Amets Arzallusek irabazi du Bertsulari Xapelketako lehen finalaurrea, Eneritz Zabaletaren aurretik. Hendaiarra finalean izango da, Zabaleta baionarrarekin batean. Bertsoa.com-ek gutxi barru eskainiko ditu Luhusoko bertsoak.
Asteburuan iritsi zen Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako txapelketa finalaurrekoetara, Luhuson. 300 bat lagun elkartu ziren antzokian eta giro beroa somatzen zen saioa hasi aurretik ere.
Lehenengo fasetik iritsi ziren Odei Barroso, Ekhi Erremundegi, Gillen Hiribarren, Eneritz Zabaleta eta Xumai Muruari Amets Arzallus gehitu zitzaien, egungo Ipar Euskal Herriko txapelduna. Eta Ametsek hasiera-hasieratik garbi utzi zuen aurten ere gogotsu iritsi dela txapelketara.
Saioa, bere osotasunean, maila altukoa izan zen. 8ko handian Eneritz Zabaleta eta Xumai Murua hasi ziren kantuan, eta oso ofizio polita osatu zuten lurpean dauden meatzarien paperetik. Elkarri erantzunez, elkarrizketa dotorea osatu zuten. Dena den, Amets Arzallus eta Gillen Hiribarrenen bertsoaldia izango zen, beharbada, maila altuenekoa. Emazteak langabezian geratu zaizkiela eta, hitz egiten hasi ziren Amets eta Gillen. Gillenek gogor ekin zion Ametsi hasieratik, bi pertsonaren soldata irabazten zuela-eta adarra joz. Baina Ametsek maila handiko erantzuna eman zion, bi pertsonaren soldata eduki arren etxean lau aho zeuzkala esanez. Ametsen azkeneko pertsoa ere bikaina izan zen.
8ko txikian ofizio guztiak atera ziren onak, baina ordurako igartzen zen Amets aurretik zebilela. Puntu-erantzunetan Ekhi Erremundegi izan zen gehien asmatu zuena eta Pantxika Solorzanori adarra joz bi bertso dotore osatu zituen. Ariketa honetan ez zen irristada nabarmenik izan.
Sei puntuko motzean behera egin zuen saioak apur bat, beharbada, baina kartzelako lanean berriz ere igo egin zen maila. Honako hau zen gaia: "zure etxean zein da gauzarik baliosena?". Ariketa honetan Eneritz Zabaleta, Odei Barroso eta Amets Arzallus izango ziren, agian, gehien nabarmendu zirenak. Eneritz Zabaletak aitari kantatu zion, kartzelan dagoen arren bera dela bere etxeko gauzarik baliotsuena esanez. Odei Barrosok harreran hartu dituzten bi haurrei kantatu zien, sinesgarritasun handiz, eta saio hunkigarria osatu zuen. Azkenean finaletik gertu izango dela dirudi. Ametsek Xalbadorren "Odolaren Mintzoa" estimatzen duela gehien kantatu zuen, eta 10eko handian publikoarengana iristea lortu zuen. Berea izango zen, beharbada, kartzelako bertsoaldirik osoena.
Azkenean honela gelditu zen sailkapena:
Amets Arzallus 377 puntu
Eneritz Zabaleta 345,5 puntu
Odei Barroso 337 puntu
Ekhi Erremundegi 316,5 puntu
Xumai Murua 305,5 puntu
Gillen Hiribarren 296 puntu
Ondorioz, Amets Arzallus eta Eneritz Zabaleta zuzenean sailkatu dira finalera. Gainerakoek puntuazioen zain egon beharko dute. Larunbat honetan jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Gabadiko Herriko Gelan, arratsaldeko 17etatik aurrera. Honako bertsolari hauek ariko dira bertan kantuan:
Sustrai Colina
Miren Artetxe
Patxi Iriart
Ximun Cazaubon
Mixel Aire "Xalbador"
Joanes Etxeberria
Finala azaroaren 13an izango da, Donibane Lohizunen. 8 bertsolarik kantatuko dute bertan.
Luhusoko saioaren kronika dakarte
Berriak eta
Garak.