Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik 2023-11-27

Bertsopentsiotan: abian da Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa

Bertsopentsiotan: abian da  Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
60 urtetik gorakoentzat da. Gaia: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Sari banaketa, ekitaldi publiko batean egingo da. «Ariketa xume hau pentsiodunen mugimenduak euskal kulturari egin nahi dion ekarpena da» adierazi dute bultzatzaileek.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 60 urtetik gorako pertsonentzat bertsopaper lehiaketa jarri du abian, bukaerako ekitaldi sozial eta guzti izango duena: Bertsopentsiotan, Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa. Gaia: «Ari garela, ari garela, astelehenero kalean». Lanak bidaltzeko epea zabalik dago eta urtarrilak 15 artekoa izango da. Hiru eta sei bertso artean egin beharko dira. Ez da diru saririk izango, sari banaketa ekitaldi publikoa baizik.

«Pentsiodun anitz gara astelehenero gure herrietako udaletxe aurreko plazetan biltzen garenok baino azkoz gehiago, mugimenduaren helburuekin ados egonik, berau bultzatzeko grina sentitzen dutenak. Horietako asko euskara, kultura eta bertso munduarekin lotura dutenak izaki, propio beraiena izan daitekeen ekimena plazaratzera goaz» adierazi dute.

«Astelehenero plazetan biltzen garenon belaunaldiak ez du izan erraztasunik euskaradunak izateko. Batzuoi, gurasoen patrimonioa debekatu eta eskoletan gaztelera edo frantsesa inposatu ziguten; beste askori, berriz, berreskuratzeko inolako baliabiderik ez diote eskaini. Ariketa xume hau pentsiodunen mugimenduak euskal kulturari egin nahi dion ekarpena da».
Azpiarratu dute «pentsioen gaia gizarte osoari» dagokion gaia dela eta «etorkizunari begira gizarte eredua definitzen duen gako nagusienetakoa» dela. «Gizarte berdinzale baten ardatza. Eta beraz, kultur ekimen berri hau ere pentsioen gaian sakontzeko baliatu nahi dugu; bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisara. Euskararen herri honetako zein diasporako pentsiodun eta 60 urte bete dituzten guztiei zabaltzen diegun gonbidapena da».

Lehiaketaren oinarriak
1. Parte-hartzaileak: Euskal Herriko eta diasporako pentsiodun edo 60 urtetik gorako edozein euskaldunak parte hartu ahal izango du bertso jarrien lehiaketa honetan.
2. Gaia: Ari garela, ari garela, astelehenero kalean. Alegia, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero aldarrikatzen dituenak izango dira bertso jarrien gaia, bere luze-zabalean.
3. Lana: Gutxienez 3 eta gehienez 6 bertsoko sortak entregatu beharko dira, neurri librean eta, ahal dela, erabilitako doinua zehaztuta. Bertso-sortak izango dira, hau da,
lotura argia daukaten bertsoz osatutako lanak.
4. Bidalketa moduak:
a. Posta arruntaz bidaltzeko, jatorrizko bertso-sorta izenburu batekin eta ezizenez sinatuta gutunazal handi baten sartuko da, egilearen datuak (izen-abizenak, herria eta kontakturako e-mail eta telefono zenbakia) jasoko dituen gutunazal txikiago batekin batera. Gutunazal txikiaren kanpoaldean sortaren izenburua edo egilearen ezizena idatzi. Helbidea: 20 posta-kutxa, Iurreta 48215 (Bizkaia).
b. Posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere izango da. Horretarako, bi korreo bidali beharko dira: batean bertso-sorta izenburuarekin eta ezizenez sinatuta jasoko dituen dokumentua (PDF formatuan, ahal
dela); eta bestean, sortaren izenburuari edo ezizenari dagozkion datuak, hau da, izen-abizenak, herria eta kontakturako telefono zenbakia. Posta helbidea: bertsopentsiotan@gmail.com.
5. Epea: Bertsoak bidaltzeko azken eguna 2024ko urtarrilaren 15a, astelehena, izango da.
6. Sari-banaketa: Lehiaketaren sari- banaketa aurrerago jakinaraziko den ekitaldi publiko eta zabalaren bidez egingo da. Ez da diru-saririk izango. Parte-hartzaile guztiak gonbidatuta egongo dira eta sarituek euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute.

Oharra: lanen jabetza Pentsiodunen Mugimenduarena izango da, baina lehiaketa honi dagozkion komunikazio-ekimenetatik at.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa