digu Uxue Alberdik. Bere burua lanketara bultzatzen duten erronkak jarri ohi ditu elgoibartarrak eta hala planteatu zuen bakarkako hau ere. Alberdik intentzionalitateari ematen dio garrantzia berezia, bakarkakoa molde horretan egingo duela mentalizatuta joateari, alegia: «Intentzio horrekin joanda ez zait tokatu gaia entzun eta esatea Ez, gai hau ez da zortziko txikian egitekoa. Eta ausartu izanak ere poz handia uzten du barruan».


Uxue Alberdi Bilbon, bakarka zortziko txikian, Santutxuko jaialdian.

Bidea irudikatu, 3-4 ideia pentsatu eta putzura
Gaia entzun eta kantari hasi aurreko sorkuntza-mekanikaz galdetuta, Colinak, Alkaizak eta Alberdik antzerako estrategiak aipatu dituzte: gaia entzunda, bidea eta bidearen bukaera irudikatu, tarteko zenbait pauso (bertso bukaera) pentsatu eta hasi, jakinda zenbait bertso zerotik hasita bota beharko dituztela, aukerarik onenean. Egunak edo egoerak laguntzen ez badu, gehiago. Bertso batzuk gaiaren ardatz gisa planteatzen dituzte eta beste batzuk trantsizio gisa, kontakizuna josteko.

Doinu 'narratiboetan'
Bakarka zortziko txikian txalo gabeko sekuentzian egiteko doinuan ere erreparatzen dute bertsolariek. Ofiziotan maiz gertatzen denaren kontra, kolperik gabeko doinuak hautatzen dituzte, kontakizunaren jarraipena errazten dutenak. Hauexek, baliatu izan dituzten batzuk: Errota zahar maitea, Lo hadi ainguria, Ezagutu zuenak (puntukakoa), Emezurtz jaio nintzen... Kontakizuna helburu izateak plazako doinutegia ere aberasten du. Kolpea aitortzen zaien zortziko txikiko doinuetatik harago, beste doinu eder asko plazaren erdira ekarriaz.

Jaialdi zein lagunarteko saioetan
Zaldiko Maldiko Elkartean egin zuten formatu honen esperimentazioa. Gune bildu eta arreta handikoan. Plaza ireki zein festetako jaialdietarako bidea ere egin du ariketa berriak: Barañain, Doneztebe, Gernika-Lumo, Plentzia, Donostia... 300-400 laguneko jaialdi handietan ere erabili dute bertsolariek.

Entzuleen harrera ona
Bertsoaldien ondorengo txalotzak eta bertsozaleen aurpegiek erakusten dute formatu honek, oro har, plazan izan duen harrera ona. Bertsolariek ere konpartitzen dute sentipen hori eta lan horren balioa bertsozalearengana iristen delakoan daude. Neurri batean, ikusten dute berritasunak berak bere eragina izango duela harrera bero horretan eta, beharbada, sorpresa-efektua gainditzean orduan baloratuko dela ariketa bera egokiago.

Bihartik, Bertsoa.eus-ek Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Uxue Alberdiri gai honen inguruan egindako elkarrizketa bana zabalduko du.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra