Laugarren finala izango da aurtengoa Jon Maiarentzat. Inoiz baino prestatuago iritsi dela dio, eta esperantza dauka final handi bat egiteko. Lehenengo finaletik hona asko aldatu dela dio eta orain gehiago gozatzen duela. Aurtengo finalean ere gozatzea eta ingurukoei ez sufriaraztea du helburu. 1997ko finalera bere barruko mugak apurtuz iritsi zela uste du. Finalera doan jendetza ikusita zerbait uztea gustatuko litzaioke. Ez du baztertzen doinu berri bat ateratzerik.
1997tik aurrerako final guztietan aritu da Jon Maia. Urretxun jaio arren Zumaian bizi da gaur egun. Sailkapenean laugarren postua lortuta sartu da finalean. 1997koarekin alderatuz gero diferentzia handia nabaritzen omen du: "Ni desberdina naiz, sentsazioak desberdinak dira... 1997an ordezko bezala hasi nintzen eta ikaragarrizko ahalegina egin nuen; nire barruko mugak puskatuz iritsi nintzen finalera. Amets handi bat bete nuen. Ordutik ehundaka plaza daude bitartean, lan ordu batzuk ere bai, eta orain dezente gehiago gozatzen dut bertsotan eta zein naizen ni ere hobeto dakit. Alde handia nabaritzen dut nigan."
Egindako elkarrizketetan behin eta berriro aipatu du entrenamenduaren kontua. Txapelketa batzuetara gehiegi prestatuta iritsi omen da, eta beste batzuetara, berriz, lan gutxiegi eginda. Aurtengoan puntu-puntuan omen dago: "Nik nabaritzen dudana da nahiko oinarri sendoak jarriak dauzkadala. Bigarren saioan, Belodromoan, ez nuen hainbeste gozatu; uste dut nekatuta iritsi nintzela, gehiegi entrenatuta deskantsatu beharrean. Baina uste dut aurten aukera polita daukadala koska bat igotzeko; beste bertso maila bat erakusteko. Hori lortzen badut ondo ibiliko naiz. Ni ondo sentitzen naiz, nahiko ameslaria naiz eta ilusioa beti daukat nire bizitzako saioa egingo dudala Txapelketako egunen batean. Aurten zorteari tarte handi bat kendu diot eta gehiago eman diot lanari, eta badaukat ilusioa final polit bat egitekoa."
Finalari begira, honako hau da bere helburua: "Nahiko nuke jendeak gozatzea nire bertsoekin, ez nuke nahiko sufritzea. Aurten, datorren jendetza ikusita, ez nuke nahiko egun hori markarik utzi gabe pasatzen uztea. Ez dakizu inoiz bueltatuko zaren; sentsazio hori beti dago finalaren aurrean, eta nahiko nuke ahalik eta saiorik ederrena egin eta jendeari merezi duen guztia eman. Eta nire buruari ere poz bat eman."
Azkenik, ez du baztertzen doinu berriren bat ateratzea. Aspalditik omen dabil zerbaitekin bueltaka, baina ez omen du oraindik guztiz konbentzitu, eta azken unera arte zalantza horrekin egongo omen da.