Andoni Egaña 2009-12-11

"Zuzenean finalean egotearen pribilejioa ez dezaket xahutu prestatu gabe"

Zazpigarren finala izango du aurtengoa. 1993tik aurrerako guztiak irabazi ditu. Aurtengoa ez dela ezberdina dio, iazkoa izan zela. Motibatuta dago, jende askori zor baitio hori: bere buruari, ingurukoei, oholtzakideei, entzuleei, kanpoan geratu diren bertsolariei... Hau izan daiteke bere azkeneko txapelketa, eta, agian, eguna aurrera doan heinean hunkitu egingo omen da. Hiztegia berritzen ahalegindu da, baina ez du doinu berririk aterako.
 1986tik aurrerako final guztietan aritu da Andoni Egaña zarauztarra. 48 urte ditu egun, eta azkeneko lau txapelak berak lortu ditu. Aurtengo finala ez omen da jokatu dituen guztiengandik ezberdina: "Orain dela lau urtekoa akaso bai: lehenego aldiz Bizkaiara etorri ginen finala jokatzera, Barakaldora, zonalde ez-euskaldun batera... Bazeukan halako plus ideologiko bat. Aurten bigarrena da eta hori gutxitu egin da. Baina final guztiak izaten dira halako espektatibak sortzen dituztenak eta gero jokatu eta sentsazio polita eta hunkigarria uzten dutenak."

 Txapelketa hasi aurreko aurkezpenean esan zuen motibazioa topatu beharko zuela. Orain aurkitu omen du: "Batetik, nire buruari zor diot saio ona egitea, entzuleei ere bai, oholtzakideei zer esanik ez, eta zortzigarren, hamargarren, hamaikagarren gelditu direnei ere zor diet. Zuzenean finalean egotearen pribilejioa ez dezaket xahutu prestatu gabe."

 Bera bere belaunalditik txapelketan jarraitzen duen bertsolari bakarra, eta txapela galdutakoan berak ere txapelketa utziko omen luke. Beraz, aurtengoa bere azkeneko txapelketa izan daiteke. "Momentu honetan normal bizi dut hori. Oholtzan, eta arratsaldea aurrera doan neurrian, emozionatuko naizela pentsatzen dut. Urte asko dira finaletan. Ni bertsolari izateaz gain bertsozale ere banaiz, eta azkeneko finala 1982koa entzun ahal izan nuen, ordutik beti oholtzan egon naiz. Ondo bidean hurrengoa 2013an entzungo dut, eta 1982tik 2013ra tarte dezentea dago. Txapeldunaren izena entzuterakoan uste dut emozionatu egingo naizela. Nigatik baino gehiago txapeldun berriarengatik eta plazatan eman den errelebo bat piramidearen erpinean, txapelketan, ere emango litzatekeelako."

 Finalera begira, lanean aritu da: "Saiatu naiz hiztegia berritzen... Derrigorrean egin beharra dago: gaur egun piercing-a oso hitz normala da eta 86an ez dakit existitzen zen ere. 93an, ni txapeldun izan nintzenean, internetik ez zen gure jiran. Berritu behar da, baina gizarteak hala eskatuta."

 Dena den, ez dauka doinu berririk plazaratzeko asmorik: "Akaso lehen entzundakoren batzuk luzatuta erabil ditzaket, baina ez nau gehiegi konbentzitzen egiten ari naizenak."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri