Bertsolaritza irakaskuntzan 2023-11-08

Bertsolaritzak 30.000 umeko harrobia irakaskuntzan

Bertsolaritzak 30.000 umeko harrobia irakaskuntzan
513 ikastetxetan emango da bertsolaritza, Bertsozale Elkarteko 55 irakasleren eskutik. 40 urtetik gorako bidea egingo bertsolaritzak hezkuntza arautuan. Aurten gainditu da 30.000 ikasleko langa.

Duela 40 urte pasa eman zuen bertsolaritzak irakaskuntzarako pausoa. Bereziki sortu berri ziren bertso-eskoletako gurasoek bultzatuta eta Ikastolen Elkartearen eskutik, 1980 buelta hartan. Transmisio bide horrek bide luzea egin du geroztik. 80. hamarkadan Bertsozale Elkartea ere transmisio lan horretan murgildu zen bete-betean eta gaur egunean hezkuntza arautuko proiektuak inoizko dimentsiorik zabalena hartu du Euskal Herri osoan.

Lehenengoz, 30.000 ikasletik gora
Bertsozale Elkartearen eskutik, guztira, 30.192 ikasle ariko dira bertsotan ikasturte honetan, 513 eskolatan. Lehenengoz gainditu da 30.000 umeko langa. Orotara, 1.574 talde osatu dira eta Bertsozale Elkarteko 55 irakasle ariko dira bertsolaritza irakasten kurtsoan zehar. Ikasle kopuruaz harago, bada beste datu bat ere: 30.000 mila ume horien bidez ia beste horrenbeste familetara iritsiko dela bertsolaritza, Euskal Herri zabalean barrena.



Hitzekin jolasteko jarduera are jolastiagoa egiteko, ikasmateriala gogotik prestatzen du Bertsozale Elkarteko irakasle taldeak: ikas-liburuaz gainera, bertsoikasgela.eus webguneko baliabide digitalak eta bat-batean jarduteko karta jolasak ere eskura dituzte ikasle taldeek. Bertsolaritzaren didaktikan sakontzen dihardu irakasle taldeak, eta ikasturte honetan ere HUHEZIren eskutik formazio saioak jasoko dituzte hainbat irakaslek.


Bertso-eskoletan ere ikasturtea hasita
Ikastetxetik kanpo bertsotan jarraitu nahi duenak ere badu aukera. Euskal Herriko 118 herritan daude bertso-eskolak, baita Amerikako Estatu Batuetan ere onlineko eskola bat. Denetariko eskolak daude, helduenak eta gazteenak kasu, eta bertsotan egiteaz harago, bertsolaritzari loturiko hamaika jarduera gauzatzen dituzte. 1.507 partaide elkartzen dira bertso-eskoletan; horietako 1.055 kide 18 urtetik beherako gazteak dira, eta 89 irakasle arduratzen dira talde hauen asteroko martxaz. Bertsoeskola.eus webgunean dituzte haiei zuzendutako baliabide didaktikoak; baita 2022-2023 ikasturteari lotutako bertso-eskoletako datuak.

Bertso-eskolek mende erdiko bidea
Bertso-eskolen mugimenduak mende erdiko bidea beteko du 2024an bertsolaritzaren transmisioaren ardatz gisara, urte hartan sortu baitzuten Almen bertso eskola, bertsolaritza irakaskuntzan ere sartzea ekarriko zuena. Aurretik, aitzindari, Garriko bertso eskolaren esperientzia dugu, Muxikan, 1959-1960 garaikoa. Bertsolaritzaren mugimendu osoan bertso-eskola transmisioaren ardatzean kokatzea, ordea, geroago etorri zen, 1974tik aurrera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri