Bizkaiko bertsolari Txapelketa 2023-12-12
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur eguerdian aurkeztu du Bizkaiko finala, Miribillan, zortzi bertsolariak eta txapel emailea bertan zirela, Belate Olabarria lehenkaria gidari. 4.600 inguruko aforoa prestatu dute finalerako eta betekada handia aurreikusten du antolakuntzak. Ekitaldi gisa, 15 urtean koska handia egin du gora Bizkaiko finalak. Atzean gelditu dira Euskalduna Jauregian 2.000 lagun bueltan biltzen ziren garaiak eta zer esanik ez Arriagan 1.200 lagun bueltan biltzen zirenekoak, 90. hamarkadan.
Berritasuna eta eskarmentua
Esperientzia eta berritasuna uztartuko ditu finalak, lehenengoz bost emakumezko bertsolari oholtzan izango dituen edizio honetan. Hona hemen banan-bana:
Onintza Enbeita Maguregi da eskarmentu luzeenekoa: bere 12. Bizkaiko txapelketa du eta bederatzigarren finala. Muxikarra 2018an txapeldun izan zen. Puntuazioaren goiko langan sartu da finalera, Lemoako finalaurrekoan bigarren eginda.
Gorka Pagonabarraga Agorria da zortzikoteko gazteena eta durangarrak bere bigarren finala du jarraian, 23 urterekin. Berrizko finalaurrekoan bigarren eginda sailkatu da.
Aissa Intxausti Aburruza bertsolari lekeitiarra da aurtengo finalista berria, 27 urterekin. Udaberriko fasean hasi zuen bere laugarren txapelketa. Igorreko kanporaketan sailkatu eta Lemoako finalaurrekoan kantatuta sailkatu da.
Jone Uria Albizurik zazpigarren finala du eta algortarra buruz burukoan sartu zen 2021ean, txapeletik puntu gutxira. Santurtziko finalaurrekoa irabazita sailkatu da.
Bosgarren finala du Xabat Galletebeitia Abaroak eta lekeitiarrak badaki zer den buruz burukoan kantatzea. Berrizko finalaurrekoa irabazita sailkatu da.
Nerea Ibarzabal Salegi da egungo Bizkaiko txapelduna eta markina-xemeindarrak bere laugarren finala du. 13 urteotan lehenengoz, Txapelketa Nagusiko finalista bat ariko da Bizkaiko finaleko oholtzan bertsotan. Igor Elortza izan zen aurrekoa. Lemoako finalaurrekoa irabazita sailkatu da, puntuaziorik altuenarekin.
Oihana Bartra Arenasek bigarren finala du. Urte askotan ate-atean gelditu izan da aurten berriro final handian kantatuko du bilbotarrak. Igorreko kanporaketa irabazi eta Lemoako finalaurrekoan egindako lanari esker sailkatu da.
Aitor Etxebarriazarraga Gadiola gernikarrak bigarren finala du jarraian. 2021ean sartu zen lehenengoz. Berrizko finalaurrekoan batutako puntuek ekarri dute finalera.
Irabazleari Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela.
Protagonistek adierazpenak bihar
Finaleko asmoak azaldu dituzte bertsolariek. Begoña Iturrizak duela 40 urteko bertso giroa eta gaur egunera egindako bidearen zenbait zertzelada utzi ditu. Belate Olabarriak finalaren eta Bizkaiko bertsolaritzaren balorazioa egin du. Bertsoa.eus-k denak jaso ditu eta bihar zabalduko ditu euren adierazpenak.
Bertsolariek egin beharreko lanak: 23 bertso puntuagarri txapelerako bidean
Hiruna bertso ofiziotan, zortziko nagusian.
Hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian.
Bakarkako lana: puntua emanda bertso bi zortziko txikian.
Hiruna bertso ofiziotan, hamarreko txikian.
Bakarkako lana: gaia emanda hiru bertso, doinu eta neurri librean.
Buruz burukoan:
Hiruna bertso ofiziotan, zortziko txikian.
Hiruna bertso ofiziotan, sei puntuko motzean.
Ganbarako lana: gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.
Sarreren salmenta
Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira eskuragai. Zapatuan sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko dugu arratsaldeko 15:00etan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24